Otxandianok «anbizio nazionala» berreskuratu nahi du, agenda sozial bat sortzeko

EH Bilduren lehendakarigaiak esan du «herritarren aginduari» bide eman behar zaiola burujabetzaren eta politika publikoen alorrean.

EHB
Otxandiano, sailburu ohiekin, gaur eguerdian, Donostian. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 23a
16:15
Entzun

Iraganean Eusko Jaurlaritzatik lanean aritu direnen babespean, baina mira etorkizunera begira. Hala planteatu du EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianok Donostiako Miramar jauregian egindako bilkura. Izan ere, solaskide izan ditu Joseba Azkarraga, Tontxu Campos, Esther Larrañaga, Javier Madrazo eta Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohiak. Hizpide nagusia, baina, «ziklo politiko berri baten irekiera» izan du: «Aurrean ditugun erronkak izugarriak direlako; premiaz heldu beharreko agenda sozial bat behar da». Eta horrek «anbizio nazionala berreskuratzea» exijitzen du, Otxandianoren esanetan.

Otxandianok aitortza egin die inguruan izan dituen sailburu ohiei, baina baita Euskal Herria egungo testuingurura helarazteko lan egin duten guztiei ere: «Herri hau XXI. mendera iritsi da posizio eta tradizio politiko ezberdinetatik datorren jendearen ekarpen militantearekin». Orain, baina, beste bultzada bat emateko garaia dela azaldu du, eta nabarmendu horretarako «aldaketarako agenda» bat behar dela.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei eta haren ostean eratuko den parlamentuari begira, Otxandianok zehaztu du horrek «herritarren agindua» ulertzeko eta bide horretan lan egiteko gai izan behar duela bi alorretan: burujabetza eta politika publikoak. Bide horretan, indar egin du egungo arazo nagusiei —besteak beste, zaintza, trantsizio energetikoa, euskara eta hezkuntza izan ditu aipagai— erantzuteko «politika eraginkorrak» planteatzeko beharrean.

«Herri proiektu» gisa definitu du egin beharrekoa, eta gehitu horretarako funtsezkoa dela alderdien arteko lankidetza sustatzea zein lankidetza hori «gizarte zibileko eragile estrategikoetara» ere zabaltzea: «Inork ez baititu erantzun guztiak, eta, beraz, lankidetzan aritu behar dugu halabeharrez».

«Anbizio nazionala»

Horrek guztiak, era berean, «anbizio nazionala berreskuratzeko» urratsak eskatzen dituela uste du Otxandianok, eta gehitu badagoela horretarako oinarri bat: «Badago gure anbizio nazionala berreskuratzeko pultsio bat, eta pultsio hori estatus politikoaren eztabaidara eraman behar da». Zehaztu du horri bide emateko funtsezkoa dela estatus politiko berriaren inguruko eztabaida «behin betiko» irekitzea, hura «eraldaketa sozial, ekonomiko, politiko eta kultural batik ekiteko palanka» izan dadin.

Zehazki, proposatu du legealdiari ekin eta hiru hilabeteko epean martxan jartzea autogobernu lantaldea, 2016-2020ko legealdia amaitu aurretik EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek —zati batean— sinatu zuten oinarrien eta printzipioen akordioa testu artikulatu bilakatzeko eta hura Espainiako Gorteetan aurkezteko. Izan ere, «estatuan ireki den testuingurua» baliatu behar dela nabarmendu du, estatus aldaketa gerta dadin: «Nazio gisa aitortuko duena eta XXI. mende honetan behar ditugun politikak egin ahal izateko beharrezkoak diren tresna politiko eta juridikoez hornituko duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.