Otegiren esanetan, gehiengoa abertzalea eta ezkerrekoa da, baina oraingo Jaurlaritza ez

Otegik azaldu du politika publikoetan aldaketa bat sustatzea dela EH Bilduren helburua, eta kritikatu du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua ez dela izan «ez abertzalea, ez sozialista».

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 15a
11:35
Entzun

Lehen aldiz ezker independentistak bozak irabazteak «lurrikara» bat eragin dezakeela uste du EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. Baina, era berean, gehitu du testuinguruak iradokitzen duela jada badela EAJren eta PSE-EEren arteko akordio bat: «Argitzea nahiko nuke ea PPren babesa behar badute hori ere ekuazio politikoan txertatuko duten». EH Bilduko buruaren ustez, horrek ez luke bat egingo herritarrek nahi dutenarekin, uste baitu bi gehiengo daudela: abertzalea eta ezkerrekoa.

Eusko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruko eztabaida sustatzeko beharraz galdetu diote Otegiri Radio Euskadin, eta EH Bilduko buruak adierazi du euren proposamena jada legebiltzarrean dagoela, afera jada jorratu baitzen 2016-2020ko legealdian; orduan, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek akordio bat ere egin zuten.

Hortik harago, «etengabeko biribilgune batetik» ateratzeko beharra nabarmendu du, eta azaldu koalizioaren ustez badela estatus berriari begirako «mandatu demokratiko bat». Batetik, gogoratu du «herritarren gehiengoak» joera «abertzale, independentista, subiranista edo nazionalistaren» alde bozkatuko duela. Bestetik, ezkerreko gehiengo bat ere badela. Hortik aurrera, bi elementu horiek kontuan hartuko dituen «espazio bateratu bat» eratzearen alde egin du. 

Hala izatea nahi du modu orokortu batean, eta horretarako akordioak bilatzearen eta «gobernu kolaboratiboak» sustatzearen alde hitz egin du Otegik, ez dadin egungo Jaurlaritzan gertatutakoa berriz gertatu. Izan ere, haren ustez, EAJren eta PSE-EEren artekoa ez da «ez abertzalea, ez sozialista».

Halere, EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du euren interes nagusia ez dela Eusko Jaurlaritzara iristea, «beste politika publiko batzuk» ezartzea baizik, «anbizio nazionalarekin»: «Guk abantaila bat dugu. Ez ditugu milaka lagun ate joka enplegu publiko bat behar dutelako».

Galiziakoak igaro berri dira, eta, Eusko Legebiltzarrerako bozez gain, Kataluniako eta Europako parlamentuetarako bozak ere laster iritsiko dira. Otegik, baina, ez du uste horiek eragin nabarmenik izango dutenik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Kontrara, uste du baliagarriak izango direla argitzeko «indar korrelazioak» zein diren estatuan. Izan ere, uste du Galiziako, Kataluniako eta Hego Euskal Herriko bi parlamentuek «estatuaren izaera plurinazionala» erakusten dutela.

Hala, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du eskuin muturrari aurre egin behar zaiola, baina proposamenak eginez, eta hori ez omen du lortzen gaur egungo inbestidura bloke deritzonak: «Ez du erreforma programa bat termino demokratiko, sozial eta instituzionaletan». Horrek «ezegonkortasuna» eragiten duela uste du.

Halere, gaur egungo Espainiako Gobernua mantentzearen alde egin du, hark baimendu dezakeelako plurinazionalitatearen inguruko eztabaida irekitzea: «Gobernu honek baimendu dezake euskal herritarrok eta estatuko beste herri batzuek 40 urtez itxita egon den eztabaida irekitzea».

Polizia eredua

Ertzaintzak azken asteetan egindako oldarraldiez galdetuta, Otegik adierazi du badela Tolosako inauterietakoa eta Anoetakoa bezalako gertakarietan interesa duen jendea, eta horiek ez direla ezker independentistaren parte. «Ez naiz atrebitzen esatera estrategia ordenatu bat dagoela», zehaztu du, baina gehitu du Segurtasun Sailaren «kontrol falta» dagoela. Hala, bi kezka plazaratu ditu. Batetik, uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela Polizia kontrolatzen, eta autonomia hori «arriskutsua» dela. Bestetik, polizia ereduaren inguruko eztabaida «sosegatu eta zintzo» baten beharra nabarmendu du, nahiz eta aitortu ez dela «erraza» izango.

Hartara, Otegik uste du moduren batean «oinarrizko espiritura» itzuli behar dela, «Polizia euskaldun eta demokratiko bat» ezartzeko, «herritarren zerbitzura» egongo dena: «Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari kontrajarriko zitzaion Polizia bat eraiki nahi zen. Mandatua zen ez genuela halako Poliziarik nahi, errepresioa handia izan baitzen. Horren bilakaera izan dena izan da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.