Ospitaleratzea ordaintzeaz hitz egiteko prest dago Sanz

Medikuarenera joateagatik kobratzeko alde bakarreko neurririk ez duela hartuko adierazi du

Iruñeko Ospitalea. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak ez du medikuarengana joatea herritarrei ordainarazteko neurririk hartuko. Hori adierazi du Miguel Sanz presidenteak Nafarroako Parlamentuan, baina osasun sistemaren bideragarritasuna ziurtatzeko eztabaida «estatu mailan» zabaltzearen alde agertu da.

Nafarroa Baik egindako galdera bati erantzuteko azaldu zen, atzo, Sanz parlamentuan, eta ukatu egin zuen medikuarengana joateagatik ordaintzearen aldekoa dela. «Ez dut esan herritarrek ordaintzearen alde nagoenik, baizik eta sistema sustengatzearen aldekoa naizela. Eta eztabaidatzearen aldekoa». Sanzek ez luke gaizki ikusiko ospitaleratzeari eta mantenuari tasa osagarri batzuk ezartzeaz hitz egitea. Hala ere,ez lukete osasun laguntzaren eta ebakuntzen doakotasunean eragin beharko.

Osasun sistema publikoko medikuarengana joateagatik gaixoari kobratzearen aurka egon arren, Sanzen aburuz «oso kezkagarria» da administrazio batzuek osasun faktura ordaintzeko duten zailtasuna: «Nafarroa da hornitzaileei azkarren ordaintzen dien erkidegoa. 53 egunean egiten du. Beste batzuek hiru urte behar dituzte». Osasun sistema publikoak Espainiako estatuan 12.000 milioi euroko zorra duelagaineratu zuen Sanzek. «Eta nahi badugu sistema mantendu, denboran iraunkorra egin behar dugu».

Nolanahi ere, Nafarroak ez duela osasun sistemaren doakotasunari buruzko inolako neurririk hartuko nabarmendu zuen Sanzek, «erreforma hori, egitekotan, indar politikoen arteko akordioaren eta kontsentsuaren aterkipean egin beharko delako».

Ordainketaren kontra

Sanzi erantzunez, Asun Fernandez Garaialde NaBaiko parlamentarioak aipatu zuen egungo osasun sistema «ona» dela. «Eta negozio espazioak bilatzen dituzten sektoreek eta haiek babesten dituzten politikariek sustatzen dituzte sistemaren bideragarritasunari buruzko zalantzak».

Medikuarenera joateagatik ordaintzeak ez lukeela osasun gastua murriztuko gaineratu zuen Fernandez Garaialdek: «Beste herrialde batzuetako errealitateak erakusten du inplementazio kostuek gutxitu edo ezabatu egiten dutela dirua biltzeko gaitasuna». Hain zuzen ere, gaixoari medikuarenera joateagatik ordainarazteak ez lukeela onurarik ekarriko adierazi zuen NaBaiko parlamentarioak, «eta bai, ordea, kalteak osasun arloan».

Roberto Jimenez sozialistak, bere aldetik, osasun sistema «unibertsal, doako eta publikoa» defenditu zuen legebiltzarrean eginiko agerraldian, eta eztabaida, «zenbakiena baino gehiago, ideologikoa» dela nabarmendu zuen. «Neurri hori hartu baino lehen, doakotasuna bermatzeko bestelako politika fiskala egin beharko litzakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.