Euskal Herriko eta nazioarteko politika, sindikalgintza, kultura, kirola eta gizarte eragileetako 250 pertsona ezagunek Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea aske uzteko eskatu dute, Arnaldo Otegi buruzagi politikoa berehala askatzearen alde agiria sinatuta. Hura kartzelan edukitzea «justifikaziorik gabekoa» dela uste dutelako eta Otegik kalean egin dezakeen lanak «biolentzia era guztien amaieran» lagun dezakeela sinetsita daudelako eskatu dute Otegi askatzeko, «lanbidez, kulturaz eta ideologiaz desberdinak» direnek.
Ez teknikoki, ez politikoki
Ikuspegi juridikotik ez dagoela Otegi preso edukitzeko arrazoirik ohartarazi dute sinatzaileek; ez direla «urrunetik ere» betetzen legeak badaezpadako espetxealdiak luzatzeko eskatzen dituen baldintzak: ez dagoela ez iheserako arriskurik, ez ikerketa judizialak oztopatzekorik.
Ezker abertzaleko buruzagiak Euskal Herriko «arazo politikoen konponbidea baliabide baketsu eta demokratikoen bitartez lortu nahi duela» agerikoa dela diote. Asmo horrekin aritu dela lanean. Areago, Otegi aske uzteak eta berak kalean egin dezakeen lanak bakegintzan lagun dezakeela esan dute. «Euskal Herrian aspalditik amesten den helburua» lor daitekeela: «Pertsona zein eragile guztiak modu librean aritzea bizitza arlo guztietan».
Horregatik eskatu diote Otegi «berehala» askatzeko «Espainiako Erresumako Gobernuari», Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalari. Sinatzaileen ordezkaritza batek eskaera auzitegira bertara eramango du, gainera, ostegunean, Anoetako Proposamena plazaratu zen ekitaldiagatik Otegi bera, Joseba Permach eta Joseba Alvarez epaituko dituzten egunean.
Otegi askatzeko eskatu dute 250 pertsona ezagunek, baketzean lagun dezan
Sinatzaileen ordezkari taldea Madrilera joango da ostegunean, Otegi, Permach eta Alvarezen epaiketa hasierara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu