COVID-19aren pandemiak gizartean irekitako zauria orbaindu gabe dago oraindik ere, bai bederen osasun mentalari dagokionez. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek gidatutako azterlan batean azaleratu denez, antidepresiboen preskripzioak ugaritu egin ziren pandemian, baina areagotu egin dira ondorengo aldian.
Begoña Calvo Hernaez eta Monica Martinez Zengotitabengoa EHUko Farmazia Fakultateko ikertzaileek gidatu dute azterlana, eta Healthcare aldizkari zientifikoan argitaratu. Ikerlariek antidepresiboen preskripzio berriak aztertu dituzte sei urtez, 2018ko martxotik 2024ko otsailera arte, hiru alditan banatuta: pandemiaren aurrekoa, pandemia garaia eta pandemiaren ondorengoa. Eta ondorioa argia da: botika horiek gero eta gehiago errezetatzen dira, batez ere emakumeen artean.
Ikerketaren egileek diotenez, pandemia garaiko bakartze sozialak, egoera ekonomiko ziurgabeak eta hurkoen heriotzak arrastoa utzi dute gizartearen osasun mentalean. Calvoren eta Martinezen esanetan, antidepresiboen kontsumoak gora egin izanak lotura zuzena du gizartearen «ondoez emozionalarekin», baina baita osasun publikoak tratamendu ez-farmakologikoak eskaintzeko dituen mugekin.
Zergatik aztertu duzue antidepresiboen preskripzioa, eta ez, adibidez, psikofarmakoen kontsumoa oro har?
MONICA MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Intuizio pertsonal batetik abiatu zen ikerketa. Psikologoa naiz, eta inguruan ikusten nuen jende asko emozionalki oso makal zegoela. Horrekin batera, osasun arloko profesional batek esan zigun antsiolitikoen eta antidepresiboen preskripzioa goraka ari zela. Hala, erabaki genuen ikertzea datuek ere hori islatzen ote zuten.
BEGOÑA CALVO HERNAEZ: Guk aztertu ditugun datuek ez dute kontsumo osoa erakusten, baina adierazten dute nolabaiteko inpaktu emozional bat egon dela gizartean. Antidepresiboetan jarri genuen arreta, medikuek berek esaten baitziguten gero eta paziente gehiago joaten zitzaizkiela sintoma depresiboekin eta tratamendu eske.
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko datuak hartu dituzue ikergai, baina emaitzak erabili daitezke argazki orokorra ateratzeko, ezta?
CALVO HERNAEZ: Erakunde sanitario integratu horretan 130.000 pertsona artatzen dituzte, eta aukera paregabea ematen zigun ikerketarako. Emaitzak ezin dira guztiz orokortu, baina beste herrialde batzuetan egindako ikerketek antzeko joerak erakusten dituzte.
Ikerketaren emaitza nagusia da pandemiaren ondoren antidepresibo gehiago errezetatu direla pandemia garaian baino. Zer dela eta?
MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Pandemiaren ondorio berantiarrak ikusten ari gara. Arrazoi asko daude tartean, baina nik bi aipatuko nituzke: estresa modu jarraituan izan ondoren gainbehera emozionala aurrerago etortzen dela, eta zailtasunak egon direla osasun mentala artatzeko baliabideetara jotzeko. Pandemian, jendea zaurgarriago bilakatu zen, senideak eta hurkoak galdu zituen, eta arazo ekonomikoak handitu zitzaizkion; horrek guztiak eragina izan du pandemiaren osteko egoeran ere.
CALVO HERNAEZ: Konfinamendu garaian, jende askok eutsi egin zion emozionalki, baina, gero, egoera arindu zenean, nekea eta ondorengo kolpea pairatu ditu. Bakartze luzeak eta inpaktu ekonomikoak ondorio iraunkorrak eragin ditu osasun mentalean.
«Osasun publikoan itxaron-zerrenda luzeak daude, eta saio eta profesional gutxi. Terapia pribatua ordaindu ezin dutenek gehienez ere itxaron-zerrenda bat dute aukera bakar gisa»
BEGOÑA CALVO HERNAEZEHUko ikerlaria
Genero arrakala argia ikusten da emaitzetan: osasun sistemak 40 urtetik beherako emakumeei errezetatu zizkien batez ere antidepresiboak pandemia garaian.
MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Pandemia garaian, emakume askok zaintza lanak egin zituzten, eta feminizatuta dauden funtsezko lan asko ere bai. Zama emozional handiak eta etengabeko ziurgabetasunak estres handia eragin ohi dute, eta horrek depresio sintomak ekar ditzake.
Pandemia atzean utzi ostean, sintoma depresiboen intzidentzia handitu egin zen adin talde guztietako gizon eta emakumeetan, salbu 20 urtetik beherako gizonezkoetan. Zergatik?
CALVO HERNAEZ: Datua bitxia da. Arrazoi ugari egon daitezke horren atzean, baina esango nuke mutil gazteek gaitasun handiagoa izan zutela egoera berrira egokitzeko, eta beste modu batean azaleratu ahal izan zutela ondoeza. Baliteke, halaber, aukera ikusi izana pandemia garaian egin ezin zituzten gauzak berriz ere egiteko, eta horrek erresilientzia handiagoa ekarri izana.
Depresioa ez beste arazo batzuetarako ere errezetatu ohi dira antidepresiboak. Nola eragin du horrek zuen ondorioetan?
MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Egia da antidepresiboak ez direla bakarrik depresio kasuetan errezetatzen; antsietatea, loaren nahasmenduak eta mina arintzeko ere preskriba daitezke. Horregatik, ezin dugu esan antidepresiboen preskripzioak ugaritzea depresio kasuak ugaritu diren seinale denik, baina erakusten du ondoez emozional orokorra handitu egin dela.
Jakina da pandemia garaian osasun sistema asko tenkatu zela, eta lehen arretara jotzeko aukera mugatua izan zela oso. Depresioaren kontrako botika gehiago preskribatu izanak ba al du loturarik horrekin?
MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Bai. Pandemian, lehen arreta nagusiki telefonoz eskaini zen, eta horrek asko mugatu zuen pazienteen arta. Horiek horrela, antidepresiboak preskribatzea izan zen aukera azkarrena profesionalentzat. Eta horrek osasun sistema publikoaren gabezia bat bistaratzen du: psikologia esparruko baliabideak ez dira aski.
CALVO HERNAEZ: Kontuan hartu behar da terapia ez-farmakologikoetara jotzeko aukera gaitasun ekonomikoaren araberakoa izaten dela askotan. Izan ere, osasun publikoan itxaron-zerrenda luzeak daude, eta saio eta profesional gutxi. Terapia pribatua ordaindu ezin dutenek gehienez ere itxaron-zerrenda bat dute aukera bakar gisa.
«Ezin dugu esan antidepresiboen preskripzioak ugaritzea depresio kasuak ugaritu diren seinale denik, baina erakusten du ondoez emozional orokorra handitu egin dela»
MONICA MARTINEZ ZENGOTITABENGOAEHUko ikerlaria
Zer neurri proposatzen duzue gaitz mentalen artan gehiegizko medikalizaziorik ez izateko?
MARTINEZ ZENGOTITABENGOA: Kontua ez da botiken edo terapien artean aukeratzea, biak beharrezkoak izan baitaitezke egoeraren eta pertsonaren arabera. Garrantzitsuena da hala batera nola bestera jotzeko aukera erreala izatea. Frogatuta baitago psikoterapia askotan botikak bezain eraginkorra dela, eta iraunkorragoa epe luzera. Horregatik, oso garrantzitsua da lehen arretan psikologo kliniko gehiago egotea.
CALVO HERNAEZ: Osasun sailburuak esan du lehen arretan psikologoak txertatzen hasiko dela, eta hori berri ona da. Baina oraindik bide luzea dago egiteko. Baliabide eta profesional gehiago behar dira arreta egokia eskaini ahal izateko, eta jendeak ez dezan botikarik hartu beste alternatibarik ez duelako.
Aurrera begira, beste ikerketa lerro batzuk irekiko dituzue gai honi lotuta?
CALVO HERNAEZ: Orain aztertzen ari gara pandemian tabakoa eta alkohola uzteko tratamenduak nolakoak izan ziren. Guretzat interesgarria da ikustea nola aldatu ziren jendearen ohiturak hain garai zailean. Denbora horretan beste botika psikotropo batzuk zenbat eta nola erabili ziren ere aztertzen ari gara.