Lan gatazka

Osakidetzako garbiketako langileek uztailaren 3ra arte jarraituko dute greban

Lanuzteak 103 egun bete ditu, eta Donostian mobilizatu dira, lan baldintzak hobetu daitezela aldarrikatzeko.

Gaur Donostian egindako manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2023ko ekainaren 9a
17:14
Entzun

Bost urtez lan hitzarmenaren inguruko negoziazioak ez aurrera ez atzera izan ostean, otsailaren 27an Osakidetzan garbiketa lanak egiten dituzten langileek greba mugagabea hasi zuten. Gaur, 103. egunean, Donostian mobilizatu dira lanbide arloko garapen sariaren ordainketa exijitzeko eta negoziazioaren korapiloa askatu dadila eskatzeko.

Donostian egindako mobilizazioan, Ane Alberdi ELAko sektoreko ordezkariak aurreratu du grebak gutxienez uztailaren 2ra arte jarraituko duela «oraingoz». Halaber, Jaurlaritzaren «abusuzko» gutxieneko zerbitzuak gaitzetsi ditu. Haren esanetan, ehun egunotan aparteko sei garbiketa agindu ditu.

ELAk %40ko ordezkaritza du garbiketako langileen artean, eta Alderdi Ederren, Eusko Jaurlaritzaren bulegoen aurrean, hitz egin du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak. Haren hitzetan, «aliantza dago patronalaren eta Jaurlaritzaren artean, administrazioarentzat azpikontratetan aritzen diren emakumeek gutxiago kobratu dezaten eta lan baldintza okerragoak izan ditzaten».

Ehunka afiliaturen aurrean egindako hitzaldian, Lakuntzak salatu du gobernuek dirua aurrezteko asmoz asmatu zutela azpikontratazioa, «langile kopurua murriztuz eta egiten den negozioa enpresen esku utziz, langileei gutxiago ordainduta».

Jaurlaritzari erantzunez

Lakuntzak aurpegiratu dio Jaurlaritzari pandemian funtsezko langileen aitortzaren alde egindako mezuak ez dituela errealitate egin: «Non dago? Argazkietan, adierazpenetan... Ez lan baldintzen hobekuntzan. Atzo, funtsezkoak; gaur, ikusezinak».

Lakuntzak gogora ekarri du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berriki esana: ez duela ulertzen puntako herrialde batean nola egon daitezkeen hainbeste gatazka eta mobilizazio. Lakuntzak buelta eman dio argudio horri: «Puntakoa bada, protesta egiten duelako da puntakoa».

Osakidetzan garbiketa lanetan aritzen diren langileak emakumeak dira gehienbat, eta, beste hainbat sektore feminizatutan bezala, mobilizatuta daudela nabarmendu du ELAko idazkari nagusiak. Bizkaiko erresidentziako «garaipenak» bidea marka dezakeela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.