Larunbatean egingo du EH Bilduk bere kongresu eratzailea, Bilbon, Euskalduna jauregian. Goizeko hamarretan hasiko da, eta 13:00 aldera bukatzea aurreikusi dute, Arnaldo Otegiren eta Maddalen Iriarteren hitzaldiekin.
Kongresuak bi zati izango ditu: pribatua eta publikoa. Atal pribatuan, azken asteetan eztabaidagai izan dituzten txosten politikoa eta estatutuak bozkatuko dituzte Euskaldunan bildutakoek. Era berean, Kontu Batzordea eta Berme Batzordea osatuko dituzten hautagaiak bozkatuko dituzte.
12:00etan, ekitaldi publikoa hasiko dute. Kongresuko adierazpen politikoa bozkatuko dute hasieran, eta ondoren nazioarteko ordezkariek agurra egingo dute. Gero etorriko da EH Bilduko Mahai Politikoaren aurkezpena eta egindako bozketa guztien emaitzen jakinarazpena.
Hauek izango dira nazioarteko ordezkaritzak: ALE, GUE-NGL, BNG, Puyalon, Andecha Astur, Alternativa Nacionalista Canaria, Unidad del Pueblo, ERC, Bloc Nacionalista Valencià, HDP (Kurdistan), Marcha Patriótica (Colombia), Congreso de los Pueblos (Kolonbia) eta Frente Polisario.
Jasone Agirre EH Bilduko eledunak atzo Bilbon esan zuen kongresuaren bidez EH Bildu "indartsuago eta eraginkorrago bat" eraikiko dutela.