Otegi: "Akordiorik ez da egon, konpromisorik ez dagoelako"

Prozesua abiatzeko baldintzarik ez dela jarri behar esan du ezker abertzalearen batzorde negoziatzaileko kideak. "Mahai gainean gatazka gainditzeko aukera dugu, ez nolanahikoa, baina aukera hau baldintzarik jarri gabe eraiki genuen".

2007ko apirilaren 16a
18:36
Entzun
Hilabeteak eta hilabeteak egin dituzte alderdi politikoek hitz egiten normalizazio politikoa lortze aldera, baina Arnaldo Otegi ezker abertzalearen batzorde negoziatzaileko kideak esan du ez dutela akordiorik lortu, "bi arrazoigatik". "Batetik, akordiorik ez da egon, gatazkak elikatzen dituzten osagaiak agenda politikoan sartzeko konpromisorik ez delako egon. Eta bigarrena, eta garrantzitsuena, ez delako konpromisorik egon Euskal Herrian elkarrizketaren eta akordioaren bidez benetan eskenatoki demokratiko bat osatzeko, non proiektu independentistak beste proiektuekin batera era demokratikoan eta baldintza beraietan lehiatzerik izango lukeen".

EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu batik bat Otegik, akordioei bidea ixteko eginahalak egin dituztelakoan.

Hala ere, ezker abertzaleak saiatzen segituko duela esan du, "prozesuak aurrera egitea alderdien esku dagoelako, inoren begira egon gabe". Horretarako, haren ustez, ez da baldintzarik jarri behar. "Mahai gainean gatazka gainditzeko aukera dugu, ez nolanahikoa, baina aukera hau baldintzarik jarri gabe eraiki genuen. Orain baldintzak jartzea, arduragabe jokatzea da. Borondatea baldin badago, bihar bertan has dezakegu prozesua".

Rufi Etxeberria, Arantxa Santesteban eta Unai Fano ezker abertzalearen batzorde negoziatzaileko kideak ere egon dira prentsaurrekoan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.