Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez espetxeratu egin ditu Garzon epaileak

«Ezker abertzalearen koordinazio batzordea» osatuta «erakunde terroristako kide» izatea leporatu die zortzi atxiloturi. Abertzaleen elkarlana sustatu nahi izatea akusazioa egiteko frogatzat erabiltzen du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko urriaren 17a
17:23
Entzun

Batasuna berreraikitzen saiatzen ari zirela argudiatuta asteartean Espainiako Poliziak atxilotu zituen hamar lagunetatik erdiak espetxera bidali ditu Baltasar Garzon epaileak. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta kartzelatzeko agindu du, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartu ondoren. Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz aske utzi ditu, badaezpadako neurririk ezarri gabe. Mañel Serra, Amaia Esnal eta Txelui Morenori, berriz, hamarna mila euroko bermea ezarri die aske geratu ahal izateko. Dena den, bost eguneko epea eman die bermea ordaintzeko, eta, beraz, espetxera joan gabe, atzo iluntzean askatu zituzten, Auzitegi Nazionaletik bertatik.

Oiz eta Etxeberria ez beste guztiei, «erakunde terroristako kide» izatea leporatu die. Baina, azken egunotan hedabideetan zabaldu denaren kontra, Garzon ez da Batasunaren Mahai Nazionala berrosatzeari buruz mintzatzen 55 orriko autoan. «Polizien jarraipenen arabera, ezker abertzalearen koordinazio batzordea osatzen dute» Otegik, Diezek, Zabaletak, Rodriguezek, Jacintok, Esnalek, Morenok eta Serrak. Hala zehaztu du autoan.

Ezker abertzalearen ildoak

Batasuna ez du ia aipatu ere egiten auto osoan. Ezker abertzaleari buruz ari da etengabe. Bateraguneak ezker abertzalea koordinatzeko lana duela dio, eta hori ETAren aginduetara egiten duela. Horregatik egotzi die «erakunde terroristako kide» izatea.

Ezker abertzaleak azken hilabeteetan publiko egin dituen analisi eta apustuak jasotzen ditu atxilotuak espetxeratzeko argudioetan. Hausnarketa eta ildo politiko horiek jasotzen dituen txostenak izatea erabiltzen du frogatzat. Alderdi eta gizarte eragile subiranisten indar metaketaren alde egindako apustua, esaterako, sarri aipatzen du. Elkarlan horren helburua Euskal Herriak estatua sortzea dela azaltzen du. Ez hori bakarrik. Ezker abertzaleak eta bereziki espetxeratuetako batzuek konponbiderako egin duten lana ere jasotzen du, Otegik egindako saioak bereziki. Baina hori guztia ETAren menpe jartzen du. Saio horiek ETAren aginduz egin dituztela esanez arrazoitzen du lan politikoa delitu bihurtzea.

EA, Aralar, AB eta ELA

Garzonen esanetan, ETAk «proiektu politiko-militarra» egin zuen 2008ko abenduan. Eta proiektu horren barruan jasotzen zuen «ezker abertzalea beste eragile politiko eta sozial subiranista edo independentistekin elkarlanean aritzea, Eusko Alkartasunarekin batez ere». EAri buruz luzeago ari den arren, Aralar, AB eta ELA ere aipatzen ditu.

«ETAren proiektu» hori betearazteko lana zuten atxilotuek, Garzonen esanetan. Garzonek hor jasotzen du 2009ko martxoan publikoki aurkeztu zuten apustua, ezker abertzalearen izenean. «Herri honentzat estatu bat sortu nahi duten indar politiko, sozial eta sindikalekin analisiak trukatzeko dinamika» iragarri zuela, eta «Euskal Herrian prozesu demokratikoa eratzeari begirako indar subiranisten metaketa» oinarri zuela.

Eta ezker abertzalea independentziaren aldekoen indarrak biltzen saiatu dela ohartarazi du Garzonek. Areago, metaketa hori egin ahal izateko «oztopoa» gainditze aldera ETAren «su-eten txikiak» lortzeko ahaleginak egin dituela dio. Otegi aipatzen du espresuki lan horretan. Garzonen esanetan, «nazio mailan antolatu eta indar abertzaleak batzea» posible izan zedin, ETAren ekintza armatuak sei bat hilabeterako isilaraztea hitzartu zuen Otegik. Baina hori amarrua besterik ez zela uste du epaileak. Indar abertzaleen batasuna sinatzeari begirako neurria besterik ez zela; ez ETA desagerrarazteari begirakoa.

Eusko Alkartasunarekin elkarlanean aritzeko saioak ere egin dituela dio epaileak. Baina hori ETAk aginduta egin duela. «ETAk egin du plana eta ezker abertzaleak gauzatzen du».

Baieztapen horiek egiteko, hainbat adierazpen publiko adibidetzat jartzen ditu. Ezker abertzaleak independentziaren aldekoen indarrak biltzeko asmoa duela dioten adierazpenak eta barne txostenak; ezker abertzalearen hausnarketak eta lan ildoak azaltzen dituzten txostenak; elkarlan horren aldeko apustua baieztatzen dutenak.

Baina, Garzonen ustez, ezker abertzaleak hori ez duenez bere kasa pentsatu, ETAren aginduz egin duenez, delitua egin du. Gainera, Bateragunearen lana Ekinenarekin alderatu du, Ekin legez kanpokoa dela ohartarazita. Bateraguneak ETAren plangintza betetzen ote den egiaztatzeko ardura zuela dio, eta horren berri ETAri ematekoa.

Horregatik espetxeratu ditu aske geratzeko aukerarik gabe Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta «erakunde terroristako kide» izatea egotzita.

Ainara Oiz eta Rufi Etxeberria

Ainara Oiz izan zen 11:00etatik aurrera Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen lehena. Iruñean atxilotu zuten Oiz, asteartean, Miren Zabaletaren etxeko atarian, «etxetik paperak ateratzen ari zela», akusazioaren arabera. Hortaz, ez zioten gainontzekoei bezala «erakunde terroristako kide» izatea egotzi eta askatu egin zuten.

Rufi Etxeberria ere askatu zuten atzo. Ezker abertzalearen koordinazio lana egingo lukeen Bateragune taldeko kide izatea egozteko oinarria gutxienez azken sei hilabeteetan bilera ugari egin izana da. Areago, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak publikoki esan zuenez, hilabeteetako ikerketen ondorio izan dira astearteko atxiloketak. Poliziek urte erdia behintzat zeramaten atxilotuak eta LABen Donostiako egoitza zelatatzen. Baina Etxeberria preso izan dute azken bi urteetan, duela hilabete askatu zuten arte. Hortaz, fiskalak berak azaldu duenez, akusaziorako oinarri diren bilera horietan ezin izan du parte hartu Etxeberriak.

Hernanin kalean zirela atxilotu zituzten biak, berriz, baldintzapean utzi ditu aske Garzonek. Amaia Esnal eta Mañel Serrari hamarna mila euroko bermea ezarri die espetxea saihesteko. Baita Txelui Moreno Iruñean atxilotutakoari ere. Bateraguneko kide izatea eta, beraz, «erakunde terroristako kide» izatea leporatu die horiei ere, baina horien parte-hartzea txikiagoa dela dio.

AIk ohartarazi du akusazioak «legalitate printzipioan» oinarritu behar direla

Asteartean atxilotutako ezker abertzaleko kideen aurkako akusazioek «legalitate printzipioan» oinarrituta egon behar dutela adierazi du Amnesty Internationaleko buru Esteban Beltranek. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin zuen atzo AIko kideak, eta ezker abertzalearen aurkako sarekadaz galdetuta eman zuen erantzuna. Beltranek ohartarazi zuen atxiloketak eta espetxeratze aginduak zehatzak izan behar dutela, hau da, egiaztatu behar dutela delituak «indibidualak» izan direla eta atxilotutako lagunek harreman argia izan dutela «erakunde gaizkileekin». Horri lotuta, Beltranek adierazi zuen Amnesty Internationalentzat «kezkagarria» dela Espainian «terrorismoaren» akusazioekin lotura duten Zigor Kodearen eta Alderdien Legearen hainbat artikulu nola erabiltzen dituzten.

ETBk hiru lagun kargutik kendu ditu atxiloketen albistea eman ondoren

Ezker abertzalearen kontrako polizia operazioaren albistea eman ostean, kargu aldaketak izan dira Euskal Telebistako albistegietako arduradunen artean. Asteazkenean, eguerdiko albistegian eta gauekoan ezker abertzalearen kontrako polizia operazioaren ondorenak eragindakoak landu zituzten -astearte arratsaldean izan zen polizia operazioa, hamar lagun atxilotu zituzten-. BERRIAk jakin duenez, albiste horiek argitara eman ostean, Ane Miren Lizarralde eguerdiko albistegietako editorea eta Marian Etxeberria gaueko albistegietako editorea kargutik kendu zituzten. Ana Aizpirik hartuko du eguerdiko albistegien edizioaren ardura, Ane Miren Lizarraldaren tokian. Eta gauekoa, berriz, Begoña Zubietak hartuko du. Koedito-re lanetan Marisa Ozalla izango du laguntzaile. Aldaketa horiek astelehenetik aurrera jarriko dituzte indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.