'Batasuna auzia'

Otegi eta Salaberria "ETAren ordezkari" gisa auzipetzeko eskatu du fiskalak

Arnaldo Otegi eta Jon Salaberria Batasuneko kide eta Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide izandakoak "ETAren ordezkari" gisa auzipetzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Juan Moralek. 153 orriko idatzian, Otegi zein Salaberria ETAren ordezkari gisa aritzen zirela pentsatzeko "zantzuak" badirela dio fiskalak. Hori guztia argudiatzeko, KAS, Ekin, Xaki, Jarrai, Haika, Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak zein ezker abertzaleko beste erakunde batzuk "erakunde kriminaleko" zati direla ziurtatu du. AEK ere aipatu du.

2005eko ekainaren 1a
18:22
Entzun
Espainiako albiste agentziek zabaldu dituzten txostenaren zatien arabera, aipatutako ezker abertzaleko erakunde guztiak ETAren zatitzat, edo behintzat, "erakunde kriminaleko" partaidetzat hartzen ditu Juan Moral fiskalak. "Erakunde kriminalean parte hartu dutela [Otegik eta Salaberriak] hartu da aintzat; bai ETAren ordezkari gisa, bai haren lotura gisa, bai erakunde kriminaleko parte diren beste egituren arduradun gisa (KAS-Ekin, Xaki, Jarrai-Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak zein herriko-tabernen sarea). Beraz, delituzko proiektu komunean jakinaren gainean eta zuzenean parte hartu dutela", esaten du fiskalaren idatziaren pasarte batek.

1995ean, HBko Mahai Nazionaleko kide aukeratu zituztenean, hasi zirela "ETAren ordezkari" izaten iritzi dio fiskalak. Helduen alfabetatze eta euskalduntzeko AEK erakundea ere nahastu du auzian. Izan ere, KASeko liberatu gisa jasotzen zuten soldata AEKren bidez kobratzen zutela adierazi dutxostenean.

Finean, Otegi eta Salaberriari "erakunde terroristako kidetza" delitua egozten diefiskalak, eta, gainera, buruzagi mailan. Biak auzipetzeko galdegin dio Fernando Grande-Marlaska 'Batasuna auziaz' arduratzen den epaileari.

Hain justu, Otegik gaur zortzi deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, Grande-Marlaska epailearen aurrean. Deklarazioa hartu ostean, baldintzagabeko espetxea eskatu zuen fiskalak badaezpadako neurri gisa. 400.000 euroko bermepekoa ezartzea erabaki zuen, azkenean, epaileak. Ondorioz, bi egun kartzelan egin zituen Batasuneko mahaikideak, ostiralean, bermea ordainduta, kalera irten zen arte.

Salaberria, berriz, ez zen agertu deklaratzera, eta hura atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.