Osasunbideko inbertsio plana kritikatu dute

Nafarroako Kontu Ganberak txostena egin du.Agerian utzi du hainbat azpiegitura hutsik daudela, hornitu gabe.«Plangintza egokiagoa» eskatu du, ondorioz, ganberak

edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Osasunbideak badu zer hobetu, inbertsioen esparruan. Horixe nabarmendu du Nafarroako Kontu Ganberak, auzi horri buruz egindako txostenean. Inbertsioetan egindako ahalegina onartu du: 238 milioi euro gastatu ditu Osasunbideak 2008-2014 epean; argi utzi du, ordea, plangintzan hutsak badirela. Egokiagoa behar duela. Kritika nagusia da egindako hainbat azpiegitura hutsik direla. Erabili gabe.

Nafarroako Gobernuak Iruñeko ospitaleak batu, eta Nafarroako Ospitale Gunea sortzea erabaki zuen 2010. urtean. Erabaki horren ondorioz, aurretik lotutako hainbat proiektu bertan behera gelditu, eta, bertze zenbait, garestitu egin ziren. Larrialdi zerbitzuarekin gertatu dena aipatu du Kontu Ganberak bere txostenean, adibidez. Egun larrialdi zerbitzu osoa jasotzen duen eraikinak Nafarroako Ospitalerako izan behar zuen, hasieran. Zerbitzuak batzea erabaki eta gero, proiektua moldatu behar izan zuten. Ondorioz, sei milioi euro egin zuen gora aurrekontuak. Aldi berean, Bideko Ama Ospitalean egitekoa zen laborategia bertan behera gelditu zen.

Larrialdi zerbitzua hartzen duen eraikina hainbat hilabetez egon zen itxita, hornidurarik gabe. Azkenean, iazko urrian jarri zuten martxan. Gobernuak azken urteotan eraikitako bertze hainbat azpiegiturek, ordea, hutsik jarraitzen dute, eta, ondorioz, erabili gabe. «Horixe gertatzen da Nafarroako Ospitaleko C pabiloian, bai eta Bideko Ama Ospitaleko eta Tuterako kirurgia-zonetan ere», aipatu du txostenak. Kirurgia-zona berri horiek egiteko, hain zuzen ere, 27 milioi euro gastatu zituen Nafarroako Gobernuak. Bada bertzerik, Nafarroako Ospitalean 2009an egindako dialisi aretoa ere ez baita martxan jarri, oraindik ere.

Kontu Ganberak ontzat jo du aurretik zeuden eraikinak eta zerbitzuak hobetzeko egindako ahalegina, eta izan diren hobekuntza teknikoak ere nabarmendu ditu. «Plangintza egokiagoa» eskatu die, hala ere, Osasunbideko arduradunei. Egin beharreko bidea zein den zehaztu du Kontu Ganberak: «Inbertsio anitz aldi berean egin baino, hobe da bata bertzearen atzetik egitea». Hau da, bat amaitu eta martxan jarri arte hurrengoa ez abiatzeko eskatu dio Kontu Ganberak gobernuari. «Finean, helburua da azpiegiturak zehaztutako epean amaitzea, ahalik eta azkarren martxan jartzeko», gogoratu du erakunde horrek, egindako txostenean.

Kontseilaria, «kontent»

Nafarroako Osasun kontseilari Marta Berak gobernuko gainerako kideen aurrean aurkeztu zuen, atzo, Nafarroako Lan Osasunerako III. Plana osatzeko proposamena, 2015-2020 eperako. Hedabideen aurrera agertu zen gobernuko kideen bilera amaitu eta gero, eta azaldu zuen hilaren 28ra bitarte herritarren ekarpenak jasotzeko epea zabalik izanen dela.

Bere departamentuaren lanaz mintzatu zen Bera, halaber. Eta kontent agertu zen kontseilaria. Haren ustez, legegintzaldiaren hasieran zehaztutako helburuak betetzea lortu dute. «Gure osasun sistemaren produktibitatea hobetu dugu, berrordainketarik gabe, murrizketak egin gabe eta osasun unibertsala defendatuz». Hutsen bat ere onartu zuen Berak: «Argi dago hainbat pertsona aukeratzerakoan okertu egin nintzela», erran zuen Osasun Departamentuko buruak. 400 lanpostu sortzeko erronka, azkenik, bideragarritzat jo zuen kontseilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.