Herrera de la Mancha espetxetik Ocañakora mugitu zuten atzo Gorostiaga, eta bertan jarraitzen zuen gaur goizean Laudioko presoak. Gaur, hura lekualdatzeko agindu du Espainiako Espetxe Zaintzako Auzitegiak,Judith Uriarte bikotekideari azken agurra eman diezaion.
Naiz.info atariak jakinarazi duenez, Gorostiagaren abokatuei baieztatu diete gaur bertan Euskal Herriratuko dutela Gorostiaga, eta Zaballako edo Martuteneko espetxera eramatea espero dutela.
Herrira-k elkarretaratzera deitu du ostiral honetarako Laudion, 19:30ean, Pablo Gorostiagak jasandako "egoera bortitza" salatu eta "berriro gerta ez dadin" eskatzeko. Herriko plazan elkartuko dira, Sakabanaketarekin amaitu. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean.
Gertakari "negargarria", Jaurlaritzaren ustez
Eusko Jaurlaritzak "negargarritzat" jo du Pablo Gorostiaga eta Judith Uriarterekin gertatutakoa; Europa Press agentziak gobernuko iturriak aipatuta adierazi duenez, Jaurlaritzak eskatu du Gorostiagari erraztasunak eman diezazkioten Uriarteren hiletara joateko. Halaber, espetxe politika aldatzea galdegin du, "nahi ez diren" ondorioak gerta ez daitezen.
Sortuk, berriz, salatu du PPk espetxe politika "erabili" egiten duela "gatazkaren konponbiderako garatzen ari diren ekimen eta saiakerak saboteatzeko". Amaia Izko Sortuko bozeramaileak eginiko agerraldian, esan du PPk garatzen duen "inboluzio politikarekin lerratzen" ari dela PSOE. "Patxi Lopezek atzo eginiko diskurtsoaren moduko ke gortinek bakearen etsaiekiko lerrokatzea justifikatzea dute helburu", erantsi du.