Otsoa, etxe aurrean uluka

Otsoak gelditzeko etorri dira eta antzinako lurrak berreskuratzeko ahaleginak egiten ari dira. Hogeita hamar inguru daude Araban eta Bizkaian, lau taldetan banatuta.

2006ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Otsoa gure artean da. Hala adierazi dute hainbat adituk Eusko Jaurlaritzaren aginduz eginiko ikerketa batean. Eta hala frogatzen ari dira egunero otsoaren erasoei nekez aurre egin behar dieten abeltzainak. Gainera, gure artean gelditzeko asmoa du, Euskal Herriko mendebaldetik ekialderantz jotzen ari dela antzeman baitute.

Arabako eta Bizkaiko lurralderik hutsenetan dabil otsoa: Enkarterria eta Gobiaran dentsitaterik baxuena duten eskualdeak dira, eta bertan atzeman dituzte otso-taldeak. Halaber, Gibijon, Salbadan, Arkamun, Gorbeian, Badaian, eta Arraton ohikoak dira artaldeek jasaten dituzten erasoak. Iragan asteartean frogak aurkeztu zituzten UAGA eta SERGAL sindikatuetako artzainek. Arazoa egunerokoa bilakatu dela zioen UAGAko zuzendariorde eta artzain Felix Ajuriak. «Ezin dugu otsoaren eragina txikiagotu, artzainen eguneroko kezka ezin dugu alde batera utzi, gau eta egunmendian egon behar izaten dugu otsoari aurre egiteko. Ditugun neurriak erabilita ere, ardiak hiltzen eta erasotzen dituzte. Ez dira noizbehinkako erasoak, egunerokoak baizik».

XX. mendearen erdian desagerturiko animalia antzina izaniko Euskal Herriko kokaguneak berreskuratzen ari da. Hala jaso dute hainbat adituk Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren Biodibertsitate Zuzendaritzari igorritako txosten batean. Ikerketa Jorge Etxegaraik eta Andres Illanak zuzendu dute, eta orain arte Euskal Herrian erabili ez den teknika erabili dute: gorozkien DNAren analisia.

Egileek aipatu dutenez, hasierako asmoa otsoak harrapatu eta transmisoreak jartzeazen, baina Arabako Foru Aldundiak otsoak atzemateko jarritako trabak medio, ezin izan zuten ikerketa metodologia horrekin egin.

Emaitzak ez dira nolanahikoak: «2003 eta 2004ko laginen arabera, gutxienez 24-28 otso daude 1.500 kilometro koadroko eremu batean». 2000. urtetik hona lau otso-talde daudela ziurtatu dute, guztiak Araban eta Bizkaian: Gibijon, Arkamon, Salbadan, Enkarterrian, eta Gaubean. Dena dela, egileek argitu dute datu horiek gutxi gorabeherakoak direla, horietako otso batzuk antolaturiko uxaldietan hildituztelako eta beste batzuk errepideetan hil direlako.

HEDATZEKO BIDEAN. Baina, otsoa asko mugitzen den animalia izanik, etorkizunean gerta daitekeena ere aztertu dute Illanak eta Etxegaraik. Ondorioa da duela 25 urte utzitako haztegiak berreskuratzekojoera hartu duela. «Gero eta ohikoagoa da Gibijotik datozen otsoak Gorbeiako mendigunean topatzea. Ildo horretan, frogatuta dago azken urteotan gutxienez lau otso hil direla Gorbeiako mendiguneko bidean, A-68 autopista eta N-622 autobidea zeharkatzen. Litekeena da Gibijo eta Arkamutik Gorbeiara doazen animaliak eremu berrien bila aritzea, eta Gorbeian kokatzen saiatzea».

Hori berretsiko lukete, esate baterako, abeltzainek eginiko azken salaketek. Alegia, iragan astean otsoek Gorbeiako gailurrean Etxaguen herriko hainbat ardi hil zituztela, eta Muruako harrobietan ahuntz bat harrapatu zutela.

Gainera, azken urteotan Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere otsoak ikusi dituzte. 1996an Aralarren eta Urbasan atzeman zituzten, iragan urtean Entzian eta Trebiñun. Illanaren eta Etxegarairen irudiko, oso ohikoak dira otsoen joan-etorriak eta horrek ez du esan nahi eremu horietan kokatuko direla. Hala ere, hartzen dituzten bideak kontuan hartuta otsoek etorkizunean egin ditzaketen saiakerak susma daitezke, «eta sor ditzaketen arazoak aurreikusi».

ARAZOEN SORBURU.Izan ere, arazoak eta gatazka eragiten ditu gaur egun otsoen jarduerak. Hainbat talde ekologistak, baita Illanak eta Etxegaraik zuzenduriko ikerketak ere, otsoa babestu eta errespetatu beharreko animalia dela diote. Animaliaren zaintzak hainbat eskualdetan garapen ekonomikoa lagun dezakeela diote, eta animaliak berak duen balio naturala eta ekologikoa nabarmendu dute.

Beste aldean, bizimodua eta lanbidea arriskuan duten ehunka artzain daude. «Artzainon etsipena izugarria da, eta jada edozein gauza gerta daiteke», ohartarazi du UAGAko Ajuriak.

Azken urteotan Arabako eta Bizkaiko artzain ugarik lanbidea utzi egin behar izan dutela esan du Ajuriak. «Gibijon duela hamar urte 6.000 ardi zeuden eta orain 1.200 daude. Artaldeak desagertzea nahi al dute? Abeltzainak desagertzea nahi al dute?». Abeltzain kaltetuek otsoak kontrolatzeko neurriak abiatzea nahi dute.

Otsoa etxe aurrean dugu. Haatik, etxeko arduradunek, erakundeek, ez dute arazoa kudeatzeko arau komuna, eta hainbat kasutan zehaztutako neurriak ez dituzte ezarri. Arabako Foru Aldundiak, esate baterako, diru laguntzak ematen ditu otsoak hildako ardi bakoitzeko eta mastin txakurrak erosteko. Halaber, uxaldiak antolatzeko baimenak ematen ditu. Bizkaikoak, berriz, ez du inolako diru laguntzarik eskaintzen. Gipuzkoan eta Nafarroan ez dago arau zehatzik otsoaren inguruan.

############

«Artzainon etsipena izugarria da, eta edozein gauza gerta daiteke»

FELIX AJURIAUAGA-KO zuzendariordea«2003 eta 2004ko laginen arabera, gutxienez 24-28 otso daude 1.500 kilometro koadroko eremu batean»

JORGE ETXEGARAI ETA ANDRES ILLANAOTSOARI BURUZKO IKERKETAREN ZUZENDARIAK
############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.