Andoni Ortuzar Madrilen izan da, Forum Europak antolatutako gosari informatibo batean. Nabarmendu du EAJren asmoa ez dela legetik kanpo dagoen espetxe politika bat izatea, baizik eta Zigor Kodea ohiz kanpoko irizpiderik gabe ezar dadila. Politika "bidezkoagoa eta adimendunagoa" aldarrikatu du.
Ortuzarren arabera, espetxe politikak ez die onik egiten ez Espainiako Gobernuari ezta biktimei ere. Haren iritziz, soilik ezker abertzaleari egiten dio mesede, pausoak ez egiteko "oxigeno baloi bat" delako. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak ETAren amaiera kudeatzeko garaian duen "gelditasuna" kritikatu du. "ETAk hiltzen zuenean Espainiako gobernu guztiek hitz egin zuten erakundearekin. ETAk hiltzen zuen bitartean, alderdi demokratikoak akordio zabal eta egonkorrak lortzeko gai izan ginen. Eta, ETA herrritarren eskakizunen menpe jarri den garai honetan, ez PP ezta Espainiako Gobernua ere ez dira armagabetzea egiaztatzea errazteko eskakizunei erantzuteko gai".
Horrez gain, PP eta PSE-EEri Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldera itzultzeko deia egin die, eta Espainiako Gobernuak ere arlo horretan pausoak eman beharko lituzkeela uste du; haren iritziz, "Bake eta Bizikidetzarako Estatu Politika planteatu" beharko luke, "Eusko Jaurlaritza eta euskal alderdiak" kontuan hartuz.
"Porrotak eta gabeziak"
EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak eta Oskar Matutek Donostian ATHari buruz egindako agerraldian esan dute Jaurlaritzak "suzko hesi" moduan erabiltzen duela presoen gaia, bake prozesuaren kudeaketan izandako "porrotak eta gabeziak estaltzeko".
Azken egunetan, EAJk eta ezker abertzaleak presoen egoera izan dute hizpide, eta ardurak elkarri egozten eta kontuak eskatzen aritu dira. EAJk presoei egotzi die beren egoerak hobera ez egitearen erantzukizuna. Sortuk jeltzaleei esan die badakiela "espetxe politika aldatzea inoiz baino premiazkoagoa" dela, eta bide horretan lan egin dezala eskatu.