Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Otegik dio euskal gizarteak duela Euskal Herriko etorkizunaren giltza

Bakea eta normalizazio politikoa ez direla oraindik heldu esan du ezker abertzaleko ordezkari presoak

Sabino Cuadra, hizketan, Anaitasunako ekitaldian, Amaiurreko hautagai eta alderdietako ordezkariz inguratuta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRES.
Iruñea
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jendez mukuru bete zen Anaitasunako pabiloia atzo arratsaldean. 2.500 lagun inguru bildu ziren Amaiurren ekitaldi politikora. Iragarrita zegoen bezala, Arnaldo Otegiren parte hartzea izan zen ekitaldian. Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak Otegiren gutun bat irakurri zuen, eta horretan Otegik dio euskal gizarteak duela Euskal Herriko etorkizunaren «giltza». Hori gauzatzeko, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Ikusmina handia zen Anaitasunan, eta inork ez zuen huts egin nahi izan. Oholtzara igo aurreko aulkietako lehen lerroan Hego Euskal Herriko Amaiurren zerrendaburuak zeuden eserita: Sabino Cuadra, Iker Urbina, Iñaki Antiguedad eta Maite Aristegi. Horien atzean, bigarren lerroan, koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak: Rafa Larreina eta Pello Urizar EAkoak, Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez Aralarrekoak, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena ezker abertzalekoak eta Oskar Matute Alternatibako ordezkaria, besteak beste.

Ekitaldiaren protagonista Otegi izan zen. Logroñoko kartzelatik idatziko gutunean Otegik dio ezker abertzaleak bete duela bere hitza eta konponbideari begira bere ekarpena egin duela. «Gatazkaren konponbideak behar zuen agertokia ireki du. Hori zen euskal herritarron nahia, eta, horretarako, alde bakarreko dinamikaren bidez, bide nagusia egin du ezker abertzaleak». Orain «uzta biltzeko» tenorea iritsi dela dio presoak. Hala ere, bakea eta normalizazioa oraindik ez direla heldu ohartarazi du. «Oso argi izan behar dugu, bakea eta normalizazio politikoa ez direla heldu Euskal Herrira».Bide horretan, eta ETAk armak behin betiko utzi dituenean ere Espainiako eta Frantziako gobernuek Euskal Herriari «erabakitzeko eta existitzeko eskubidea» ukatzen jarraitzen dutela gogoratu du. Eskubide hori lortzea euskal gizarteari dagokiola azpimarratu du. «Euskal gizarteak izan behar du bide horretan protagonista, zuek guztiok zarete giltza. Normalizazio politikoa nahi dugun guztiok izan behar dugu eraikuntza demokratikoaren parte».

ETA gabe «guztia posible» zela ziotenak ere gogoan izan ditu Otegik, eta PPri eta PSOEri Euskal Herriaren existentzia eta autodeterminazio eskubidea onartzeko eskatu die. «Euskal Herria nazio bat da? Badu erabakitzeko eskubidea? Bai bada, lanari ekin diezaiogun. Ez bada, herriak hartu behar du rol nagusia».

Independentzia

Espainiako eta Frantziako Estatutuek ezarritako eredu autonomikoak eta itun konstituzionalak «porrot» egin dutela ere adierazi du Otegik gutunean, eta Madrilera erabakitzeko ahalmena eskatzera joan behar dela iritzi dio. Horretarako balio duen boto bakarra Amaiurrena dela nabarmendu du. «Amaiur anbizio osoz dator nazio aitortza eta erabaki eskubidearen lorpenean laguntzera. Desberdinen artean. Boto desberdinak nahi ditugu, horretarako zubia izan».

Krisi ekonomikoak egoera «larritu» egin duela eta, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak are indar handiagoa behar duela uste du Otegik. «Erabaki-ahalmena behar dugu krisi ekonomikoari aurre egiteko eta behar diren erabakiak behar bezala hartzeko».

Bide horretan, burujabetzaren aldeko indarrak batzera eta independentziaren aldeko ahotsa Madrilen «zuzen eta bitartekaririk gabea» entzuteko tenorea iritsi dela uste du.

Aldaketaren motor

Otegiren ondotik, Sabino Cuadra Espainiako Kongresurako Nafarroakozerrendaburuaren txanda etorri zen. Amaiurrek bortizkeria ororen «desagerpena» bultzatuko duela esan zuen eta bozok bake prozesuan sakontzeko aukera direla. Bide horretan, Amaiur «aldaketa politikoaren motor» izatea eskatu zuen. Era berean, Madrilera herritarren eskubideak aldarrikatzera eta defendatzera ere joanen direla esan zuen Cuadrak. «Langile, gazte, emakume, erretiroa hartutako eta etorkin guztien eskubideak defendatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.