OSASUNGINTZA

Osakidetzako bi zerbitzuburu deklaratzera deitu dituzte biharko

Lan eskaintza publikoan atzemandako irregulartasunen auzian, neurofisiologia eta neurokirurgia espezialitateen gaineko salaketa handitzeko eskatu zuen ESK-k.

Osakidetzako lan eskaintza publikoa BECen, 2018ko ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 8a
10:17
Entzun

ESK sindikatuak iazko azaroan eskatu zuen neurofisiologia eta neurokirurgia espezialitateen gaineko salaketa handitzeko, eta bi alor horietako zerbitzuburuak deklaratzera deitu dituzte biharko, ikertu gisa. Gasteizko Justizia Jauregian deklaratuko dute, 10:00etatik aurrera.

 ESK-k positibotzat jo du erabaki hori: «Uste dugu dopatutako lan eskaintza publikoei buruzko ikerketa judizialak ezinbestekoak direla Osakidetzan, haren arduradunen ezagutza eta bermearekin, egituraz ezarrita dagoen bezero sistema deuseztatzeko; izan ere, ez Jaurlaritzako Osasun Sailak ez Osakidetzak berak ez dute sistema hau deuseztatzeko interesik agertu».

Iruzur zantzu argiak agertu ziren Osakidetzako espezialitate batzuetako oposizioetan, 2018ko ekainean: zer ariketa jarriko zituzten filtratu izanaren zantzuak.

Osakidetzan egindako LEP handiena izan zen urte horretakoa, baina polemikak inguratuta egon zen hasieratik. Anestesia espezialitateko azterketarekin lehertu zen: proba egin baino lehen, notarioarenera jo zuten hautagai batzuek, eta idatzita utzi zuten nortzuek gaindituko zuten azterketa; asmatu egin zuten.

Mediku espezialisten beste arlo batzuetara ere zabaldu ziren susmoak —notetan agertutako alde handiak hauspotuta, besteak beste—, eta Osakidetzako langile batzuen testigantzek berretsi zuten halako filtrazioak «ohikoak» izan direla urteetan. Fiskalak delitu zantzuak topatu zituen, eta bost kasu daude auzibidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.