Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari egin dio eskaera Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Martxoaren 1ean aterako da espetxetik Arnaldo Otegi, sei urte eta erdiko zigorra osorik beteta, eta bi ekitaldi iragarri dituzte irteten denerako, bata Elgoibarren eta bestea Donostian. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak argudiatu du terrorismoa goratu daitekeela bi ekitaldi horietan, eta legea betetzen dela zaintzeko neurriak hartzeko eskatu dio. "Talde terrorista bateko kide bat goratzea delitu gisa jasota dago Zigor Kodearen 578. artikuluan, eta ezagunagoa izatea ez da aringarri bat, legea guztiontzat berbera baita".
Donostiako ekitaldia ostiralean aurkeztu zuten. Deitzaileek salatu zuten "arrazoi politikoak" daudela soilik Otegi kartzelatzeko. Hainbat pertsona ezagunek sinatu dute deialdia; tartean dira aktoreak, kazetariak eta kirolariak, besteak beste. "Berezia eta sonatua" izango dela aurreratu dute. Larunbatean, gainera, Espainiako Estatuko hainbatek ere eskatu zuten aske uzteko ezker abertzaleko burua.
Asteburuan, Joan Tarda eta David Fernandez politikari kataluniarrak Logroñoko espetxean izan dira Otegi bisitatzen, eta "kemenez eta etika politikoz gainezka" ikusi dutela esan dute. Angela Davisek, ordea, ez zuen zorte hori izan, ukatu egin baitzioten bisita hil honetan bertan. Debekua "negargarritzat" jo zuen AEBetako giza eskubideen aldeko ekintzaileak.
[YouTube]https://youtu.be/KyPLZNdEPVo[/YouTube]
"Aurki hauteskundeak izatea eta batzuek Otegi bake gizon modura aurkeztu nahi izateak ez du zuritzen ETAri eman dion babesa, eta ez du balio legea bete behar ez izateko", dio Urkijok bere eskaeran. Ekitaldi politikoak dira antolaturikoak, baina, Urkijoren arabera, helburu bakarra Otegi omentzea eta haren irudia goratzea da.