Osasun itun bat erdiesteko bidearen bukaeran da osasun mahaia, baina akordioa lortzeko azken korapiloak askatzeko dauzka oraindik. Horien artean bada bat bereziki liskartsua: lankidetza publiko-pribatuarena. Zaila ari da izaten osasun sistema publikoaren eta osasungintza pribatuaren arteko harremanari buruzko eztabaidan ados jartzea, batzuen eta besteen arteko jarrerak urrunduta daudelako oso. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak onartu du «korapilatsua» dela gai hori, eta «kezkagarritzat» jo ditu LABek, EH Bilduk edota CCOOk gaiarekin erakutsitako desadostasunak. Hala ere, uste du akordioa lortuko dutela. Datorren asteazkenean aztertuko dItuzte lankidetza publiko-pribatuaren afera, osasun mahaiaren bileran.
Bederatzigarren bilera egin du gaur osasun mahaiak, Gasteizko Europa jauregian. Goizez eta arratsaldez batzartuta egon dira, eta zortzi lantalderen dokumentuak izan dituzte aztergai. Honako gai hauek aztertu dituzte: berrikuntza, teknologia, digitalizazioa, eremu soziosanitarioetako azpiegiturak, osasun publikoa, prebentzioa, sustapena, pazienteen ahalduntzea, eta pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak.
Dena ongi bidean, ekainaren amaierarako espero dute osasun ituna itxita egotea. Osasun sailburuak nabarmendu duenez, «adostasunaren kultura handia dago», mahaira iristen diren dokumentu guztiak profesionalen eta pazienteen erabateko adostasunean oinarritzen direlako. Beraz, «itxaropentsu» agertu da osasun ituna lortuko delako. «Datorren astean izango dugu itunaren behin betiko argazkia», esan du sailburuak.
Martinezek nabarmendu du parte hartzea «handia» izaten ari dela —400 lagun baino gehiago ari dira lanean— eta pazienteei protagonismo berezia ematen ari direla, haien ekarpen ia denak aintzat hartzen ari baitira.
Lantaldeen ondorioak
Gaurko batzarrean pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak aztertu dituzte, eta zera ondorioztatu dute, Osakidetzan euskararen erabileran alde urrats ugari egin diren arren oraindik asko dagoela egiteko. Besteak beste, lehentasunen artean ezarri dute Osakidetzan bi hizkuntza ofizialetan komunikatu ahal izatea, profesionalen hizkuntza gaikuntza bermatzea, arreta zirkuitua eta historia medikoa euskaraz modu aktiboan eskaintzea, eta ibilbide akademikoan euskaraz egiteko baliabide gehiago ematea.
Hizkuntza eskubideak aztertu dituen lantaldeak ez du aho batez onartu dokumentua, hainbat eragilek desadostasunak agertu dituzte eta; hala ere, ez dute zehaztu zein eragilek ez duen testua babestu.
Berrikuntzaren, garapenaren eta ikerketaren esparruan azpimarratu dute talentua erakartzea eta atxikitzea dutela erronka nagusi. 2000. urtean 40 profesional aritzen ziren lanean ikerketaren esparruan; gaur egun, berriz, 600 inguru dira, eta ia 3.000 ikertzaile daude osasun arloko ikerketa, garapen eta berrikuntza institutuei atxikita. Horren haritik, helburu nagusi gisa jarri dute atzerriko sustatzaileen babesa duten entsegu klinikoak erakartzea, eta nazioartekotze prozesuari bultzada ematea atzerriko funtsen bitartez.
Osakidetzako azpiegiturak aztertu dituen lantaldeak, bestalde, eskatu du zenbait urtetarako planifikazioa egitea eta lehen arretako hainbat eraikin hobetzea.
Osasun publikoaren prebentzioa eta zaintza indartzeko proposamena ere mahai gainean jarri dute gaurko bileran, eta, besteak beste, eskatu dute osasun arloko «mehatxuei» aurre egiteko profesionalak trebatzea, sailen eta instituzioen arteko elkarlana sustatzea, gaixotasun kutsagarrien prebentzioa hobetzea, eta osasun larrialdien erantzuna indartzea.
Horrekin batera, osasun publikoaren institutu bat sortzea proposatu dute, beste erkidego batzuetan dauden ereduei jarraituz. Lantaldeko arduradunek azaldu dutenez, barrura zein kanpora begira lan egingo lukeen agentzia publiko bat behar da, bai profesionalak trebatzeko, bai osasun publikoa erronka berriei egokitzeko, modernizatzeko eta eraldatzeko.
Arlo soziosanitarioari dagokionez, dokumentua ondu duten adituek uste dute premiazkoa dela zahartzaroarekin eta zaintzarekin lotutako erronkei erantzutea eta bizitzaren ziklo guztiak aintzat hartuko dituen prebentzio eredu bat martxan jartzea.
LABen kritika
Lankidetza publiko-pribatuaren aferari dagokionez, LAB sindikatuak ohar bidez salatu du Jaurlaritzak eta Osasun sailburuak izkin egin nahi izan diotela bi eredu parez pare jartzen dituen eta osasun sistema publikoa zeharkatzen duen gaiari: «Alberto Martinez sailburuak adierazi du eragile batzuek beldurra diotela Osasun Mahaitik aterako den emaitzari. Alta, ez du esaten hura gobernura eraman duen alderdi politikoa, EAJ, eta Confebask direla publikotasunari atea itxi nahi diotenak eta, azken 30 urteetan inposatu duten bezalaxe, Osakidetzaren gainbehera ekarri duten pribatizazio politikak bultzatzen jarraitu nahi dutenak».