Historialaria

Etxahun Galparsoro: «Pakita eta Angel trenetik jaitsi eta berehala hil zituzten Auschwitzeko gas ganberetan»

Laurogei urte dira Mauthausen askatu zutela. Heriotza esparruetan egon ziren Hego Euskal Herriko jendeari buruzko tesia egin du Etxahun Galparsorok.

Etxahun Galparsoro, Lazkaoko Benditarren Fundazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Etxahun Galparsoro, Lazkaoko Benditarren Fundazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
Lazkao
2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostegunetik igandera, oroimen ekitaldi ugari egingo dituzte Mauthausen nazien kontzentrazio esparruan, Austrian. AEBetako armadak hura askatu zuenetik 80 urte bete dira aste honetan. Nazien heriotza esparruetan egondako Hego Euskal Herriko jendeari buruzko tesia egin du Etxahun Galparsorok (Donostia, 1980), eta ekainean defendatuko du Euskal Herriko Unibertsitatean. Egunotan Mauthausenen da, biktimen milaka seniderekin batera. «Urte gehiegi isilean» egon den memoria berreskuratu eta aitortzeko garaia dela esan du, eta euskal erakundeek esparruetan bertan egin beharko luketela hori.

Nazien kontzentrazio esparruak juduen holokaustoarekin daude loturik, baina euskal herritar ugari hil zituzten han. Nola azaldu behar da horien inguruan izan den ahanztura?

Esparru horietatik bizirik ateratzea lortu zutenek atzerrian berregin behar izan zuten bizimodua, nagusiki Frantzian; oso gutxi itzuli ahal izan ziren etxera, eta itzuli ziren horiek frankismopean bizi izan ziren. Beraz, alor publikoan, isilik egon behar izan zuten hamarkada askoan. Katea eten egin zen nolabait. Frantzian bizi izan zirenen senitartekoek, Hego Euskal Herrian bizi ziren horiek, jakingo zuten noski zer gertatu zitzaien, baina oro har ez zen zabaldu historia beltz hori.

Beraz, frankismoa dela-eta ahaztu dira, hein handi batean, naziek esparru horietan torturatu eta hildako euskal herritarrak?

Frankismoak bere kontakizuna saldu zigun: Espainia Bigarren Mundu Gerran neutrala izan zela; eta bai, Hegoaldean ez zen borroka belikorik izan, baina gerran egon ginen, zeren Europako gerrak erabateko eragina izan zuen hemen. Baina bada hirugarren arrazoi bat ahanztura hori azaltzeko, eta ez da asko aipatzen: Charles de Gaullen Frantziak memoria oso chauvinista eraiki zuen, eta orain ari dira Frantziako historialariak memoria partzial hori desmuntatzen. Memoria ofizial horretan, atzerritarrak bazterturik geratu ziren, ilunpean. Eta laugarren arrazoi bat ere aipa daiteke: Espainiako trantsizioa esan dioten prozesua: lurra bota zuten iraganaren gainera.

Nazien esparruetan egondako Hego Euskal Herriko jendearen inguruko tesia egin duzu. Zenbat egon ziren esparru horietan? Zenbat hil ziren?

2020an Gogora institutuarentzat egin nuen txostenak 253 pertsona jasotzen ditu. Hori da kopuru ofiziala, baina ekainean plazaratuko dudan tesian 262 pertsona jaso ditut. Aurreko txostenean zeuden batzuk atera behar izan ditut, eta beste batzuk azaleratu, zerrendara gehituz. Datozen urteetan, beharbada, azalduko dira besteren batzuk, baina jadanik ez da aldatuko askorik kopuru hori. Esparruetara sartu zirenen erdiak baino gehiago han hil ziren.

«1942tik 1945era, nazien kontzentrazio sistemaren zortzi bat heriotza esparruetara bidali zituzten: Buchenwald, Sobibor, Treblinka, Dachau, Auschwitz...».

Gehienak Mauthausenen, zuk zeuk jaso duzunez; eta alboko heriotza esparruan, Gusenen.

Bai, baina beste esparruetan ere egon ziren euskal herritarrak, eta bertan hil ere bai. Bi aro bereizi behar dira: 1940tik 1941era doan fasea dago batetik, eta 1942tik 1945era doana bestetik. Lehenean, Iparraldean eta Frantzian atxilotutakoak, deportatu egin zituzten. Frantziaren alde borrokatzen harrapatu zituzten errepublikanoak ziren, Bidasoa igaro eta nazien oldarraldiari aurre egin zietenak. Horiek Mauthausenera bidali zituzten.

Francoren oniritziarekin, antza...

Ez dugu probarik esateko eskaera zuzena egon ote zen, baina argi dago eskuak garbitu zituela, eta oso ondo zekiela nora joango ziren.

Eta bigarren fasean?

1942tik 1945era, nazien kontzentrazio sistemaren zortzi bat heriotza esparruetara bidali zituzten, kontuan hartuta horietako bakoitzak dozenaka azpiesparru zituela. Buchenwald, Sobibor, Treblinka, Dachau eta Auschwitzi buruz ari gara, adibidez. Euskal herritarrak hara joan ziren Europako mendebaldeko ehunka mila herritar hara bidaltzeko erabili zituzten arrazoi berengatik, prozesu berean.

Ipar Euskal Herriko biztanleak ez dituzu jaso tesian. Zergatik?

Tesiarekin hastean ohartu nintzen Iparraldeko biktimek 1945etik aurrera, hau da, zegokien garaian jaso zutela dagokien aitortza. Ehunka izan ziren esparruetan hildakoak, hegoaldekoak baino gehiago. Dena den, ez legoke gaizki dauden azterketak berrikustea, datu batzuek kontrastea behar dutela iruditzen baitzait. Baina tesi honetan, soilik Hegoaldea hartu dut aztergai.

Esparruetara bidali zituzten Hegoaldeko euskal herritar gehienak naziek Azken soluzioa esan zioten prozesu horretatik at bukatu zuten han, ezta?

Hala da. Juduek holokaustoa pairatu zuten, sarraski sistematikoa. Trenetan sartu, handik jaitsi, eta zuzenean gas ganberetara sartzen zituzten hiltzera, eta, ondoren, erraustera. Hori sei zentrotan egiten zuten, eta han ez zegoen barrakoirik presoentzat. Ez ziren lanerako. Aldiz, lehen faseko deportatuak esklabo ibili ziren lan eta zigor zentroetan. 1942an jarri ziren martxan gas ganberak, baina Hegoaldeko lehen deportatua 1940ko abuztukoa da. Hiltzeko beste sistema bat zen.

Hegoaldekorik ez zen hil gas ganberetan?

Bai, bi hil ziren. Simona Pakita Lelouch donostiarra, gerora Simone Liberman izango zena, judu baten emazte gisa; Vichyn atxilotu zituzten, eta 1943an hil, Auschwitzen. Eta oraintsu jakinarazi didate beste eibartar bat egon zela: Angel Rafael Capuanu. Turkian jaiotako sefardi bat zen, baina zazpi urte zituela Eibarrera aldatu zen, eta hogei urte egin zituen han. Itxuraz, Lapurdira joan zen gerra garaian, eta han atxilotu zuten. Biak jaitsi ziren trenetik Auschwitzen, eta berehala hil zituzten gas ganberan.

(ID_17466095723335) (/NG)

Heinrich Himmler​ SSen buruzagia Mauthausengo komandante Franz Ziereisekin. NG

«Nazien misoginiak, hein batean, mesede egin zien emakume borrokalari batzuei. Erresistentzian aritu ziren borrokan, eta atxilotu ondoren aske utzi zituzten asko, gutxietsi egiten zituztelako»

Biktimen artean emakumeak ere badira, ez bakarrik gerran ibilitako gizon errepublikanoak. Aipatuko zenituzke batzuk?

Bakarrik hamar emakume daude biktimen zerrendan. Lehen faseko deportatu denak gizonak izan baitziren, gehienak CNTrekin edo komunistekin borrokatu zirenak. Baina emakumeak erresistentzian borrokatu ziren, gizonak bezala. Gehienak erresistentzia komunistan: adibidez, Higinia Luz Goñi nafarra. Senarrarekin batera borrokan ibili ziren 36ko gerran, eta, gero, Parisko etxe baten atezain aritu ziren. Etxe hura baliatzen zuten posta lanak egiteko erresistentziarentzat. Naziak iritsi zirenean, bete-betean hasi ziren erresistentzian. Maria Gesala zarauztarra ere erresistentzian aritu zen Jose Begiristain senarrarekin batera, Bordelen, horiek ere komunisten alde. Maddi Sanzberro oiartzuarra, berriz, De Gaullek kontrolatzen zuen erresistentzia ofizialean ibili zen; lan izugarria egin zuen, eta ohorezko aitortzak egin zizkioten Frantziak eta AEBek. Hoteltxo bat zuen Saran, Larhun mendiaren inguruan, eta bere lehengusina Marie-Jeanne Etxeberriarekin batera atxilotu eta deportatu zuten. Sachsenhausenen hil zuten, 1944an, baina aurretik Dachaun egon zen, eta Ravensbrucken ere bai, esklabo lanetan.

Komunistak ez dira geratu apur bat bazterturik kontakizun ofizialetik?

Bai, argi dago De Gaullek zuzendutako memoriak erabat baztertu dituela. Baina esan nahi dut azkenaldian irakurri dudala emakume presoek baldintza hobeak zituztela, esklabo lanak egitean teilatupean aritu zirelako; ikerlari bati entzun diot, katedraduna bera. Bada, ez, ez da horrela. Eta beste gauza bat azpimarratu nahi dut: hamar emakume biktima aipatu ditut, baina bada aldagai bat kopuru hori esplikatzen duena: nazien misoginia. Emakumeak erresistentzian aritu ziren borrokan, eta atxilotu ondoren aske utzi zituzten asko, gutxietsi egiten zituztelako. Adibidez, Josefa Telletxea ez zuten eraman, ezta Maritxu Anatol eta Eleuteria Maiz ere. Misoginiak, hein batean, mesede egin zien.

 

«Mauthausenen, batez beste, bederatzi hilabete iraun zuten bizirik euskal herritarrek»

 

Galparsorok zazpi urte daramatza nazien kontzentrazio esparruen inguruko tesia egiten. Baina, berez, askoz ere urte gehiago daramatza gaia aztertzen, Marcelino Bilbao osaba (Alonsotegi,1920 - Chatellerault, 2014) Galparsoro haurra zela hasi baitzitzaion ematen Mauthausenen berri. Bost urte eman zituen hark esparru latz horretan, eta bizirik ateratzea lortu zuen.

Osabaren istorioak izango zuen noski zerikusirik gerora hartu zenuen bide profesionalarekin, ezta?

Etxean, haurtzarotik entzun ditut Mauthausengo pasarteak. Sei urte nituela, han gertatutako hilketen jabe nintzen. Osabak galbaherik gabe kontatzen zizkidan gauzak. Marcelinok trauma handia zeukan han bizitakoarengatik. Esaten da gerraostean isiltasuna izaten zela nagusi biktimen artean; Hegoaldean hala izango zen, seguru, frankismoak derrigortuta, baina Europan, gerraostean, ez zen horrela izan. Bizitakoa kontatzen zuten asko zeuden; kontatu behar aseezina zuten, gainera, eta gure osabak hala zuen. Barrukoak atera beharra zeuzkan.

Nola bukatu zuen Mauthausenen?

Ideologikoki ez zen jantzia, baina ezkerrekoa zela garbi zeukan, joera komunistakoa, baina anarkistek eman zioten fusila, eta haiekin joan zen. Maginot Lerroan hartu zuten preso, 1940ko maiatzean. Bost urte pasatu zituen Mauthausenen, eta zori hutsez atera zen bizirik handik.

(ID_17466094868485) (/Wikipedia)
Mauthausen esparrua askatu zuteneko argazkia. WIKIPEDIA
Asko hitz egin da Mauthauseneko harrobiaz...

Iritsi berritan, harrobira eraman zuten lehen egunean kasik hil egin zuten. Uste izan zuen behin han zegoela lanean has zitekeela, eta lanabes baten bila joan zen, palak-eta prest baitzeuden. Ez zekien formazioan egon behar zutela, eta kapo batek pikatxoiarekin eman zion buruan osaba pala baten bila abiatu zenean. Ziplo geratu zen lurrean, buruan zauri sakona zuela; 1941eko urtarrilean izan zen hori. Zero azpitik 20 graduko tenperaturan egon zen lurrean botata, denak lanean ari zirela. Kapoak alde egitean, preso kideek porlan zaku baten paper zati batekin estali zioten zauri hura. Baina Mauthausenen gelditzea lortu zuen. Gusen alboko esparrura hiltzera eramaten zituzten. Harrobiko lan horrek ez zuen ezertarako balio, presoak ahultzeko baino ez; hotz eta bero ikaragarriekin esklabo gisa arituta eta kasik janaririk gabe, presoak heriotzara gerturatzen ziren. Eskeleto bihurtuta zeudenean, Gusenera eramaten zituzten hiltzera.

Osabak bost urte egin zituen Mauthausenen, baina ez da ohikoena hainbeste irautea, ezta?

Ez. Euskaldunek, batez beste, bederatzi hilabete eta lau egun iraun zuten Mauthausenen, atera ditudan azken datuen arabera. Mauthausenera sartu eta batez beste urtebete baino lehen hil egiten ziren. Asko, Gusenen. Hegoaldeko preso batzuk hango komandantearen ekimenez hil zituzten. Ur oso hotzeko igerileku moduko batean sartzen zituen. Aurretik kolpeak jasotzen zituzten. Uretatik atera eta hotzez eta nekez akabatzen zituzten, azkenerako. Eta gero ziurtagiri batean jasotzen zuten bihotzekoak emanda hil zirela, adibidez. Nahieran erail eta gero, paperak egiten zituzten eufemismoz beterik. Bitxia da. Hegoaldeko 66 euskal herritar hil eta erraustu zituzten Gusenen. Erakundeek han bertan aitortza ekitaldi bat egin beharko luketela uste dut. Bertan labeak ikustean, jakinda izen-abizenez nortzuk erraustu zituzten... malkoei ezin zaie eutsi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.