Koronabirusa

Ospitalean daudenen kopuruak goia jo du asteotako kutsatzeen ondorioz

Koronabirusaren eraginez, 551 lagun daude erietxean; bigarren olatuko ospitaleratu kopururik handiena. Nafarroan, kasuak nabarmen jaitsi dira, baina PCRen %12k positibo eman dute oraindik

Ospitalean daudenen kopuruak goia jo du asteotako kutsatzeen ondorioz.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun

Egunetik egunera, birusak gero eta ohe gehiago ditu hartuak ospitaleetan. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, kutsatuen kurbak apaltzera egin du azken egunean, baina, kontrara, bigarren olatuko daturik makurrenak erregistratu dira erietxeetan, azken asteetan kutsatzeek gora egin ostean. Koronabirusaren ondorioz ospitaleratuta dauden lagun kopuruak goia jo du Hego Euskal Herrian: 551 daude erietxeratuta. Bigarren olatuko kopururik handiena da. Zainketa intentsiboetako unitateetan ere inoiz baino gaixo gehiago daude: 85. Herenegun, 30 lagun ospitaleratu zituzten birusagatik.

Kutsatuen kopuruari dagokionez, aurreko egunean baino hemeretzi positibo gutxiago atzeman dituzte Hegoaldean, astelehenean egindako testetan. 9.830 PCR proba egin zituzten, eta 891 kasu zenbatu dituzte. Hala ere, kopurua ez da apaldu Hegoaldeko lurralde guztietan. Are, kontrako bi joera daude datu horren atzean: Nafarroan eta Araban, behera egin dute kasuek; Bizkaian eta Gipuzkoan, ugaritu egin dira.

Beste behin ere, Nafarroan atzeman dute positibo gehien azken egunean, baina beherakada handia izan da egun batetik bestera. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 362 kasu zenbatu dituzte foru erkidegoan, aurreko egunean baino ia 200 gutxiago. Izan ere, bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena atzeman zuten bezperan: 546 positibo izan ziren, eta %17,6koa izan zen proben gaineko positibo tasa.

%5etik urrun

Apaltzea aski nabaria izan da tasari dagokionez ere: 3.067 proba egin zituzten herenegun , eta horien guztien %11,8k eman dute positibo.

Dena dela, urrun daude adituek aholkatzen duten eta Nafarroako Gobernuak berak helburutzat zehaztu duen %5etik.

Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, COVID-19 kasuak nabarmen ugaritu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, igandeko testetan beherakada izan ondotik. Zehazki, Bizkaian 255 positibo atzeman zituzten astelehenean, bezperan baino 117 gehiago. Gipuzkoan, 224 kasu zenbatu dituzte; hau da, joan den egunean baino 74 gehiago. Araban, ordea, apaldu egin da atzemandako positibo kopurua: 44 izan dira, aurreko egunean baino 26 gutxiago.

Osakidetzak 6.763 PCR proba egin zituen herenegun, eta horietatik %7,8k eman dute positibo. Azkenaldian erregistratutako daturik makurrena izan da, hortaz.

Kutsatzeek azken egunetan utzitako datuek aise erakusten dute pandemiaren bilakaera okertu egin dela Hegoaldean. Aipatzekoak dira Nafarroako egoera larria eta Gipuzkoaren azken egunetako joera. Hain justu, bi lurralde horietan dira handienak 100.000 biztanleko intzidentzia tasak. Nafarroan, 100.000 biztanleko 729ri atzeman diete birusa hamalau egunean. Gipuzkoan, berriz, 100.000 biztanleko 331ri atzeman diete. Halaber, 100.000 biztanleko 259k dute koronabirusa Araban, eta Bizkaian, 233k.

Azken egunetan birusak gogorren jotako herriei dagokienez, kontuan hartzekoa da Hegoaldeko 129 udalerritan dutela 100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiagoko tasa —herri txikiak dira batzuk, eta kutsatu batzuekin asko igotzen da tasa—. Nafarroan daude gehienak, 97, eta tartean daude Iruñea eta Tutera; hain justu, birusaren eraginik handiena Iruñerrian, Erriberan eta Sakanan dute, besteak beste. Neurri txikiagoan, baina kutsatzeek gora egin dute Gipuzkoan ere, eta bereziki sumatu dute hori Tolosaldean, Goierrin eta Azkoitia-Azpeitian; herrialde horretan, hemeretzi herrik dute 500 kutsatuko tasa baino handiagoa. Egoera arinagoa da Bizkaian, zortzi herrik baitute tasa handia, eta Araban, bostek.

Bestalde, birusaren ondorioz izandako heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken egunean bi lagun hil dira foru erkidegoan gaitzarengatik: 83 urteko emakumezko bat eta 79 urteko gizonezko bat. Gainera, gobernuak jakinarazi du azken egunetan beste bost pertsona ere hil dituela birusak: zehazki, hiru emakumezko (83, 86 eta 89 urte) eta bi gizonezko (87 eta 94 urte). Halaber, zahar etxeetako hiru egoiliar hil dira azken orduetan: bat Bizkaian, beste bat Gipuzkoan eta bestea Araban.

%1eko positibo tasa

Pandemiaren hedapena kontrolatzeko asmoz, Jaurlaritzak baheketa masiboak agindu zituen joan den astean Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan. Osakidetzak atzo eman zuen emaitzen berri: bi kasuetan, testen gaineko positibo tasa %1ekoa izan da. Zehazki, 3.069 herritarri egin zieten testa Azkoitian, eta 35 kasu atzeman dituzte. Gasteizko Sansomendin, berriz, 1.846 test egin zituzten, eta 18 positibo zenbatu dituzte guztira.

Intzidentziaren azken datuak direla eta, Jaurlaritzak beste baheketa bat abiatuko du ostegunean: Azpeitian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.