Politika

Otegi: "Alderdien Legeak espreski eskatzen dituen baldintzak bete egin ditu ezker abertzaleak"

Lege hori antidemokratikoa izan arren "bide demokratikoetatik" erantzuteko hautua egin dutela azpimarratu du, eta erabaki horren baitan kokatu du ASB Abertzale Sozialisten Batasuna erroldatzeko erabakia. Horrenbestez, gatazka konpontzeko eta prozesua abiatzeko osagai guztiak mahai gainean daudela iritzi dio.

2007ko martxoaren 28a
19:10
Entzun
ASB Abertzale Sozialisten Batasuna alderdia eratuz eta erroldatuz Espainiako Alderdien Legea bete dutela azaldu du Arnaldo Otegik. Alderdien Legea "antidemokratikoa" dela azpimarratu du, baina egun gatazka konpontzeko aukera zaballik dagoenez "ardura eta zorroztasun handiz" jokatzeko unea dela iritzi dio, eta ardura eta zorroztasun horien baitan kokatu du Alderdien Legeari men egitea.

Halaber, Alderdien Lege "antidemokratikoari" tresna "demokratikoekin" erantzuteko erabakimena dutela erantsi du, eta horregatik ere egin dutela betetzeko hautua. Era berean, keinu horrek ezker abertzaleak prozesuarekin duen konpromisoa berresten duela esan du, eta, areago, prozesua martxan jartzeko beste urrats bat dela.

Hain zuzen ere, konponbideaz eta prozesuaz aritu direnean, ezker abertzaleak hiru oinarri ezarri dituela agertu du: batetik, gatazkaren sustraietara jo behar dela. Bestetik, setkore guztiek berdintasunean parte-hartzeko aukera izan behar dutela. Hirugarrenik, indarkeriarik gabeko eszenatoki batean gauzatu behar dela. Hiru oinarri horiekin koherente jokatu dutela nabarmendu du Otegik, eta bide horretan etorri direla Anoetan prozesurako metodologia aurkeztea eta Anaitasunan eduki politikoaren zati bat.

Oraingoan, bigarren premisari heltzea dagokiola iritzi dio, eragile guztiek berdintasunean parte hartu behar dutela dioenari. Horrenbestez, berdintasunean parte hartzeko aukera horren baitan kokatu du Otegik Alderdien Legea betetzeko erabakia.

Urrats hori eginda, prozesua abian jartzeko osagai guztiak mahai gainean daudela azpimarratu du, eta orain aurrera eramateko borondatea behar dela. Une erabakigarria aintzat hartuta arduraz jokatzeko eskatu die gainerako eragile politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.