Paperezko bloga

'In dubio pro reo'

Imanol Murua Uria.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Abenduak 6. Bizkaia jeltzalea.

Eusko Jaurlaritzan egotea EAJren DNAn zegoela zirudien garai batean, Ajuria Eneko maizterrak berez jeltzalea behar zuela. Baina dena ez da betiko, ezta lehendakariak jeltzalea izan behar hori ere, aldaketa hauteskundeetako arau demokratikoak urratzetik etorri bazen ere. Bada, ordea, betiko jeltzalea izango dela dirudien instituziorik: Bizkaiko Foru Aldundia.

Aldundiak berak eskatuta Gizaker etxeak egindako inkestaren arabera, Bizkaian ez da auzoko herrialdeetakoen modukolehia esturik izango: PSE-EE (14-15 batzarkide) eta PP (5-6) ez lirateke iritsiko, bat eginda ere, EAJren parera (23-24). Eta ez dago beste konbinaziorik. Gernikako akordioa sinatu zuten alderdiek ez dute lehen mailan jokatzen Bizkaian, baina EHk bere garairik onenean (1999) lortutako emaitzen parera iristeko moduan lirateke, ezker abertzalearen alderdi berriak aurkezteko aukera izango balu. Botoen %16,7 lortu zituen EHk orduan, eta, gutxigatik bada ere, horren gainetik daude hiru alderdien aurreikuspenak: ezker abertzalea (%11,2), Aralar (% 4,7) eta EA (%2). Urak asko mugituko dira, ordea, datorren maiatzera bitartean; eta urekin batera, boto aurreikuspenak.

Abenduak 7. Presa eta pazientzia.

Presa daukanetakoa da Pello Urizar: ETAk su-etena lehenbailehen eman behar du. Beste eragileek ere eman beharko dituzte pausoak, baina ETArena ezin da gehiago luzatu. Ez da bakarra. Brian Currinek ere urte bukaera baino lehen beharko litzatekeela adierazi zuen.

Berrogeita hamar urteren buruan, aste batzuen gorabeherak ez luke hain erabakigarria izan behar, batez ere kontuan hartutaerakunde armatuak jakinarazia duela atentaturik ez egiteko erabakia hartua daukala. Baina denboraren faktoreak garrantzi handia du, batzuen buruan ei dagoen egutegia bete dadin. Ez baita askorik falta foru eta udal hauteskundeetarako.

Baina denborarena apur bat erlatibizatzen duenik bada. Niko Moreno Elorrioko alkateak, ezker abertzaleko gaur egungo ahots autorizatuetako batek, pazientzia eskatu du Argia-n joan den astean argitaratutako elkarrizketan: «Orain ezin dugu pazientzia galdu eta buruari epeak markatu. (...) Batzuek diote urtarrilerako ez bada, berandu izango dela hauteskundeetan egoteko. (...) Guk konfiantza osoa dugu ETAk Gernikako Adierazpenari eta Bruselakoari norabide zuzenean erantzungo diola, ez dakiguna da noiz. Laster egiten badu seinale ona izango da, baina geroago egiten badu ere, ez dut uste seinale txarragoa izango denik».

Abenduak 9. Anoetaz epaia.

Noizbait jakingo dugu akaso, Wikileaksen graziaz edo, 2010 bukaerako giro politiko honetan Arnaldo Otegi-eta kartzelan egoteaz eta Anoetako proposamenagatik epaitua izateaz benetan zer iritzi duten Espainiako Gobernuko agintariek, zer aitortzen dioten AEBeko enbaxadoreari. Orain badakigu, adibidez, Iñaki de Juana presoari 2005ean kartzela zigor berria asmatu izana hanka-sartzea izan zela Perez Rubalcabaren iritziz, eta hanka-sartzea ordaindu egin behar izan zutela, gero, bake prozesuaren garaian.

Wikileaksek oraingoz Anoetakoari buruzko arrastorik ez du emango, baina epaiak berak utzi du arrasto interesgarririk. Zuzenbide fakultatean lehenengo mailan ikasi behar luketen arauarekin akordatu dira Auzitegi Nazionalean: in dubio pro reo. Zalantzarik bada, epaituaren alde egin behar duela epaimahaiak, alegia. Eta epaitua ustezko delituaren erantzule dela frogatu behar dela, modu indibidualizatuan, bere borondatez modu aktiboan delitu hori egin duela erakutsi behar duela akusazioak. Eta Guardia Zibileko perituak peritu ez direla ebatzi du, behingoagatik, Auzitegi Nazionaleko epaimahai batek, haien txostenek akusazioren oinarri izateko baliorik ez dutela.

Makina bat euskal herritar dago giltzapean, zigor irmoarekin, erakunde bateko edo besteko kide izatea beste deliturik leporatzen ez zaiona, bere borondatez modu aktiboan egindako delitu jakinik zuzenean berari egotzi ez zaiola, Guardia Zibileko edo Espainiako Poliziako perituen txostenetako «dedukzio hutsak» oinarri hartuta.

Giro politiko berriaren miraria izango ahal da aspaldian ahaztuta zeuzkaten arau juridiko oinarrizkoez gogoratze hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.