Osasun langileek COVID-19aren proban negatibo eman beharko dute lanera itzultzeko

Protokoloa aldatu berri du Espainiako Gobernuak, eta, aurrerantzean, koronabirusa izan duten osasun langileek eta soziosanitarioek negatibo eman beharko dute lanera itzuli aurretik. Gainerako langileentzako jarraibideak desberdinak dira: zazpi egun bakartuta eta hiru egun sintomarik gabe igarotakoan, lanera.

Donostiako ospitaleko langileak artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 14a
14:30
Entzun

Berriro protokoloa aldatu ostean, COVID-19a izan duten osasun langileak eta soziosanitarioak ezingo dira lanera itzuli PCR proban negatibo ematen duten arte. BERRIAri Osakidetzako familia mediku batek azaldu dionez –ez du izenik eman nahi–, atzo aldatu zuten protokoloa. Orain, koronabirusean positibo ematen badute, gutxienez zazpi egun igaro beharko dira sintomak hasi zirenetik, sukarraren aurkako botikarik hartu gabe sukarrik ez eduki, azken hiru egunetan arnasketaren egoera hobeto eduki, eta lanera itzuli baino lehen negatibo eman. Duela hamar egun ingurutik atzo arte, berriz, PCR proban negatibo eman gabe ere lanera itzultzen zirela esan du. Hau da, ospitaleratzeko beharrik ez zuten osasun langileek positibo emanez gero, sintomarik gabe zeudenean abisatu behar zuten. Haren hitzetan, sintomarik gabe bost egun igarotakoan, bigarren aldiz proba egin gabe ere, lanera bidaltzen zituzten. «Edo niri gertatu zitzaidan bezala, bigarren proba egiten baziguten, nahiz eta positibo eman bost egun sintomarik gabe generamatzanez, alta ematen ziguten», ziurtatu du. Hori da azken orduetan aldatu dutena, eta lehengo protokolora itzuli dira. Familia medikuak esan duenez, duela hiru aste zeukaten protokoloaren arabera, sintomak zeuzkatenean, baja ematen zieten. Sintomak zituztela jakinarazten zutenetik 48 ordura, proba egiteko zita ematen zieten, eta, etxean bakartuta egon ondoren, azken sintomak izan zituztenetik 72 ordura, beste hitzordu bat ematen zieten bigarren proba egiteko. Hori negatiboa bazen lanera itzuli behar zutela azaldu du, baina, proba horrek positibo emanez gero, handik hiru egunera berriz egiten zieten.

Gainerako langileek lanera itzultzeko bete behar dituzten baldintzei dagokienez, medikuak azaldu du ezen kasu arinetan, hau da, ospitaleratu behar ez dituztenetan, zazpi egun bakartuta pasatu behar dituztela sintomak dituzten lehen egunetik zenbatzen hasita, eta hiru egun sintomarik gabe egon, lanera itzuli baino lehen. «Hau da, zazpi egun bakartuta egon arren oraindik sintomak badituzte, bakarraldia luzatu behar da, hiru egun sintomarik gabe igaro arte». Behin baldintza horiek beteta, probarik egin gabe lanean hasten dira. Protokoloak «ia egunetik egunera» aldatzen ari direla ziurtatu du familia medikuak. «Nik baja hartu aurretik, hamalau egun egon behar izaten zuten bakartuta, eta orain zazpi dira», zehaztu du.

Ospitaleratu behar izan dituztenek ere hamalau eguneko bakartze aldia pasatu behar izaten dute etxean. «Behin denbora hori igarota, gutxienez hiru egun sintomarik gabe badaude, lanera itzultzeko moduan egongo lirateke».

 COVID-19a dutenen inguruko pertsonak lanera noiz joan daitezkeen ere zehazten du protokoloak. Familia medikuaren hitzetan, hamalau egunez bakartuta egotea eskatzen zaie, sintomak dauzkan pertsonarekin arriskuzko azken kontaktua –hau da, babes neurriak hartu gabe egindakoa– izan zutenetik kontatzen hasita. Egun horietan, bajan egoten dira. «Gaixotasuna garatuko balu, beste zazpi eguneko bakarraldia izango luke, sintomak izandako lehen egunetik kontatzen hasita». Ospitaleratu behar izan ez badute, hiru egun sintomarik gabe pasatutakoan, berriro lanera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.