Paisaiaren Legea aldatu egingo du legebiltzarrak, atzera botatzea baztertu ostean

Ingurumena babesteko oztopoak gehitu egingo direlakoan egin du lege berriaren kontra EAk; ez du aski babes lortu

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Paisaia babesteko lege berria egingo dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. Proiektua atzera botatzeko eskatu zuen atzo EAk Eusko Legebiltzarrean, baina ekimena baztertu egin zuten; PSE-EEk egin zuen proposamenaren aurka, eta absentziora jo zuten EAJk, PPk eta Aralarrek. Lege berria egiteko egitasmoak, beraz, aurrera jarraitu du. Batzordean aztertuko dute orain Eusko Jaurlaritzaren proiektua. Hainbat taldek salatu dute ingurumenaren babesean kalte egingo duela lege horrek; besteak beste, salatu dute fracking teknika erabili ahalko dutela naturgune babestuetan. Ezetz dio PSEk.

Ingurumena babesterakoan trabak jarriko ditu lege berriak, EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalaren ustez. Horregatik egin du proiektuaren aurka. Ordea, Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak esan dio kudeaketa «orekatuagoa» egin ahalko dutela erakundeek. Legearen bidez, erreferentziazko esparru bat sortuko dute erakundeei jarduteko modua zehazteko; paisaiak izendatzeko erak-eta azalduko dituzte.

PSE-EEren esanetan, ingurumenaren babesean orain izaten diren gorabeherak saihestea da legearen xedea. Haren arabera, izan ere, arazoak izaten dira erakundeen erabakien eta lege zenbaiten artean, eta isunak ordaindu beharra izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.