Migratzaileak

Pandemiaren ondorioz %75 migratzaile gutxiago iritsi dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara

Etorrerak murriztu dira, eta azken urtean 4.777 pertsona gehiago erroldatu dira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.777 pertsona erroldatu dira azken urtean, baina jende etorrerak %75,8ko beherakada izan du. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 30a
16:04
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.777 pertsona erroldatu dira azken urtean, baina jende etorrerak %75,8ko beherakada izan du. Izan ere, 2019tik 2020ra bitartean 19.732 erroldatze berri izatera iritsi ziren. Hala eman ditu datuak Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, atzerritar jatorriko biztanleez eginiko txostenean. Beste ondorio nagusi bat da 2021eko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan atzerriko jatorria zuten 246.501 pertsona zeudela erroldatuta, hau da, biztanle guztien %11,1.

Estatistiken arabera, proportzioan Arabak du atzerritarren ehuneko handiena: %13. Gipuzkoan %11,2 dira, eta Bizkaian, %10,6. Kopuruari erreparatuta, ordena aldatzen da, Bizkaian bizi baita atzerritar jatorriko pertsona gehien: guztira, 121.737 lagun. Gipuzkoan, berriz, 81.354, eta, azkenik, Araban, 43.410 pertsona.

Jatorriari erreparatuta, berriz, erdia baino gehiago Latinoamerikako herrialderen batean jaiotakoak dira: %51,7. Atzetik datoz Europako Batasuna (%14,8) eta Afrika iparraldeko herrialdeak (%14,2). Hain zuzen ere, herrialde horietako pertsonetan eragin du gehien pandemiaren ondorioz ezarritako joan-etorrien murrizketak. Latinoamerikako eta Afrika iparraldeko herrialdeetatik %76,6 eta %63,6 lagun gutxiago etorri dira, hurrenez hurren. Halere, azken urtean etorritako pertsona gehienak Latinoamerikan jaioak dira (%66,8).

Herrialdeen arabera, ordea, marokoarrak dira jatorri atzerritarreko biztanle gehienak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 28.317 pertsona guztira. Kolonbian jaiotakoak 27.074 dira, eta, gainera, azken urtean gehien hazi den jatorri eremua izan da. Beste muturrean daude Errumania eta Bolivia.

Erdia baino gehiago emakumeak dira (%52,4); gehienak, latinoamerikarrak (%61,2). Emakume horiek etxeko lanekin edo zaintza lanekin lotutako lanak egiten dituzte gehienbat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.