Osasun auzi bat delako

Nafarroako Autismo Elkarteko presidente Amaia Arizek Osasun Departamentuari eskatu dio bere egin dezala sindrome hori duten umeak artatzeko ardura. Protokolorik ez da.

Fernando Dominguez kontseilariak udako eskolan ari diren haurrei bisita egin zien atzo, Amaia Arizekin. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Haurrak hanka bat apurtzen badu, osasunaren arloko profesionalek artatzen dute. Autismoa badu, zergatik ez? Sindrome neurologiko bat da; Osasun Departamentuari dagokio auzi horren inguruko ardura». Argi eta garbi mintzatzen da, beti, Amaia Ariz, Nafarroako Autismo Elkarteko presidentea. Atzo ere bai. Elkarte horrek udako eskola antolatu du, laugarrenez, Iruñean, autismoa duten haurrentzat. Errutina funtsezkoa da sindromea duten umeentzat, baina eskolako egunerokoa aldatu zuen atzo Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezen bisitak. «Merezi zuen». Horixe nabarmendu zuen Arizek. «Bisitarik garrantzitsuena da guretzat, hari eskatu behar baitiogu nahi duguna».

Osasun Departamentuak har dezala autismoa duten haurrak artatzeko ardura; eta, batez ere, martxan jar dezala sindrome hori ahalik eta azkarren atzemateko protokoloa. Hori nahi dute Nafarroako Autismo Elkarteko kideek. «Osasun auzi bat baita». Nafarroan, hamasei urtetik beheitiko 300 haur inguruk dute sindrome hori.

Haur horientzat eta haien familientzat, elkarteak eskaintzen dizkien baliabideak dira eskura dituzten ia bakarrak. Udako eskolari esker, ikastetxean duten errutinak segida du udako hilabeteetan ere. Ekainaren 23an jarri zuten martxan, eta abuztuaren 28a bitarte egonen da zabalik; 09:00etatik 14:00etara. Hemezortzi hilabete eta 15 urte bitarteko 70 haur pasatu dira jada eskolatik.

Galdetegia

Aurreko Osasun kontseilariarekin saiatu ziren Nafarroako Autismo Elkarteko kideak sindrome hori atzemateko protokoloa martxan jartzen. «Baina ez genuen lortu. Baliabiderik ez zegoelako», azaldu zuen Arizek, atzo, tristuraz. Marta Bera kontseilari ohiak azaldu zien protokoloa martxan jartzen bazuten positibo faltsu anitz izanen zirela, eta, ondorioz, zerbitzuak gainezka eginen zuela.

«Eskatu genuen gauza bakarra zen pediatren kontsultetan galdetegi bat egitea gurasoei, haurrek 15, 18 eta 24 hilabeterekin egiten dituzten bisitetan. 23 galdera erantzutea zen kontua. Horrek ez zuen kosturik». Erdizka baino ez zuten lortu, ordea: «Autismoa duten haurren anai-arrebekin baino ez dute martxan jartzen protokoloa».

Dominguezek jaso zuen Arizen eskaera, atzo. Eta eman zion lehendabiziko erantzuna. Onartu egin zuen autismoarena osasun auzi bat dela, eta, ondorioz, konpromisoa hartu zuen urratsak egiteko lanean hasteko.

Duela lau urte sortu zen Nafarroako Autismo Elkartea, eta, geroztik, urtero egin du udako eskola. Hamabost langile ari dira aurten. Zazpi gela izan dituzte zabalik uda honetan. «Gela bakoitzean hezitzaile bat eta tutore bat dira, eta, haur bakoitzeko, elkarteak trebaturiko boluntario bat».

Hezkuntzaren arloan ere zer egin badela gogoratu du Arizek. «Egia da eskoletan autismoa duten haurrek jasotzen dutela laguntza zehatza, baina baliabideak urriak dira, eta bazterketa gertatzen da hainbatetan. Udan, gainera, arreta hori eten egiten da». Lanean jarraitzeko arrazoiak baditu Arizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.