Hunkitu egiten da izan dituen lanei berriz eusteko aukerari buruz galdetzean. Alkate lana aipatzean dir-dir jarri zaizkio begi niniak. Ahotsaren doinua aldatu zaio Udalbiltzari buruz mintzatzean. Aurpegia goxatu. Maitemina duela aitortzen du.
Zer egiteko asmoa duzu hemendik aurrera, ez zaituztela espetxeratuko jakin ondoren?
Momentu honetan, ia berriro jaio banintz bezala sentitzen naiz; berriro jaiota! Aurrea berriro garbi ikusten dut, eta irekia, oso-oso irekia, dena irekia. Pozik nago. Oso pozik.
Berriz izango zinateke alkate?
Bai, izango nintzateke, eta gustura, gainera! Nik uste dut politikagintzan dagoen lekurik interesgarriena, politena, ederrena dela alkate lana. Batez ere herri ertainetan; ez hiri munstroetan, baina herri ertainetan, jendearekin duzun harreman zuzen-zuzen hori oso aberasgarria eta oso polita da.
Zer egingo zenuke alkate bazina?
Demokrazia parte-hartzailea bultzatuko nuke, baina asko-asko. Demokrazia parte-hartzailea gauzatzeak lan handia ematen du, eta geldoa ere bada; baina oso aberatsa da, eta merezi du. Hortik joko nuke. Egiten den guztia hortik egin nahiko nuke.
Eta, Udalbiltzari dagokionez?
Udalbiltza da betidanik izan dudan ametsa; errealitate bihurtutako ametsa da Udalbiltza. Ni benetan maiteminduta nago Udalbiltzarekin! Instituzio gisa, maiteminduta nauka. Eta horretara nire indar guztiak emango nituzke.
Alkate izan gabe ere Udalbiltza sustatzeko ahaleginean jarraitzeko asmoa duzu?
Nik uste dut baietz. Uste dut Udalbiltzan egon garenok, denok, barru-barrutik maitatu dugula Udalbiltzaren filosofia eta lan egiteko modu hori, eta uste dut beti egongo garela Udalbiltza bultzatzen eta horretan egin ahal dugun lantxoa egiten.
Zein mezu eman nahiko zenuke Udalbiltzako presidente gisa?
Udalbiltza dela Euskal Herrian itxaropen asko emango duen instituzioa eta itxaropen horiek errealitate bihurtuko dituen erakundea. Eta Udalbiltzak berak behar duela laguntza, parte-hartzea, babesa, batez ere hautetsiengandik, baina baita ere gizarte eragileengandik, zeren Udalbiltzak proposamen berri asko dauzka egiteko Euskal Herriari. Udalbiltza aske bat behar da. Zentzu guztietan aske izango dena: aske egon behar du estatutik etortzen diren erasoetatik. Baina beste alor batean ere izan behar du aske Udalbiltzak: Euskal Herri barruan bertan egon daitezkeen kontrol tentazioetatik izan behar du aske. Eta beste gorputz iraunkor batzuk sortu behar ditu Udalbiltzak gainerako eragile sozial eta politiko guztiekin batera. Gorputz horien zutabeek beste alor batzuetakoak ere izan behar dutelako: bai arlo teknologikoan, bai akademikoan, bai pentsalari eta intelektualei dagokienez... egin behar dugu lan. Ezin dugu soilik politika egin. Herri batek berez dituen beste arlo batzuk ere antolatu behar dira. Eta horri iraunkortasuna eta blindatzea eman behar zaio.
Beraz, ikusiko dugu Udalbiltza sendo bat?
Bai, bai, bai. Ni konbentzituta nago. Dudarik gabe. Ez dut duda pitinik ere egiten baietz esaterakoan. Baietz, ikusiko dugula, eta oso sendoa, gainera.
«Oso gustura izango nintzateke berriz alkate, lan politiko ederrena delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu