Odette, migratzailea: «Papergabea izatea bera arazo handia da»

Baionan bizi da Odette, Kamerundik etorrita, eta papergabeen kontrako jarrerez  beldur dela erran du.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Duela zenbait urte iritsi zen Baionara Odette, Kamerundik —ezizena da, ez baitu egiazko izenik eman nahi izan—. Kezkaz begiratzen dio lege proposamen berriari, eta bere bizia «are zailagoa» eginen duelakoan da. «Papergabeek jadanik ez dute ezertarako eskubiderik. Ez dute hor egoteko eskubiderik ere. Papergabea izatea bera arazo handia da». Lege berriak «oraindik gogorragoa» egiten du paperak lortzeko bidea, haren hitzetan.

Lanaren bidezko baimenek ere ez diote esperantzarik eman. «Erraten dute lanaren bidez lortuko ditugula paperak, baina lan egiteko paperak behar dira. Zirkulu zikoitz bat da. Gainera, papergabeak enplegatzen dituzten nagusiei sekulako isunak jarriko dizkiete lege berriarekin; beraz, nagusiek ez gaituzte enplegatuko, eta are pobreagoak izanen gara».

Argi du: europarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituzte papergabeek, baldintza gogorretan. «Gu lan horiek egitera behartuak gara bizirik egon nahi badugu». Azaldu du paperik gabe lana eginez ere kotizatzen duela Frantziako Estatuko kutxetan. «Eta ez dut kotizatzen afrikarrentzat bakarrik: edozein herritarrentzat kotizatzen dut, frantsesentzat edo beste atzerritarrentzat».

Beldurra

Oroitarazi du migratzea, anitzetan, ez dela hautuzkoa. «Guk ez dugu gure herrialdetik ihes egin plazerarentzat. Ez dugu nahiago nehor ezagutzen ez dugun leku batean bizi, tokiko kultura ezagutu gabe, legeak ezagutu gabe... Gure familiak sorterrian utzi ditugu hona etortzeko, eta hori biziki zaila da». Azaldu du egunerokoan «beldurra» sentitzen duela papergabea izateagatik, eta horren ondorioz jasaten ahal dituen kontrolengatik, baita eraso arrazistengatik ere. «Karrikan ibiltzean, haurrekin parkera joatean, beti beldur gara».

Senatuak medikuntzarako estatu laguntza kendu izanak anitz beldurtu du Odette. «Nik ez dut erraten dena urririk eskuratu behar dugunik, baina ezin badugu ezta jan ere, nola egin behar dugu artak pagatzeko?», galdetu du. Esplikatu du Baionako ospitalean erditu zenean 5.800 euroko zorra izan zuela. «Medikuntzarako estatu laguntzarik gabe nola egin beharko nuke?».

Bestalde, uste du gisa horretako legeekin arrazakeria gora doala. «Ni ez naiz herritarrekin haserre: haiek politikarien eta hedabide nagusien gezurrak sinesten dituzte, uste dute hona gatozela haien diru laguntzak ebastera. Baina ez da hala, eta politikariei dagokie egia erratea. Baina politika ez da hori: politika gezurrak saltzea da». Azaldu du paperik gabe lana eginez ere kotizatzen duela Frantziako Estatuko kutxetan. «Eta ez dut kotizatzen afrikarrentzat bakarrik: edozein herritarrentzat kotizatzen dut, frantsesentzat edo beste atzerritarrentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.