Otegi: "Komunikatua historikoa da, eta bakea lortzeko oinarrizko ekarpena"

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak baikor hitz egin du erakundearen adierazpenaz, eta nabarmendu du gatazkan parte izan diren alde guztiei egiten diela erreferentzia.

Arnaldo Otegi. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko apirilaren 20a
06:42
Entzun

EH Bilduko mahai politikoaren ohiz kanpoko bileraren ostean egin ditu adierazpenak Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak: "Aurrekaririk gabeko gertakari historiko baten aurrean gaude, bai PPren gobernuak zuzentzen duen autoritarismoranzko testuinguru politiko batean datorrelako eta baita agiriaren edukiagatik ere".

Nabarmendu du komunikatua ez dela soilik "eraikitzailea", bakea, elkarbizitza eta adiskidetzea lortzeko "oinarrizko ekarpena" baizik: "Autokritikarako giza balorazioa eta balorazio politikoa eskaintzen du". Horretaz gain, nabarmendu du egindako minaren aitorpen ekarpen "ezin baliotsuagoa" dela, beste era bateko etorkizun bat eraikitzeko: "Aitortza horrek denoi eragiten digu, denok izan gaitezen gai gure eratzukizunak onartzeko". Hala, gaineratu du oraindik badela egin beharreko bidea.

Goizean, EH Bilduko hainbat kidek baloratu dute albistea sare sozialen bidez. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, besteak beste.

EAJko diputatu Aitor Estebanen esanetan, ETAren agiria "euskal gizartearen eskariari erantzuteko saiakera" izan da. Estebanek garrantzia aitortu dio ETAren "lengoaian" atzeman dituen "berrikuntzak". Diputatuak espero du ETA desagertu arteko epean, eragindako mina "bidegabea" izan denaren ideian "sakontzea". Bestalde, Estebanek kiritkatu egin du biktimen arteko "bereizketa". ETAren agiria "iranagari amaiera jartzen" ari zaiola adierazi du, eta eragile politikoei eskatu die "guztion artean etorkizuna zehazten" hastea.

UPNko presidente Javier Esparzak gaitzetsi egin du ETAk "gatazkaz" hitz egiten jarraitzea. "Hemen ez da inolako gatazkarik izan. Hemen hiltzaile talde bat egon da, eta haiek hildako mila biktima inguru". Esparzak ziurtatu du "urte lazgarri hauetan guztietan gertatu denaren erantzule bakarra" ETA dela. UPNk lotsagarri jo du ETAk "biktimen arteko bereizketa" egitea. "Guztiak izan dira eta dira errugabeak". Esparzaren hitzetan, ETAk ez zuen bereizketarik egin "hiltzeko orduan", eta, orain, "bereizketa egin nahi du barkamena eskatzerakoan".

UPNko legebiltzarkide Carlos Garcia Adaneroren iritziz, "zuzenbide estatutak ETA garaitu du, hark bere helburuetako bat bera ere lortu gabe". Orain, baina, "kontakizuna irabazten" saiatzen ari dela dio Adanerok. "Ezin dugu onartu". UPNko legebiltzarkideak ohartarazi du ETAk "berdinen arteko gatazka" baten ideia errotu nahi duela. "Hemen borrero batzuk izan ziren, terrorista batzuk, eta arrazoirik gabe erailak izan ziren pertsona batzuk".

Unai Hualde Geroa Baiko legebiltzarkideak adierazi du ETAren agiria "aurrerapausoa" dela, eta erakundearen amaierarekin batera "agertoki benetan garrantzitsua" irekiko dela. ETAren adierazpena "gizartearen eskaria" zela gaineratu du Hualdek. "Berandu" iritsi da, haren iritziz. "Baina zalantzarik gabe aurrerapausoa dela uste dugu".

Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren esanetan, ETAren agiria "aurrerapauso garrantzitsua da" bakearen eta normalizazioaren bidean. "Biktimek merezi duten errespeturako ekarpena" dela adierazi du.

Patxi Zabaleta Aralarreko buru ohiaren esanetan, "ETA arrazoi politikoengatik sortu zen, eta arrazoi politikoengatik eten da".

ETAren adierazpena ontzat jo du Nafarroako Ahal Dugu-k. Alderdiko idazkari nagusi Eduardo Santosen iritziz, "positiboa da horren urrunekoa ez den garaian pentsaezinak ziruditen urratsak egin izana". ETAren hitzak, ordea, "berandu" heldu dira, Ahal Dugu-ren esanetan. "Denbora da gizarteak ETAren jardunari arbuiorik sakonena adierazi ziola". Santosek dei egin die gainontzeko alderdi politikoei "indarkeriaren ondorioak esparru guztietan" gainditzera: "Bai memorian eta elkarbizitzan, baita espetxe politikan ere".

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek adierazi du ETAren komunikatuak alde "positiboak" dituela, "behingoz" aitortzen duelako gertatu direnak ez zirela "sekula" gertatu behar, eta "kategille guztiek haien ardura aitortzeko beharra" dutela onartzen duelako. Maritinezek ETAri leporatu dio, baina, biktimen arteko "hierarkia" ezarri nahi izatea. Hala eginik, biktima batzuek gertatu zitzaiena "merezi zutela" irakotzen du ETAk, Martinezen esanetan. Elkarrekin Podemosek "salbuespenezko" espetxe politikaren amaiera galdegin du. Euskal presoen euskal herriratzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eskatu du.

Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak albiste "positibo" gisa hartu du ETAren adierazpena, eta gaineratu du horren "zain" zegoela gizartea. Hala ere, eragindako mina "gizartearen zati bati bakarrik" aitortzea leporatu dio ETAri. "Mina Espainiako gizarte osoari egin diote". Txibitek ohartarazi du "oraindik argitu gabeko hilketak" daudela.

PSEko legebiltzarkide Eneko Andueza "pozik" agertu da albistearekin; "konforme" ETAren agiriarekin. Adierazi duenez, "aurrerapauso oso garrantzitsua" da, "biktimen protagonismoari lekua ematen zaiolako". Anduezak nabarmendu du pauso "beharrezkoa eta ezinbestekoa" zela gaur publiko egin den ETAren agiria.

Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkidea bat etorri da Anduezarekin, eta albistea "positiboa" dela adierazi du. Aldiz, "onartezin" jo du ETA bere jarduna "justifikatzen saiatzea", "gatazka baten existentzian oinarrituta".

Ezkerrako legebiltzarkide Marisa de Simonek garrantzia aitortu dio ETAren adierazpenari, baina deitoratu egin du onartu ez izana erakundearen indarkeria ekintzak "biktima guztientzat" izan direla "bidegabeak, salbuespenik gabe". Simonen esanetan, ETAren agiria "35 urteko atzerapenarekin" iritsi da. Hala ere, ETAren desagerpenarekin "agertoki berri bat" irekiko dela nabarmendu du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsoren iritziz, ETAren adierazpena bere jarduna "justifikatzeko" saiakera da, eta biktimentzako "umiliagarria" da, horiek "mailakatu" egiten dituelako. Alonsok ziurtatu du ETAren hitzek ez duteka berrikuntzarik eta ez dutela damurik agertzen. Gaitzetsi egin du, halaber, ETAk bere burua "behar historiko bat bezala" aurkeztea. Erakundeak "etorkizun politikoa erabaki" nahi duela ohartarazi du Alonsok.

Nafarroako PPko presidenteAna Beltranek ziurtatu du "demokraziak eta zuzenbide estatuak" ETA garaitu dutela. Beltranek gaitzetsi egin du ETAk biktimen arteko bereizketa egin izana. "Taldeak lehen mailako biktimak daudela adierazi nahi du, hiltzea merezi ez zutenak, eta bigarren mailakoak, garrantzirik aitortzen ez dienak. Hori onartezina da". Nafarroako PPk "biktima guztientzako egia, justizia eta ordaina" galdegin du. Beltranek ETAren "behin betiko desegitea" eta argitu gabeko hilketak argitzeko lankidetza espero ditu.

Max Brisson Les Republicans alderdiko senatariak adierazi du ETAren agiriak "sinesgarritasuna" eman diela Euskal Herrian "bake prozesuaren alde engaiatu" direnei. "Gutxienez, barkamen eskaria egin da",  adierazi du. Auziak "Espainian" bere horretan jarritzen duela dio Brissonek, "oraindik baketzea ez baita eraiki".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.