Osasuna ez dago arretaren esku bakarrik. Bizi-baldintzak, lana, hezkuntza, uraren kalitatea, saneamendua, etxebizitza eta ohiturak, besteak beste, pertsonen osasunarentzat faktore erabakigarriak dira. Horixe dio SESPAS osasun publikoaren eta administrazio sanitarioaren Espainiako sozietateak 2010. urteari dagokion txostenean. Bizi-baldintzek eta ohiturek osasunean duten eragina aztertzen du txostenak, eta osasun politika «egokiak» egin behar direla dio.
Artazkozek azaldu duenez, hezkuntzak funtsezko zeregina du osasunean. «Haur eskola izaten da neska-mutilen behar bereziak atzematen diren lekua, eta garai horretan egiten diren inbertsioek gaixotasun kronikoen intzidentzia gutxitu dezakete helduaroan». Gizentasuna umeen ia %20k dutela gaineratu du. «Bizimodu pasiboa daramate haurrek, eta hori ez da osasun sistemak konpondu beharreko arazoa». Gizarte faktoreek eta ekonomikoek eragiten dutela nabarmentzen du txostenak, eta jarduera politikoek eremu horietan eragin behar dutela gomendatzen du.
Helduen kasuan, besteak beste, globalizazioak osasunean izan dituen eragin kaltegarriak aipatu ditu Artazkozek. «Boterea erakunde publikoetatik enpresa pribatuen eskuetara igaro da, eta horiek ez dabiltza gizartearen onuraren bila». Bestalde, lan merkatuaren egungo egoera familien osasun eta ongizaterako txarra dela dio txostenak.
Erakunde publikoentzako beste hainbat gomendio bildu dituzte azterketan, hala nola osasun publikoa goitik behera berrantolatzea proposatzen dute, antolaketa ereduak eta lan metodoak aldatzea. Adibidez, lehenengo mailako arretaren eta osasun publikoaren arteko koordinazioahobetu behar dela aipatzen da.
Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak ziurtatu du Jaurlaritza osasuna politika guztietan txertatzeko ahaleginetan dabilela. Bilboko Uretamendi auzoaren eraberritzea aipatu du adibide gisa. Fernandezen esanetan, hiriaren birsorkuntzak pertsonen osasunean zer-nolako eragina izango duen aztertu da kasu horretan.
Osasuna modu integralean kontuan hartzeak etorkizunean gizarteari onurak ekarriko dizkiola azaldu du sailburuordeak, «sistema bideragarriago bat lortzeko modua ekarriko du, eta, gainera, arlo horretan dauden gizarte ezberdintasunak jaitsiko dira». Garapen iraunkorra bultzatzeko ere, egitasmo horiek indartzea ezinbestekotzat jo du Fernandezek.
Osasun politika egokia egiteko eskatu dute
Bizi-baldintzek osasunean eragiten dutela dio SESPASek kaleratu berri duen txostenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu