Otegik dio itzalaldiak «hausnarketa» bat eskatzen duela energiari buruz, eta «eztabaida lasaia» eskatu du

Espainiako eta Frantziako argindar sareekiko «mendekotasun izugarria dugu», EH Bilduko buruak ohartarazi duenez, eta energia berriztagarrien aldeko mezu argia eman du. EAJko buru Aitor Estebanek esan du ez duela zentzurik enpresa elektrikoak seinalatzeak.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2025eko apirilaren 30a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi bete-betean sartu da asteleheneko itzalaldiak eragin duen eztabaidan, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean. «Energiak pertsonen bizitzari eragiten dio, eta, beraz, administrazio publikoak kontrolatu egin behar du, eta ez utzi enpresa handien diru gosearen mende». Espainiako Gobernuaren ekimenez enpresa horiei jarri nahi izan zitzaien zergari erreparatu dio, eta gogoratu du esan zutela ez zutela irabazi nahikorik. «Orain ikusten dugu ez dutela behar bezain beste inbertitzen».

Asteleheneko itzalaldiari loturik, mezu argi bat helarazi du: «Hausnarketa batera eraman beharko gintuzke, baina hainbat gauza gertatu zaizkigu, eta horiek ere ez dira gai izan hausnerketa sakonak eragiteko». Eztabaida lasaia eskatu du energiaren inguruan, eta alternatibak proposatu behar direla erantsi, «negozioa baizik nahi ez duten enpresa handiak alde batera utzita».

Otegiren ustez, Euskal Herriak herrialde industriala izan nahi duen erantzun beharra dago lehen-lehenik, eta koalizioaren erantzuna baiezkoa da. Eta ondoren, beste galdera funtsezko bat egin du: «Euskal Herriak orain duen mendekotasun energetikoa baino apalagoa izan nahi du, edo ez? Gaur egun, mendekotasun izugarria dugu Espainiako eta Frantziako sareekiko», ziurtatu du.

EH Bilduko buruak jakinarazi du «enpresa ugarik» esaten diotela koalizioari ez dutela non konektatu argindarrera. «Gure industriak energia hori behar du, eta sarea modernizatzeko helburuan bat egin dezakete herrialde honetako alderdiek». Sareak publikoki kontrolatzea proposatzea «ez da gorrien kontu bat», gaineratu duenez: «Frantziako Estatuan horrela da». Sareen kontrol publikoarekin lotu du Ipar Euskal Herrian itzalaldiak eragin txikia eduki izana.

Aritz Otxandianoren aurkako erasoa

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianoren anaia Aritzek jasandako erasoari buruz ere galdetu diote Otegiri. Fagor taldeko arduraduna da, eta energia berriztagarrien auziarekin lotu du bere etxearen aurkako erasoa. «Gaur egun ikusten da energia berriztagarrien proiektu ugari daudela inolako kontrolik gabe, eta auzi horiek eztabaidak eragiten dituztela herrietan, batzuetan gogorrak». 114 proiektu eskaera daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EH Bilduko buruzagiaren arabera; bada, ziurtatu du horietako gehienak ez direla egingo: «Ehun batek edo, beharbada, baimenik ez dute lortuko». Baina horrek ika-mika eragiten duela errepikatu du, «inork ez dituelako ikusi nahi bere inguruko mendietan».

Otxandianoren anaiaren aurkako erasoa energia berriztagarrien inguruko auziarekin lotu du Otegik, dudarik gabe: «Publikoki zerbait esaten dugunean, badugu sinesgarritasun bat, eta ziurtatu dezakegu». Hori dela eta, eztabaida lasaiaren aldeko mezua eman du. «Eraso hori da, hain zuzen, egin behar ez dena. Aritz Otxandianok konpromisoa dauka energia berriztagarriekin, proiektu bat dauka, eta alternatiba bat herrialde honentzat; horixe ari gara defendatzen. Aurka daudenek esplikatu behar digute Euskal Herriak estatu bat izan behar ote duen eta herrialde industrial bat nahi ote duten, eta baita elkartasunezko herrialde bat nahi ote duten ere, zeren eta energia beti sortuko baita lekuren batean. Koherenteak izan behar dugu, eta gure ardurak hartu».

«Energia berriztagarriak ziren zentral nuklearren alternatiba. Orain, horiek nahi ez dituztenek azaldu beharko dute zer alternatiba duten»

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia

Halaber, EH Bilduko koordinatzaile nagusia iraganera begira jarri da une batez, gogoratzeko «zentral nuklearren aurkako ekimen indartsua» egon dela Euskal Herrian: «Energia berriztagarriak ziren zentral nuklearren alternatiba. Orain, horiek nahi ez dituztenek azaldu beharko dute zer alternatiba duten».

Ohartarazi du energiaren inguruko eztabaida hori egiten ez bada energia nuklearra sartuko dutela berriro «zirrikitu batetik». Eta EH Bildu ez dago prest «beste alde batera begiratzeko». Ziurtatu du koalizioaren baitan ez dagoela borroka bat berriztagarrien harira. «Gure asmoa da berriztagarriak hedatzea, baina modu ordenatu batean. Beti publikoki kontrolatuz, hemen pirata asko baitaude».

Aitor Estebanen zuhurtzia

(ID_14882776) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-04-20, Bilbo. EAJren Aberri Eguna
EAJko presidente Aitor Esteban, Aberri Eguneko ekitaldi politikoan. ARITZ LOIOLA / FOKU

EAJko presidente Aitor Esteban ere aritu da itzalaldiari buruz, eta, Espainiako presidente Pedro Sanchezek argindar enpresei kontuak eskatuko dizkiela esan ondoren, Estebanek iritzia eman du: «Ez du inolako zentzurik enpresak jomugan jartzeak, ezta gobernua ere». Euzkadi Buru Batzarreko buruak uste du «lasaitasuna» behar dela itzalaldiaren arrazoiak argitu ahal izateko, «espekulaziorik gabe». Baina gidari jeltzaleak garbi esan du «aukera guztiak» aintzat hartuko lituzkeela itzalaldia zerk eragin duen azaltzeko. Gaineratu du «kanpoko aldagaiak ere» aintzat hartu behar direla, eta aditzera eman ez duela baztertzen eraso bat.

TVE telebistan emandako elkarrizketa batean, Estebanek gogoratu du EAJ argindar sarean egin behar diren inbertsioak egitearen aldekoa dela, eta aspaldian eskatu duela hori; hain zuzen, Espainiako Gobernuari eskatu diote hori jeltzaleek. «Baina inbertsioak Redeiak egin behar ditu, batez ere. Seguruenera, konpainiek badute interesa horretan, baina gobernuak zalantzak dauzka inbertsio horrek nola eragingo ote dion argindarraren fakturari».

Redeiaren jabetzaren zatirik handiena publikoa da, baina EAJko buruak gogoratu du badaudela interes pribatuak hor; «horrek galarazten du, seguruenera, estatu bezala hartu behar diren erabakiak hartzea». Edonola ere, orain enpresa elektrikoen aurka aritzeak ez du ez hanka ez buru, jeltzaleen buruaren arabera. «Gobernuaren aurka aritzeak ere ez dauka zentzurik, eta ezinezkoak direlakoan itzalaldia eragin duten arrazoi posible batzuk baztertzeak ere ez».

Nolanahi ere, energia bermatzea oso garrantzitsutzat jo du, «herritar guztiei eragiten dielako modu izugarrian; ezin dugu espekulazioetan ibili horrekin. Ikerketa tekniko sakona egin behar da». Eta energia nuklearrari berriz heltzeko sortzen ari den eztabaidari buruz, Estebanek garbi utzi du jeltzaleek ez dutela «beharrezkotzat» jotzen energia mota hori. «Ikusita energiak zer eboluzio duen estatuan, ezinbestean zentral nuklearrak eraikitzea ez dugu beharrezkotzat jotzen». Are, Estebanek erantsi du zentral batzuen erabilpen zikloa berrikustea ere baztertu egin behar dela. «Auzi artifiziala da hori, interes jakin batzuek eragina».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.