Osasunbideko 200 langilek gaixo diren presoak aske uzteko eskatu dute

Gobernuak iragarri du presoak baldintzapean askatzeko erabakiei helegitea jartzeko aukera emango duela

Manifestua sinatu duten Osasunbideko langileen ordezkaritza, atzo. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko premiaz ohartarazi dute Osasunbidean lan egiten duten berrehun sendagile, erizain eta langilek baino gehiagok. Horien ordezkaritza batek Nafarroako Ospitalean egindako agerraldian azaldu duenez, «ideologia askotariko pertsonak» dira gaixoak askatzeko eskaera bere egin dutenak; CCOO, LAB, ELA eta SATSE sindikatuetako langileak. Beren izenean egin dute aldarria, manifestu bat sinatuta. Langile horien esanetan, sinatzaileek «oso ikuspuntu desberdinak» dituzte lagun horiek kartzelara eraman dituzten arrazoiez. «Baina guztiok ari gara osasun arloan lanean, eta, alde horretatik, esan dezakegu beharrezkoa dela preso horiek kartzelatik ateratzea, pairatzen dituzten gaitz larrietarako arreta egokia jaso dezaten».

Sinatzaileak nafarrak izanik, oso gaixo dauden lau preso nafarrak askatzeko eskatu dute bereziki: Iñaki Erro, Jesus Mari Mendinueta, Iñaki Etxeberria eta Josetxo Arizkuren. Langileen esanetan, gaixo horiek kartzelatik atera ezean, dituzten gaitzak larriagotu eta sendaezin bihurtuko dira; «hala gertatzen ari da jadanik».

Horretaz gain, «bake egonkorra ekarriko duen egoera lortzeko», urratsak egiten segitu nahi dutela adierazi dute, eta, horretarako, presoen gaiari heltzeko eskatu dute: «Gobernuak urratsak egin behar ditu orain, eta guztiz zentzuzkoa da eritasun larriak dituzten preso guztiak kartzelatik ateratzea». Hortaz, sostengua eman diote Herrira-k martxoaren 31n Iruñean egingo duen manifestazioari.

Gaixotasun larriak dituzten presoak aska ditzatela eskatuz, beste hainbat ekitaldi egiten ari dira azkenaldian. Gaur bertan, 24 orduko elkarretaratzea egingo dute Bilboko Plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. 12:30ean hasiko da protesta, eta bihar ordu berean bertatik abiatuko den manifestazioarekin amaituko da.

Amaiurrek, bestalde, Espainiako Kongresuan eskatuko du gaixo dauden presoak askatzeko, gobernuaren kontrolerako asteazkenean egingo den saioan.

EHUko Gizarte Kontseilua

Presoek EHUn matrikulatzeko duten eskubidea berma dadila eskatu du EHUko Gizarte Kontseiluak. Horretarako, Espainiako Espetxeetarako Idazkaritzari «esparru hitzarmena sinatzeko» eskatu dio, atzo egindako osoko bilkuran onartutako akordioaren bidez. Izan ere, presoek EHUn ikasi ahal izateko beharrezkoa da Espetxeetarako Idazkaritzarekin akordioa egitea, baina Espainiako Idazkaritzak uko egiten dio akordiorik sinatzeari.

EHUri, Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Espainiako Gobernuaren Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari adostutako eskaera helaraztea ere onartu du EHUko Gizarte Kontseiluak.

Biktimen ahalmena

Bien bitartean, oso bestelako neurriak ezartzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Euskal presoak askatzeko erabakien inguruan, biktimei zeresana emateko, legea aldatuko duela baieztatu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Lege aldaketarekin, «terrorismoaren biktimei edo bereziki bortitz eta lazgarriak izan diren krimenen biktimei» delitugileen espetxe egoerari buruzko erabakiei helegiteak aurkezteko aukera eman nahi die.

«Helburu desiragarria eta egokia dirudi biktimen ondare juridikoa lege erreforma batekin aberastea; hala, biktimei entzuteaz gain, biktimak eragin dituztenen zigorren gauzatzean erabakirik garrantzizkoenei helegiteak jarri ahalko dizkietelako», adierazi zuen atzo Barne ministroak. Herenegun jakinarazi zuen asmoa Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak, euskal presoak baldintzapean aske uztea erabakitzen den kasuetan biktimek kaleratze horiek errekurritu ahalko dituztela aurreratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.