Estatus politikoa. Erreakzioak

EAJrentzat «aurrerapena», EH Bildurentzat «atzerapausoa»

Legardak esan du aurrerapauso bat eman dutela estatutu berri baterako. Otegik dio testuan ez dutela jaso erabakitzeko eskubidea

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Bilbon, Vocento taldearen foro batean hizlari. LUIS TEJIDO / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Iaz EAEko estatutu berriaren oinarriez akordioa lortu zuten EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, eta talde parlamentarioek izendatutako legelariei testu artikulatua osatzeko agindu zien Autogobernu Lantaldeak, baina hortik atera den txosten babestuenari buruz (EAJ-PSE-EP) ez dute iritzi bera bi talde abertzaleek. EAJrentzat «aurrerapen bat da autogobernuaren itun berrirako», eta, aldiz, EH Bildurentzat, «atzerapauso bat da» 2004ko estatutu politiko berriarekin —Ibarretxe plana deiturikoa— alderatuta.

Mikel Legarda EAJren legelari adituak aitortu du beren lantaldeko «desadostasunez harago» aurrerapauso bat eman dutela. Haren arabera, lantaldea «modu zintzo batean» aritu da beharrean, ikusi da «proiektu denek konplexutasuna» dutela, eta esan du beren lana «bete» dela. Legebiltzar atarian egin ditu adierazpenok, Gasteizen, legelarien azkeneko bilerara joan denean.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritika egin dio EAJren ordezkariak PSE-EE eta EPrenarekin osatu duen testuari. «Erabakitzeko eskubidea ardatza zen Ibarretxeren proposamenean. [EAJ-PSE-EPren] Testu artikulatuan ez dago erabakitzeko eskubidea», deitoratu du Otegik, Donostian, prentsaurreko batean. «Esango digute hau urrats bat dela. Bai, urrats bat da, baina atzerapauso bat. [Espainiako] Autonomien Estatua krisian dagoen honetan, EAJk aurkeztu duen proposamena Ibarretxe plana baino murritzagoa da? Zergatik? Hori da erantzun behar duten galdera». Uste du Espainiako Konstituzioaren barruko estatutu erreforma bat nahi dutela.

EAJren eta EH Bilduren oinarrien akordiotik EAJ-PSE-EP akordiora pasatu direla adierazi du Otegik, jeltzaleen zuzendaritzak horrela erabaki duela iritzita. «Zergatik? Hasiera-hasieratik Urkullu [Eusko Jaurlaritzako] lehendakariari eta EBBko sektore bati ez zitzaielako gustatu adostutako oinarrien eta printzipioen akordioa». Gogoratu du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan zuela oinarrien akordioa «Olentzerori gutuna» bidaltzea bezalakoa zela. Hala, EAJn «agintzen» dutenei «oinarriak aldatzea» egotzi die, eta «ustezko alternatiba bat» sortu nahi izatea. Haren arabera, EAJren «oinarrien zati bat» ez da ados egongo EBBren jarrera horrekin.

Otegik azaldu orain Autogobernu Lantaldeak adierazi beharko duela aurki iritsiko zaion testu artikulatuak berak emandako agindua bete duen, eta, beraz, EH Bilduk eta EAJk adostutako oinarri eta printzipioei «egokitzen» zaien. «EH Bildu oso lasai dago, hitza bete baitu. Baina aukera bat galdu da». Gainera, haren hitzetan, EAJ, PSE-EE eta EPren testuarekin, lan harremanetarako esparru propioa, gizarte segurantza, pentsio sistema propioa, kirol selekzio nazionalak eta berme sistema ere «bidean geratu» dira.

EH Bilduk bere testu artikulatua aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, eta bilerak egingo ditu eragileekin, gertatu denari buruz bere bertsioa emateko.

EPk mahai bat proposatu du

Andeka Larrea EAEko Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak uste du estatutu berriaren «oinarrizko» arloetan «kontsentsua» dagoela, eta «bi-hiru kontutan soilik» falta dela akordioa, nahiz eta aitortu duen funtsezko auziak direla erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekiko harremana. «Hitz egiteko gai izan behar da irtenbide adostu bat aurkitzeko. Elkarrekin Podemosek blokeo horretatik irtetea planteatzen du». «Borondatea» beharko da, haren iritziz. EPk, hala, erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeko alderdien arteko mahai bat eratzea proposatu du, eta Autogobernu Lantaldeak bere bidea jarraitzea, aldi berean.

EPk adituen lantalderako izendatutako Arantxa Elizondok esan du espero duela testu artikulatua «oso balekoa» izatea legebiltzarrarentzat. «Hari dagokio prozesuarekin jarraitzea».

PP artxibatzeko eskatu du

Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta legebiltzarkideak estatutuaren erreforma prozesua «artxibatzeko» eskatu du, legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. Uste du orain arteko lanek «porrot» egin dutela, eta abertzaleen planteamenduak ez direla konstituzionalak, lege ibilbiderik gabekoak direla. Gainera, esan duenez, «espainiar herritartasuna baino ez dago» jasoa estatuko egungo legedian, eta «euskal nazioa sekula ez da egon».

PPren legelari Jaime Ignacio del Burgoren iritziz, adituen lantaldea «erabateko porrota» izan da. «Ez haren kideek gaitasunik ez dutelako, baizik eta [akordioa] ezinezkoa zelako. Lau testu desberdin aurkeztu dira». Del Burgoren arabera, EAJ-EH Bildu oinarrizko akordiotik «gehien hurbildu» den testua, EH Bilduren adituarena izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.