Pozarren dago EAJ hauteskundeetan lortutako emaitzekin: 27 eserleku eskuratu ditu, eta Iñigo Urkullu izango da hurrengo lehendakaria, gobernatzeko erosotasun nahikoa baduelako. Baina igande gaueko bozek beste datu bat ere utzi dute agerian: herritarrek alderdi abertzaleen aldeko apustu garbia egin dutela, Legebiltzarreko eserlekuen ia bi heren izango dituztelako. Eta horrek ere badu bere garrantzia, EAJren ustetan. EAJko zuzendaritzak atzo arratsaldean aztertu zituen hauteskundeetako emaitzak, baina goizean, Radio Euskadin, Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko zerrendaburu eta Bizkai Buru Batzarreko presidenteak alderdi abertzaleek izandako nagusitasuna azpimarratu zuen. Ortuzarren arabera, igandeko emaitzek islatu dute «Euskadik nazio eraikuntzan» aurrera egin nahi duela eta herritarrek politika abertzaleekin lotzen dituztela gizarte garapena eta krisialditik irtetea.
Ortuzarrek ez du zalantzarik PPk eta PSE-EEk hauteskunde kanpainan burujabetzaren aurkako mezuarekin emandako «matrakak» indartu egin duela boto abertzalea. EAJkoak uste du herritarrek «kontzienteki» eman dietela botoa alderdi abertzaleei, eta bi alderdiok zabaldutako «beldurraren mezuek» areagotu egin dutela subiranotasunaren aldeko apustua.
Edozein modutan, igandeko emaitzek erakusten dute «akordio zabalak» beharrezkoak izango direla hurrengo legealdian, Ortuzarren irudiko. Hauteskunde gauean Iñigo Urkulluk berak esandakoa berretsi du BBBko buruak ere. Hala, bakea finkatzeko, krisialditik ateratzeko eta 2015. urterako estatus politiko berria izateko «adostasun handiak» behar direla azpimarratu du EAJko buruzagiak.
Argia izan da oso EAJk hauteskundeetan izan duen garaipena, baina gehiengo osorik ez du Urkulluk gobernatzeko, eta akordioak egin beharko ditu. Argitzeko dago jeltzaleek gutxiengoan eta bakarrik gobernatuko duten, unean uneko akordioak eginda, edo koalizioren bat osatuko duten, eta gehiengoa batu. Ortuzarren iritziz, hala ere, «goiz» da gobernatzeko formulez hitz egiteko, baina une honetan aukera guztiak mahai gainean dituztela aitortu du. «Ez dugu ezer baztertzen, dauden formulez hitz egin beharko da», adierazi du. Erakundeei «egonkortasuna» ematearen alde dira jeltzaleak, baina gainerako alderdien jarrerak ikusi behar dituzte aurrena: «Akordio bat egiteko, bi alde behar dira», esan du Ortuzarrek.
Edozein eratan, EAJk argi dauka alderdi abertzaleek lortutako emaitzek ezin dituztela itsutu: «Jendeak herria aurrera ateratzeko eta arazoak konpontzeko eman digu botoa, ez inposatzeko». EAJk Gipuzkoan izan dituen emaitza onen inguruan galdetuta, Ortuzarrek uste du herritarrei «etorkizuna» eskaini dietelako izan dutela gorakada, eta Bilduk erakundeetako «kudeaketaren ondorioak» pairatu behar izan dituela.
Boz «demokratikoenak»
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere pozik agertu da hauteskundeen emaitzekin, batez ere jeltzaleek lortutako babes handiarekin. Haren ustetan, Urkulluk lehendakari izateko aukera handia du, eta eratzen duen gobernuaren lehentasuna krisialdi ekonomikoari eta langabeziari aurre egitea izango da.
Igandeko bozen balorazio orokorra ere egin du Bizkaiko ahaldun nagusiak. Azken urteotan egin diren hauteskundeetatik «demokratikoenak» izan direla azpimarratu du: batetik, ETAren indarkeriarik gabe egin direlako, eta, bestetik, aukera politiko guztiek parte hartu dutelako. «ETA ez da egon, eta haren ekintzek ez dituzte baldintzatu hauteskundeak; gainera, EAEko indar politiko guztiek parte hartzeko aukera izan dute, eta bakoitzak gizartean duen babesa zein den ikusi da». Hori dela eta, hurrengo Eusko Legebiltzarrean euskal gizartearen «benetako argazkia» egongo dela adierazi du Bilbaok.
Jeltzaleek Bizkaian lortutako erabateko arrakasta ere nabarmendu nahi izan du. EAJk 11 eserleku lortu ditu herrialde horretan. Gobernuan egoteak maiz higatu egiten badu ere, Bizkaian ez da hori gertatu EAJren kasuan. Horixe bera azpimarratu du Bilbaok, jeltzaleen garaipenaz galdetu diotenean: «Batzuetan botereak higatu egiten du, baina beste batzuetan herritarrek saritu egin dute gauzak duintasunez, normaltasunez eta ongi egiten direnean». Alderdi gisa ere, «erantzukizuna» bada Bizkaian izandako garaipena, gizarteak emandako konfiantzari eutsi beharko diolako aurrerantzean, hurrengo hauteskundeetan lortutako botoei eutsi nahi badie, Bilbaoren ustez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Balorazioak
Ortuzar: «Nazio eraikuntzan urratsak egin nahi ditu Euskadik»
BBBko buruak dio gobernatzeko formulez hitz egiteko «goiz» dela baina ez dutela ezein aukera baztertzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu