Politika

Otegiren esanetan, euskal estatua eratu nahi duten indarrekin bilduko da ezker abertzalea datozen asteetan

Horretarako indar independentisten artean "analisi politikoak kontrastatzeko dinamika" jarriko dute abian. Martxoaren 1eko hauteskundeak eta horien ondorioz eratuko den legebiltzarra "antidemokratikoak" direla nabarmendu du.

2009ko martxoaren 16a
14:10
Entzun
Arnaldo Otegik iragarri duenez, "herri honetarako estatua eratu nahi duten indarrekin analisi politikoak kontrastatzeko dinamika" hasiko du ezker abertzaleak datozen asteetan. Donostian gaur eguerdian, martxoaren 1eko hauteskunde emaitzak eta egoera politikoa aztertzeko egin duen agerraldian, eman du horren berri. Ondoan ezker abertzaleko hainbat kide izan ditu, hala nola LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, Tasio Erkizia militante abertzale historikoa eta Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkide ohia. Hauekin batera izan dira ere Xanti Kiroga, Miren Zabaleta, Ainara Bakedano, Ion Telleria eta ezker abertzaleko beste hainbat kide.

Indar horiek politika, gizartea eta lan mundukoak izango direla zehaztu du. "Indar independentistok, Euskal Herrian sinesten duten indarrok elkarlanean aritu behar dugu. Asko gara, eta bildu egin behar dugu".

EAJri "indar erregionalista" deitu dio, "PSE-EErekin gobernatzeko zuen asmoagatik", eta PSE-EEk eta PPk "Lizarra-Garazi konstituzionalista [espainiarra]" osatu nahian dabiltzala salatu du Batasunako eledun ohiak.

Martxoaren 1eko hauteskundeak eta horien ondorioz eratuko den legebiltzarra "antidemokratikoak" direla nabarmendu du, halaber. Nolanahi ere, "eragile estrukturalak" ez direla aldatu eta oraindik ere gehiengo abertzalea, autodeterminazioaren aldekoa dagoela zehaztu du.

Horren aurrean, ezker abertzaleak "estrategia eragingarria" eraiki beharra daukala esan du Otegik, eta horrek "Euskal Herrian sinesten duten indarren batuketa -oinarrian langileak hartuko dituena- eta elkarlanean aritzea" eskatzen du bere iritziz, "Euskal Herrian, negoziazioaren eta akordioaren bidez, proiektu politiko guziak gauzagarriak izatea ahalbidetuko duen prozesu demokratikoa martxan jartzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.