Azpiegiturak

Ostiral arte atzeratu da AHTaren aurkako pintaketa bat egiteagatik lau laguni egiten ari zaien epaiketa

Gaur hasi da epaiketa, Nafarroako Auzitegian. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatzen du batentzat, eta 20 hilabetekoa beste hirurentzat.

2011ko martxoaren 31
15:50
Entzun

2010eko apirilaren 10ean Zizurko kale batean AHTaren aurkako pintaketa bat egitea egotzita, lau pertsonaren epaiketa hasi da gaur Nafarroako Auzitegian. Lekuko bat ez zegoenez, bertan behera geratu da hurrengo ostiralera arte. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuetako batentzat, eta 20 hilabeteko espetxe zigorra beste hirurentzat.

Lau akusatuek ez deklaratzeko eskubideari eutsi diote. “Epaiketa hau ez dut onartzen, eta ez dut erantzungo”, adierazi dute epailearen aurrean. Fiskaltzak akusatuetako batentzat bi urteko espetxe zigorra eta 5.400 euroko isuna eskatu du, eta beste hirurentzat 20 hilabeteko espetxe zigorra eta 4.860 euroko isuna. Gainera, Zizurko Udalari 2.500 euroko kalte-ordaina eta 34.000 euroko bermea lauren artean ordaintzeko eskatu du. Epaiketa egiten zen bitartean, elkarretaratze bat egin du AHT Gelditu! Elkarlanak Epaitegiaren aurrean, AHTaren aurkako pintaketak: kartzela arriskua lelopean.

Zizurko hiru udaltzain eta foruzain bat izan dira epaiketan lekuko gisa. Udaltzainek adierazi dutenaren arabera, herritar baten deia jaso zuten eta “norbait” pintaketa bat egiten ari zela esan zuen. Herritarrak aipatutako lekura joan zirenean bi pertsona furgoneta batera igotzen ikusi zituzten. Ondoren, furgonetan zeuden lau pertsona identifikatu zituzten, eta furgonetan margoa eta margotzeko tresnak zeudela adierazi dute. Pertsonek gorputza margoz zikinduta zutela gaineratu dute. Zizurren beste bi pintaketa ikusi zituztela esan dute. Foruzaina udaltzainak laguntzera joan zen, eta “margoa eta margotzeko tresnak” ikusi zituela esan du.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.