Osakidetza onbideratzeko errezetak

Osasun sistemaren arazoak eta gabeziak konpontzea hartu dute alderdi politikoek hauteskunde kanpainako ikur. Lehen arreta indartuko dutela eta itxaron zerrendak murriztuko dituztela hitzeman dute guztiek.

Osasun profesional baten estetoskopioa eta mantala. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Osasun profesional baten estetoskopioa eta mantala. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 5a
05:10
Entzun

Osakidetzaren josturak bistan utzi zituen koronabirusaren pandemiak modu gordinean, eta oraindik agerian daude osasun sistemaren pitzadurak. Alderdi politikoek ongi dakite osasunaren auziak kezka handia sortzen duela herritarrengan, eta mezua jaso dute: lehentasunen artean jarri dute Osakidetza onbideratzea. Osasun sistema hobetzeko proposamenak egin dituzte kanpainaurreko ardatz, eta arlo horri lotutako konpromiso sorta jaso dute bai hauteskunde programetan, bai adierazpen publikoetan.

EAJ

Osasun sistemaren «kalitatea eta prestigioa hobetu» nahi ditu EAJk, hauteskunde programan jaso duenez. Horretarako, beharrezkotzat jo du itxaron zerrendak murriztea arreta espezializatuko kontsultetan, proba diagnostikoetan eta ebakuntzetan, eta, orobat, lehen mailako arretako lan karga arintzeko urratsak egitea. Horretarako, «talka plan» bat jarri nahi du martxan, hurrengo xedeak lortzeko: lehen arretan pazienteak, gehienez, 48 orduko epean artatuak izatea, eta ebakuntzetako itxaron zerrenda, batez beste, 50 egunekoa izatea.

Bestelako konpromisoak ere jaso ditu: hala nola gaixo kronikoen tratamenduan eta zaintzan espezializatutako erakunde bat sortzea, suizidioaren arloko laguntza psikosozialerako unitate bat eratzea, eta EAG etengabeko arretako guneen mapa berrikustea. Horrez gain, osasun administrariaren figura ezarriko du lehen mailako arretaren gainkarga murrizteko. Luze gabe eta luzera begira, 250 milioi euro jarriko ditu egungo azpiegiturak mantentzeko, eta beste mila milioi, berriak eraikitzeko. Hala, hitzeman du Basurtuko, Usansolo-Galdakaoko, Donostia, Txagorritxuko, Zumarragako eta Arrasateko ospitaleak handituko dituela, Tolosan ospitale berria eraikiko duela eta osasun zentro berriak egingo dituela.

EH BILDU

EH Bilduk Osakidetza «zutik jartzeko» proposamen integrala ondu du hauteskundeei begira. Koalizioak esan du herritarrak erdigunean jarriko dituen Osakidetzaren alde lan egingo duela, besteak beste, itxaron zerrendak murriztuz eta pribatizatu diren zerbitzuak publifikatzeari ekinez.

Koalizioak bost neurritan ardaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema hobetzeko plana. Lehen arreta indartzeko, neurri sorta bat proposatu du: besteak beste, paziente eta profesionalen ratioak arautzea, ESI bakoitzaren barruan lehen arretak erabaki ahalmena eta funtzionamendurako autonomia izatea, eta langile taldea %10 handitzea. Osakidetzako kontratazio eredua aldatzeko konpromisoa ere hartu du: horretarako, lanpostu «egonkor, luze eta erakargarriak» eskaini nahi ditu, eta betetzeko zailak diren lanpostuen gainean pizgarriak ezarri.

Osakidetzako lan eskaintza publikoari dagokionez, azterketa bakarra egitea proposatu du, eta horiek azkarrago ebazteko neurriak hartzea. Gobernantza eredua aldatzeko, berriz, Osakidetzan herritarrek eta pazienteek parte hartzeko hainbat formula abian jarri nahi ditu modu «komunitarioan» lan egiteko.

PSE-EE

Osasun sistemaren arta pandemia aurreko parametroetara bueltatzeko konpromisoa hartu dute sozialistek beren programan. Osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa COVID osteko Euskadirentzat izeneko atalean bildu dituzte osasungintzari lotutako konpromisoak: tartean daude lehen arreta, itxaron zerrendak eta profesionalen eskasia konpontzeko neurri sorta, eta zenbait gaitz larriren arta hobetzeko proposamenak.

Osasun artan pandemia aurreko datuetara iristea ezarri dute helbururik behinena, eta, besteak beste, ondorengo neurriak proposatu dituzte: ebakuntzetako gehienezko itxaron zerrendak arautzen duen dekretua betetzea, gaur egun aldi baterako langileek betetzen dituzten lanpostuak finkatu eta egonkortzeko asmoz egiturazko lanpostuak gehitzea, eta egiturazko beste 2.000 lanpostu sortzea.

Lehen arreta sendotzeko, berriz, «estrategia berri bat» proposatu dute. Helburu gisa jarri dute itxaron zerrendak murriztea, barruko mediku egoiliarren trebakuntza sustatzea eta etengabeko arretako guneen arta pandemia aurreko datuetara bueltatzea. Osakidetzako profesionalen lan baldintzak hobetzeari dagokionez, behin-behinekotasuna %8tik beherakoa izatea bermatu nahi dute.

PP

Osakidetza berriro ere «erreferente» izan dadin, neurri sorta jaso du PPk hauteskunde programan. Lehen arretari dagokionez, egungo beharrei erantzuna emango dion eredu berri bat diseinatu nahi du, eta espezialisten eskasiari aurre egiteko «talka plana» abiatu. Azken helburu horri lotuta, proposatu du osasun langileei ezarritako euskara eskakizunak kentzea eta hizkuntza eskakizunei lotutako araudia berrikustea.

Bestelako konpromisoak ere jaso ditu programan: kanpo ikuskaritza bat egingo du Osakidetzaren gastuaren inguruan, itxaron zerrendak murrizteko plana eguneratuko du, COVID iraunkorra artatzeko plana abiatuko du, eta larrialdi zerbitzuak hobetzeko estrategia garatuko. Gainera, berriro ireki egingo ditu Santiago ospitaleko larrialdiak, Basurtuko bihotz kirurgia zerbitzua eta itxi egin diren etengabeko arretako guneak.

ELKARREKIN PODEMOS

Osasun arloko inbertsio maila handitzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek, Osakidetzaren finantzaketa EAEko barne produktu gordinaren % 7raino handituta. Lehen arreta «indartzeko», zenbait neurri hitzeman ditu: esaterako, osasungintzako aurrekontuaren %25 lehen arretara zuzentzea, itxaron zerrenda gehienez 48 ordukoa izatea eta langile taldea pandemia aurreko kopuruetara bueltatzea. 

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua aldatu nahi du koalizioak, prozesua «demokratikoa» eta «gardena» izan dadin. Halaber, Osakidetzako profesionalek sektore pribatuan lan egin ez dezaten bermatzeko «bateraezintasunak» ezarriko ditu, eta zaharren egoitzen kudeaketa sistema soziosanitarioaren barruan sar dadin lan egingo du.

SUMAR

Osakidetza babesteko eta pribatizazioa amaitzeko, «osasun publikoaren aldeko herri ituna» adostu nahi duela iragarri du Sumarrek. Osakidetza «blindatzeko» konpromisoa hartu du horretarako, eta lehentasunen artean ezarri ditu osasun profesionalen kontratazioa erraztea —batez ere, lehen arretan eta landa eremuan—, Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzea eta lehen arretako arta indartzea. 

EAG etengabeko arretako guneak indartzearen alde egin du, halaber, eta azken urteetan itxitakoak berriro irekiko ditu. EAGak aski osasun profesionalekin hornitzea proposatu du, eta itxaron zerrendak murrizteko hitzeman —ebakuntzetan %25 apaldu nahi du, eta proba diagnostikoetan eta kanpo kontsultetan erdira—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.