Ospitalera, kartzelatik bueltan

Istripua izan dute hiru senidek Ugaitz Perez presoa bisitatzetik bueltan, eta erietxera eraman dute haietako bat: Jone Artola.Sakabanaketaren aurka «jarrera irmoa» eskatu die Etxerat-ek politikariei

AP-68 errepidean gertatu zen istripua, Tutera parean (Nafarroa), igandeko 00:45 aldera. Atzean, Jone Artolaren eta haren senideen autoa. NAFARROAKO GOBERNUA.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Hiru saihets eta humero hezurra hirutan hautsita, eta bularrezurra pitzatuta. Horiek izan dira Etxerat-eko bozeramaile eta iaz Bilboko Aste Nagusiko txupinera izandako Jone Artolak jasandako ondorioak, auto istripu baten ondoren. Ugaitz Perez euskal presoa bisitatzetik zetorren Castellon II espetxetik (Herrialde Katalanak), bikotekidearekin eta semearekin: ia 600 kilometro joaneko bidean, beste hainbeste itzuleran. Tutera parean (Nafarroa), bidetik irten zen auto bat, eta kontrako bidean geratu zen iraulita, presoen senideen ibilgailua zetorren bide berean. Ezin izan zuten saihestu, eta jo egin zuten.

«Oso larria» izan zen ezbeharra, Etxerat-en hitzetan. Presoen senideak zauritzeaz gain, beste autoan zetorren pertsona bat zendu zen: 31 urteko Zaragozako emakumea (Espainia). Artola Tuterako ospitalera eraman zuten aurrena, eta gero Basurtukora (Bizkaia). Behaketa gelan zuten atzo, eta ebakuntza egin beharko diote. Bikotea eta semea etxean dira, ebaki eta kolpeekin.

Etxerat-ek jakinarazi duenez, ostiralean irten ziren hiruak Bilbotik, larunbatean bisita egiteko. Kartzelatik bueltan, igandeko 00:45ean izan zuten ezbeharra. «Sakabanaketa indarrean jarri zutenetik, Jone eta bere senideak astebururo errepidean egotera derrigortu dituzte, beste milaka senide eta lagun bezala. 30 urte errepidean, astebururo, bizitza jokoan jartzen», salatu zuten elkartetik. Euskal presoen senide eta lagunek aurten izandako bederatzigarren istripua da.

Agerraldia gaur, Bilbon

Bide horretatik egin dute salaketa Etxerat-ekoek, giza eskubideak «sistematikoki» urratzen dizkietela esanda: «Espetxe politika honek senideak hiltzen ditu». Horregatik, presoen sakabanaketaren aurkako «jarrera irmo, zehatz eta azkarra» eskatu diete erakunde eta alderdietako ordezkariei: «Garaia da aski dela argi eta ozen esateko. Baina bada hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua ere». Gaur, agerraldi jendetsua egingo dute, 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean.

Sarek ere salatu du istripua, eta esan du «zigor erantsia» dela sakabanaketa presoen familientzat. Horregatik, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak dio politika hori amaitu behar dela, giza eskubideak urratzen dituelako. Gogora ekarri du, esaterako, hamasei lagun hil direla halako ezbeharretan hogeita bost urte hauetan. «Jendarte osoa, kolore guztietako herritarrek elkartu behar dugu. Sakabanaketa amaitzea lortuko dugulako guztiok, elkarrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.