Abortua

Otoitzak eta beste

Abortuaren kontrako elkarteek hainbat hilabete daramatzate Nafarroako Antsoaingo klinika pribatuaren aurrean protestaldiak antolatzen; horietan abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietela salatu dute.

Abortuaren kontrakoek Antsoaingo klinikaren aurrean egindako elkarretaratzeetako bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2013ko abenduaren 29a
10:06
Entzun

Haurdunaldia eten nahi duten Nafarroako emakumeek oztopo ugari gainditu behar izaten dituzte. Legeak babesten ditu, edo hala izan da orain arte, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak bultzaturiko lege erreformak askoz baldintza zorrotzagoak ezarriko baititu abortatu ahal izateko. Baina, edonola ere, legezko babesak ezer gutxirako balio izan die orain arte nafar emakumeei, legea indarrean egon den denboran Nafarroako osasun zerbitzuak uko egin baitio abortuak egiteari. Arlo pribatuan, horrelakoak egiten dituen klinika bakarra dago, Antsoaingoa, eta 2011n hasi zen horretan, baina hor ere komeriak izaten dituzte emakumeek, aurre egin behar izaten diotelako klinikaren aurrean paratzen diren abortuaren kontrako taldeen presioari.

Hainbat erakundek antolatzen dituzte ekitaldi horiek. Horietako bat da Alerta Navarra gazte erakundea, "biziaren aldeko gazte iruindar batzuek" sortua, beren blogean adierazten dutenez. Hileko azken ostiraletan, "biziaren aldeko arrosarioa" antolatzen dute Antsoaingo klinikaren aurrean. Joan den ostiralean egin zuten aurtengo azken otoitzaldia, eta, lehenengo aldiz, Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua hara joatekoa zen.

Nafarroako Erreskate Eskola da beste elkarte horietako bat. Haien jokamoldea desberdina da: binaka edo launaka paratzen dira klinikaren aurrean, eta klinikara sartzera doazen emakumeei mintzatzen zaizkie, abortatzera ote doazen galdetuz. Haiek diotenez, "informazioa ematea" eta "emakumeei laguntzea" dute xede. Beste batzuek, berriz, "jazarpena eta emakumeak beldurtzeko saioa" ikusten dute jarduera horietan: hala adierazi du, esaterako, Antsoaingo Udalak, UPN ez beste talde guztien babesarekin abenduaren 23an onartutako mozioan.

Auzia Nafarroako Parlamentuko Presidentetza, Justizia eta Barne Batzordera ere iritsi da. Han, gobernuak adierazi zuen ez dutela auzia ikertzeko asmorik, eta PPko parlamentari Eloy Villanuevak garrantzia kendu zion gertatutakoari: "Nik dakidala, ez dute harririk botatzen, ez dute iraintzen; otoitz egiten dute", esan zuen. Baina, azken hilabeteetan, ez dira otoitzak bakarrik izan klinikaren aurrean: zentroko langileek mehatxuak salatu zituzten joan den azaroan; pintaketa iraingarriak agertu dira, eta klinikak salaketa bat jarri du.

"Inor ez zen ausartzen"

Jose Gurrea ginekologo ezaguna Bilboko Euskalduna klinika pribatuaren sortzaileetako bat da, eta Antsoaingo klinikaren jabea. "Gu hasi ginen arte, Nafarroan ez zen aborturik egiten, eta zerbitzu hori behar zuten emakumeek Zaragozara [Espainia] edo Donostiara joan behar izaten zuten", adierazi du. "Inor ez zen horretara ausartzen. Eta bururatu zitzaidan ideia ona izango zela han ere zerbitzu hori eskaintzea".

Gurreak dioenez, klinika zabaltzeko prozesu osoan ez zuen inolako presio, eragozpen edo trabarik izan. "Gauza bitxi bakarra gertatu zitzaigun: guk baimen eskaera aurkeztu genuen Nafarroako administrazioan, eta baimena 2011ko maiatzaren 23an iritsi zitzaigun, hots, maiatzaren 22an Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta biharamunean. Oso bitxia izan zen. Badirudi norbaiti ez zitzaiola oso komenigarria iruditu guri baimena hauteskundeak egin baino lehen ematea", adierazi du.

2011ko urrian hasi ziren Antsoaingo zentroan zerbitzua eskaintzen, eta, geroztik, "lana guztiz normal" egin dute, Gurreak dioenez, "gainerako zentroetan bezala. Izan ere, Nafarroakoa salbuespen arraroa zen, eta batek daki zergatik gertatzen zen". Baina joan den irailean arazoak hasi ziren, abortuaren kontrako talde batzuek Antsoaingo klinikaren aurrean agertzeari ekin ziotenean.

Gurreak dioenez, bi motatakoak dira klinikaren aurrean agertzen diren taldeak: "Batzuk adinekoak dira; klinikaren aurrean elkartzen dira, eta otoitz egin besterik ez dute egiten. Horiek ez dute enbarazurik sortzen; gainera, elkarretaratzeak ostiral iluntzeetan egiten dituzte, klinika itxita dagoela. Beraz, ez digute inolako arazorik sortzen".

Ez da berdin gertatzen bigarren taldekoekin: "Horiek 20 bat urteko gaztetxoak dira, Opus Deiren unibertsitateak adoretuta eta taldeka etortzen direnak, hiruzpalau lagun aldi bakoitzean, eta astegunetan. Horiek bai, horiek eragozpenak sortzen saiatzen dira. Gainera, badirudi une jakin batean gehiegi adoretu zirela, eta hanka sartu zuten: klinikan pintaketa batzuk egin zituzten; gu hiltzaileak ginela eta horrelakoak jarri zituzten, eta hori oieskeria ekintza bat denez, salaketa jarri genuen Antsoaingo udaltzainen aurrean. Poliziak ikerketak egin ditu; auzia Iruñeko epaitegi batean dago, eta egun hauetako batean epaiketa aterako da. Bitartean, salatuek klinikara ez hurbiltzeko agindua dute".

Gurreak ez dio garrantzi handirik ematen gertatzen ari denari: "Lau umemoko baino ez dira, hor egoten direnak hotza pasatzen eta jendea gogaitu nahian, baina ez dute ezer lortzen, barregarri gelditu besterik ez. Esaten dute emakumeei informazioa ematea dutela helburu, baina legeak ezartzen du gogoetaldi batek egon behar duela, eta hiru eguneko epea finkatzen du horretarako. Beraz, haurdunaldia etetea erabakitzen duen emakumeak izan du astia pentsatzeko; informazio guztia dauka, eta badaki zer egin nahi duen".

Gurreak pentsatzen du talde horien benetako xedea "emakumeak beldurtzen saiatzea" dela, "baina normalean ez dute ezer lortzen. Dena den, jakina, guk ahaleginak egingo ditugu gaztetxo horiek inori enbarazurik sor ez diezaioten".

Nafarroako Erreskate Eskolako bozeramailea da Maria Barberia. Dioenez, 50 bat boluntariok osatzen dute taldea, eta "neska gazte haurdun askok pairatzen duten informazio faltak kezkatuta" ekin zioten Antsoaingo klinikara joateari. "Gazte talde bat" baino ez direla nabarmendu du, "nahiko gauza informala; ez gaude elkarteen inongo zerrendatan erregistraturik".

Barberiaren iritziz, emakume askok abortura jotzen dute "gizarteak bestelako erantzunik ematen ez dielako", eta, hori ikusirik, Andevi, Caritas eta bestelako erakundeek eskaintzen dituzten laguntzen berri ematen saiatzen dira: "Talde txikietan joaten gara, manifestazioaren itxurarik ez emateko. Saiatzen gara neskei harrera ematen, eta ez jazartzen. Informazioa eman nahi diegu, eta interesatzen bazaie, beste irtenbide batzuk topatzen lagundu. Norbaitek ez badu gurekin hitz egin nahi, haren erabakia errespetatu egiten dugu".

Barberiak ukatu egin du bere taldeak zerikusirik duela klinikaren aurrean gertatu diren istiluekin: "Edozein jazarpenen kontra gaude, eta pintaketak zein beste edozein ekintza bandaliko gaitzesten dugu". Izan ere, Erreskate Eskolakoei ez zaie iruditzen jazarpena denik klinikara sartzen ari den emakume bati aurrez aurre jarri eta abortatzera ote doan galdetzea: "Guk harrera egiten diegu, lagundu egiten diegu; gure asmoa ez da inoiz jazartzea, badakigulako oso une zailean daudela, eta gure jarrerak abegitsua izan behar du beti". Irainak eta mehatxuak jasan dituztenak beraiek direla dio.

Asko idatzi da Nafarroako Unibertsitatearen eta abortuaren kontrako taldeen arteko harremanaz. Hedabide batzuek adierazi dute unibertsitate horretako ikasleek kredituak jasotzen dituztela horrelako ekitaldietan parte hartzeagatik. Gurreari ere iritsi zaio horren zurrumurrua: "Hori esaten dute, eta ez zait iruditzen lan apostoliko hori egiteagatik unibertsitateko kredituak jasotzea oso ulergarria denik. Kredituak beste gauza batzuetarako daude". Nafarroako Unibertsitateak, berriz, ukatu egin du informazio hori.

Maria Barberiak Nafarroako Unibertsitatean ikasten du, eta, dioenez, Erreskate Eskola osatzen duten gazte gehienak unibertsitate ikasleak dira, "Nafarroako Unibertsitatekoak zein Nafarroako Unibertsitate Publikokoak", eta ukatu egin du Opus Deiren unibertsitatearekin inolako loturarik izatea: "Horrelako gauzak argitaratu direnean, asko harritu gaitu. Unibertsitateak ez digu inolako babesik eman, eta guk ere ez diogu eskatu. Ez dago krediturik, ez diru laguntzarik, ez ezer".

Lege erreforma

Bego Zabala abokatua da, eta Abortatzeko Eskubidearen aldeko Nafarroako Batzarreko kidea. Ez zaio kasualitatea iruditzen abortuaren kontrakoak orain agertu izana, eta pentsatzen du talde horien jarduerak zerikusia duela Gallardon ministroaren lege erreformarekin: "Eskuin muturraren babesa behar zuen Gallardonek, horrelako taldeak agertzea, bere burua PPren sektore zentristen aurrean justifikatzeko, halakorik baldin badago behintzat, eta irudikatzeko badagoela sektore bat horrelako aldaketak egiteko eskatzen diona. Jarduera horiek eskuin muturraren betiko jarrerak dira, baina kasu honetan, emakumeei jazarriz, delituaren mugan jartzen direla iruditzen zait".

Abortatzeko Eskubidearen aldeko Batzarra abortu guztiak sare publikoan egitearen aldekoa da. Hala ere, abortuaren kontrako taldeen elkarretaratzeen berri izan zutenean, Antsoaingo klinika pribatura joan ziren, "batez ere, hara jotzen zuten emakumeekin zer gertatzen zen ikustera". Ikusi zutena "jazarpentzat" jo du Zabalak: "Emakumeei mintzatzen zaizkie; abortatzera ote doazen galdetzen diete, dirua eskaintzen diete eta abar".

Zabalak pentsatzen du klinikara sartzen ari diren emakumeei aurrez aurre jarri eta abortatzera ote doazen galdetzea "intimitatearen kontrako erasoa" dela: "Emakume horietako asko urduri doaz, aztoratuta, kezkaturik; atean bertan norbaitek galdetzen badie ea abortatzera doazen, pentsa dezakete horrek zerikusia daukala klinikarekin, esango dietela nora joan behar duten edo horrelako zerbait".

Zabalak uste du horrelako jarrerak ez liratekeela beste inon onartuko: "Norbait joango balitz Nafarroako Unibertsitatera, eta atean bertan hasiko balitz jendeari galdetzen eta Opusen irakaskuntzaren inguruko iritzia ematen, ez lukete onartuko".

Duela zenbait hilabete, escrache esaten zaien mobilizazioak antolatzen hasi zirenean, administrazio batzuek neurriak hartu zituzten horien inguruan, eta debeku batzuk ere ezarri zituzten, esaterako, elkarretaratzeak politikarien bizilekuetatik gertu egitea galaraziz. Zabalari deigarria begitantzen zaio zein irizpide desberdin erabiltzen diren mobilizazio mota batzuk eta beste batzuk arautzean.

"Azken finean", esan du, "klinika pribatua da, baina zerbitzu publikoa eskaintzen ari da, eta hara joaten diren emakumeak sare publikoak eskaini beharko lukeen zerbitzu bat jasotzera joaten dira. Beste kasu batzuetan, [Carmen Alba] Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak oso zorrotz jokatzen du, eta isunak jarri dizkie, esaterako, osasun arloko langileei ospitalean bertan eta inori trabarik egin gabe elkarretaratze bat egiteagatik. Argi ikusten da oso irizpide desberdinak erabiltzen ari direla".

Dena dela, Zabalak nabarmendu duenez, estrategia hori ez da berria Nafarroan: "Guk gogoan dugu 1985ean sare publikoan abortuak egiten hasi zirenean, orduan ere elkarretaratzeak egiten zituztela, eskuorriak botatzen zituztela, langileei jazartzen zitzaiela eta abar. Gizartean tentsioa sortzea interesatzen zaienean horixe egiten du eskuin muturrak, eta orain horretan ari dira: giroa asaldatzen eta liskarra bilatzen. Ordena publikoa nahasi nahi dute, hemen arazo handi bat dagoela esan ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.