Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko-juridiko berrirako aditu taldeak osatutako testu artikulatua baloratzeko agerraldia egin du EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Bilbon, EAJren egoitza nagusian, Sabin Etxean. Ortuzarren ustez, txostenari erreparatuta, «aurrerapauso nabarmena» eman da «autogobernuaren kantitatean eta kalitatean». Azpimarratu nahi izan du, gainera, Gernikako Estatutak 47 artikulu dituela, eta azkeneko hamahiru hilabeteotan aditu taldeak landutakoak 146.
Ortuzarren iritziz, EAJk bere burua islatuta ikusten du txostenean. «Jasotzen du Euskadiren nortasun nazionala, estatuarekin aldebiko harremana, Kontzertu Politikorako Batzorde bat osatzea, eta erabakitzeko eskubidea ere badago».
Aditu taldeak, ordea, ez du aspektu horri buruzko formulazio bat adostu. EAJk eta EH Bilduko iazko irailaren 12an adostu zituzten oinarrien arabera, «Estatus berrian, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz». Ortuzarrentzat, orduan erabakitakoaren «oinarri politikoak» jasotzen ditu testu artikulatuak. Erabakitzeko eskubideari buruz Mikel Legarda EAJren adituak testu artikulatuan jasotakoak, baina, beste zerbait esaten du erabakitzeko eskubideaz: «[...] libreki eta demokratikoki adierazten da erabakitze eskubide hori, eta Estatuarekin hitzartutako erabakitze eskubidearen erabilera».
Legardak horri buruz testuan defendatutakoa egiteko, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, Ortuzarren aburuan «ez da beharrezkoa» Espainiako Konstituzioa erreformatzea erabakitzeko eskubideak «lege babesa» eduki dezan. Legardak eta PSE-EEko (Alberto Lopez Basaguren) eta Elkarrekin Podemoseko (Arantxa Elizondo) adituek osatu dute testua. Dena den, Ortuzarrek eskatu die sozialistei egin dezatela «ahalegin bat» printzipio demokratikoan «barneratzeko», eta ez diezaiotela errepara «soilik» legediari. «Gizartearen gehiengoak PSEk nahi duena baino haratago joan nahi du»
Behin aditu taldeak bere egitekoa beteta, pilota alderdi politikoen teilatura itzuli dela adierazi du Ortuzarrek. «Adituen txostenak sakonki aztertu eta estatus berriaren proposamen formal bat egite aldera, EAJ hausnarketa aldi bat irekitzearen aldekoa da». Hausnarketa horrek balio beharko luke, EBBko buruaren hitzetan, «kontsentsu zabalago» bat lortzen ahalegintzeko. Izan ere, EH Bilduk eta PPk ez dute bat egin EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen adituek artikulatutako testuarekin. Ohartarazi nahi izan du, halere, dokumentu nagusiaren «%80a baino gehiago» adostuta dagoela dagoeneko.
EAEko estatutu berrirako landutako testua gaur heldu da Eusko Legebiltzarreko Mahaira, eta Autogobernu Lantaldea hilaren 11n hasiko da txostena aztertzen. EAJren ustez, EAEko estatutu berrirako testu proposamena «aurrerapena» da, baina EH Bilduri «atzerapausoa» iruditzen zaio. Hori dela eta, Bilduk aditu taldean edukitako legelariak, Iñigo Urrutiak, testu propioa entregatu zuen, atzo, legebiltzarrean. Arnaldo Otegi koalizio subiranistako koordinatzaile nagusiak atzo nabarmendu zuenez, «Ibarretxe plana baino murritzagoa» da EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemos-eko adituek planteatutakoa. Legarda EAJren aditu taldeko kideak berak azalpen gehigarri bat txertatu du testuan, Urrutiaren dokumentuaren zati bat babestuz.
EH Bilduren testua ere izan du hizpide EBBko presidenteak. Uste du «ikuspegi maximalista» duela iaz adostutako oinarriekin alderatuta, eta koalizio subiranistak badakiela «konstituzioa, estatutua eta Autogobernu Lantaldearen beraren agindua gaintzen dituela. [EH Bilduri] Berdin zaio indarrean dagoen legedia; are prozedurak». Gaineratu du, halere, «bat etortze eztabaidaezinak eta esanguratsuak» daudela «herritarren eskubideei dagokienez», adituek aurkeztutako testuaren eta EH Bilduk proposatutakoaren artean.
Konparazioa PSE-EErekin eta Kataluniarekin
PSE-EErentzat, ezin da konstituzioa aldatu «estatutuaren bidez». Idoia Mendia alderdiaren idazkari nagusiak ere adituen testua baloratzeko agerraldia egin du Bilbon, haien egoitzan, eta EAJri ohartarazi dio «esperientzia hori» ezaguna dela. «Esperientzia hori jarraitu zuen Kataluniak, eta esperientzia hori da Euskadirentzat nahi ez duguna». EAJri eskatu dio «maximalismo nazionalistak» albo batera uzteko. «Orain jeltzaleei dagokie erabakitzea euskal gizartearen parte bat baztertu nahi duten, ala hurrengo 40 urteetarako akordio zabal bat lortu nahi duten».
Adituak biltzen hasi aurreko sozialisten eta jeltzaleen arteko «aldeek» bere hartan jarraitzen dute, Mendiaren iritzian. Horietako bat da erabakitze eskubideari buruzkoa. «Sozialistak ez gara hor egongo. Erabakitzeko eskubidea deitutakoa ez baita eskubide hori: beharrezkotzat hartzen bada, independentzia erabakitzeko nazionalisten aldarrikapena da». Adituen testuak jasotako kontsulta gaitzaileari dagokionez, bestalde, horrek «gehiengo soziala eta legalitatea konfrontatu» nahi ditu, eta «ahalegin esklusiboki nazionalista da», Mendiak nabarmendu nahi izan duenez. Horrenbestez, adierazi du sozialistek ezin dutela «proposamen propio gisa onartu» estatutua asmo horrekin erreformartzea, «legalitatea eta pluralismoa hausteko osagaiak» baititu.