Politika

Otegi: "Estrategia berriaren ardatza ezker abertzalea izango da, baina eragile gehiagoren beharra dugu"

Hurrengo bake eta konponbide prozesuak "oinarri handiak" izan beharko lituzkeela esan du ezker abertzaleko kideak, "berriro frustraziorik ez gertatzeko". Otegik ziurtatu du ez dutela hartu-emanik PSE-EErekin.

2009ko martxoaren 18a
13:35
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak gaur berriro esan du euskal estatua lortzeko beharrezkoa izango dela eragile independentisten arteko elkarlana. "Denek dakite estrategia berriaren ardatza ezker abertzalea izango dela, baina eragile gehiagoren beharra dugu", aitortu du Otegik gaur goizean ETB2n egin dioten elkarrizketan. "Apaltasunez eta eskuzabaltasunez" jokatuko dute, "nahi duenarekin esparru independentista handia lortzeko".

Hain zuzen, ezker abertzaleak astelehenean jakinarazi zuen bilera saila hasiko duela eragile independentistekin, "elkarlana" sustatu eta "estrategia eraginkorra" eratzeko xedez.

Otegiren ustez, "EAJko zuzendaritzak bere burua baztertu" egin du horretarako, "azken hauteskundeen ondoren ikusi delako alboratu egin dituela azken hamar urteak, Ibarretxeren burua eskaini duela...".

Ezker abertzaleak autokritika egiten duela agertu du hark, badakitela azkeneko bi bake eta konponbide prozesuek "frustrazioa" eragin izan dutela Euskal Herrian, eta hurrengo prozesuak -"kostatu egingo da baina egongo da"- "oinarri handiak" beharko lituzkeela uste du, "berriro frustraziorik ez gertatzeko". Dena dela, bi prozesuek "mahai gainean pieza batzuk" utzi dituztela iritzi dio, "eta Irlandako azken saioan piezak ordenatzea izan zen egin zutena".

Otegik aitortu du eragile askok ETAren jarduna desagertzeko eskatzen dutela, "eta hori kontuan hartu beharko da baina, eztabaida hori bakarrik bada, horrek ez garamatza inora. Prozesua eratzeko beste baldintzak behar badira, ezker abertzalea prest dago hitz egiteko". Eurek bakea eta normalizazio politikora begira "konpromiso sendoa" daukatela nabarmendu du, eta gizartearen gehiengoak elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa nahi dituela.

Oraingoz, behintzat, ezker abertzaleak PSE-EErekin hartu-emanik ez daukala ziurtatu du Otegik, EAJk azkeneko egunetan bestelakorik esan duen arren. "Gezurra da Jesus Egigurenekin hitz egin nuela hauteskunde gauean. Ez dut harremanik haiekin eta ezker abertzaleak ere ez".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.