Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioak egingo dituzte martxoaren 16an

Osakidetzaren «desegitea eta pribatizazioa» salatuko dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak iazko azaroan Bilbon eginiko manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Azaroan egin zituzten plataformek azken manifestazio handiak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko otsailaren 19a
17:25
Entzun

Osasungintza publikoaren aldeko OPA herri plataformak kalera aterako dira berriro martxoan, Osakidetzaren «desegitea eta pribatizazioa» salatzeko, eta osasun arreta «publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubidea» aldarrikatzeko. Hilaren 16an, larunbatarekin, manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Gasteizen 12:00etan, eta Donostian 17:00etan, Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde. Pribatizaziorik ez. Osakidetzaren eraisterik ez lelopean, Euskadiko Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak ohar bidez jakinarazi duenez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun arreta publikoa «egoera kritikoan» dela salatu dute deitzaileek. Arretarako eskubidea «nabarmen urratuta» ikusten dute, «bereziki lehen mailako arretaren narriaduragatik, Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketa eta pribatizazio politiken ondorioz». Osakidetza «desegiten» ari diren seinale, gogora ekarri dute Laudion (Araba) medikurik gabeko etengabeko arretako gunean hildako gizonaren kasua: «Agerian uzten du herrialde, eskualde eta herri guztietan bizi dugun arazo estrukturala: ordutegi murrizketak, itxierak... EAJk eta PSEk ezarritako nekropolitika sanitarioaren ondorioz».

Era berean, Jaurlaritzari aurpegiratu diote gizartearen eskaerei «entzungor egitea», eta erantzun «bakarrak» hauek izatea: «osasun pribatua gizentzen jarraitzea» eta «inbertsio plan handiak» iragartzea: «Eraikinak egiteko 277 milioi, lantaldeak indartuko ez dituzten obretan eta adreiluan». Horren ordez, egiturazko aldaketak galdegin dituzte, eta, besteak beste, lehen mailako arreta osasun sistemaren erdigunean jartzea eta arlo horri dagokion aurrekontua osasun aurrekontuaren %25 izatea. Horiek erdiesteko, «ezinbestekotzat» jo dute mobilizazio soziala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.