Palestinako haurren aldeko ekitaldi batera deitu dute Gasteizko hainbat ikastetxek

'Palestinako umeak gureak ere badira’ lelopean ostiral arratsalderako deitu dute protestara, Gasteizko Foruen Plazan.

Palestinako umeen aldeko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Palestinako umeen alde prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 7a
13:20
Entzun

Gasteizko hezkuntza komunitateak elkartasuna agertuko die Palestinako haurrei ostiral honetan, ekitaldi batean. Palestinako umeak gureak ere badira lelopean egingo dute protesta, Gasteizko Foru plazan, 18:00etan. Ekinbidea irekia dela azpimarratu dute gaur prentsaurrekoan; oraingoz, atxikimendu ugari lortu dituzte: Gasteizko San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra eta Lopez de Gereñu Ikastetxeak; Zabalgana eta Mendebaldea institutuak; ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataforma batu dira protestara.

Arratsaldeko seietatik aurrera jarduera ugari egingo dituzte Foru plazan; besteak beste, munduko txokolate eta postreen dastaketa, kometa eta txapa tailerrak, Palestinako olerkien errezitala, erakusketa bat eta buruhandiak izango dira, eta mosaiko erraldoi bat egingo dute. Ekitaldian lortzen den dirua Gaza iparraldeko Al Awda ospitalera bidaliko dute.

Palestinako biztanleak pairatzen ari diren «sarraski ankerrarekin» kezka larria agertu dute agerraldian. «Ezin dugu normaltasunez onartu gizatasuna bera kolokan jartzen ari den genozidio hau, eta, haurrak hezteko lanetan ari garen aldetik, ezin ditugu hezi datozen belaunaldiak oinarrizko giza eskubideen urraketa hauek normalak direlakoan». Hezkuntza komunitatearen izenean hitza hartu dute Maitane Fernandez de Retanak eta Amel Bouziak, eta adierazi dute garaia dela Palestinako haurrekiko babesa agertzeko. «Garaia da erakusteko gasteiztarrok ez garela geldirik geratzen Palestinako haurtzaroaren oinazearen aurrean, eta ez gaudela prest gure haurrek ankerkeria hau normaltasunez onar dezaten».

Mobilizazio ugari

Israelek Palestinaren kontrako erasoa hasi zuenetik, Gasteizko hezkuntza arloko hainbat eragilek mobilizazioak egin dituzte. 2023ko abenduan, esate baterako, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak antolatutako ekimen batean, kandelekin SOS Palestina mezua osatu eta argazki masiboa atera zuten dozenaka ume eta familiak. Martxoan, berriz, Lakuabizkarra, Toki Eder, Barrutia, Abetxuku, Aita Orbiso, Ibaiondo eta Mendebaldea ikastetxetako hezkuntza komunitateak Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatu ziren.

Mobilizazio dinamika horrekin jarraitzeko asmoa berretsi dute gaur. Azpimarratu dute kalera ateratzeko beharra dagoela: «Datozen belaunaldiek jakin dezaten historiako alde zuzena aukeratu genuela».

Ostiralerako deitutako ekitaldia «handia» izatea espero dute, eta Gasteizko hezkuntza komunitate osoa biltzeko deia egin dute. Horregatik, protestarekin bat egiteko eskatu diete Gasteizko ikastetxeetako guraso elkarte, ikasle zein irakaskuntza taldeetako kideei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.