Donostiako turismo politika

Paradoxa bat kasino zaharrean

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Turismoa garrantzitsua da Donostian XIX. mendetik. Are, hiriko harresiak bota ostean eraikitako azpiegitura gehienak turismora bideratu zituzten; tartean, Alderdi Eder lorategiaren aurrean eraikitako kasinoa. Kasino zaharra da gaur egun Donostiako udaletxea. Turista aberatsen jokoa asetzeko funtzioa zuen tokian, joko politikoa da nagusi orain, eta turismoa gobernatu behar dute.

Ikusi gehiago:Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

Donostiako udal gobernua EAJk eta PSE-EEk osatzen dute, eta jakitun daude turismo politikak hirian duen garrantziaz. Batetik, udal gobernua osatzeko negoziazioen erdigunean egon da gaia. Izan ere, Eneko Goia alkate izan den garaian, PSE-EEren esku egon da turismo politika, baina maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean, EAJk bere gain hartu du ardura hori. Bestetik, urrian dira aurkeztekoak turismo plana, Donostia Turismok hauteskundeen aurretik onartua, otsailean. BERRIAk dokumentua eskuratu du: 2027ra arte Donostiako Udalak garatuko duen turismo politika zehazten du. Kasino zaharraren gaur egungo maizterren turismo politikak oinarri duen paradoxa bat mamitzen du planak: lehentasun bera dute —oso lehentasun handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak.

Donostiako Udalak turismo politikan duen eskumen nagusia sustapena da, eta helburu nagusia hazkundea izan da. «Egia da orain arte hiriak, aurreko planetan, bazeukala helburu haztea, kolore guztietako udal gobernuetan. Ezin da ukatu. Edozein alkatek hori defendatu du; besteak beste, hiri honek ekitaldi, kongresu eta jaialdi asko galtzen zituelako behar beste laguni ostatu emateko modurik ez izateagatik», aitortu du Jon Insaustik, Donostiako Udaleko Turismo zinegotziak. Bat dator Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotzia: «Edozein jarduera ekonomikok ditu bere alde onak eta txarrak, baina hemen, alde txarrak ez aurreikusteaz gain, ezkutatu egin dituzte, etengabeko hazkunde baten izenean. Donostian, apustu guztia sustapenaren eta hazkundearen alde egin dute. Hazkundea, noiz arte?».

Insaustik uste du hazkundea «ase» dela jada, eta «beste bide bat» hartu behar duela udalak: «Orain mahai gainean dugun planak ez du hazkundea helburuen artean. Horrela da, jarduera ekonomiko honetan nahikoa izan dugulako. Haztea ez da helburu, kudeatzea baizik. Industria honek ere behar ditu bere mugak».

Lizentzien mugak

2027ra arteko turismo planean zehaztuta dago lehentasun oso handia izango duela hotelen eta etxebizitza turistikoen hedapena mugatzeak. Bide horretan hartuak dituzte jada zenbait neurri. 2018tik, debekatuta dago Parte Zaharrean hotel eta etxe turistiko gehiago ezartzea, eta aurtengo apiriletik, hiri osoan, data horren aurretik emandako baimenak salbuetsita. Udalak esan du muga hori 2025eko apirilera arte egongo dela indarrean, eta, orduan, hotelen eta etxe turistikoen lizentziak mugatzeko neurriak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatuko dituztela; «Donostiako biblian», Ormazabalen esanetan. 2025eko apiriletik aurrerako neurriak, ordea, ez dira hiri osorako izango. Erdialdean, Grosen eta Antiguan ezarriko dute etxe turistikoei eta hotelei baimenak emateko debekua, villak eta komentuak salbuetsita.

EH Bilduk eskatu du debekua beste auzoetara ere zabaltzeko, baina Insaustik esan du auzo horietan aukera «txikia» izango dela hotelak eraikitzeko, «jarri diren zehaztapenak betetzea ia ezinezkoa delako». Insaustik nabarmendu du hau dela goiburua: «Espainian eta Europan ostatu turistikoak zabaltzeko araudi zorrotzenetakoa izango duen udalerria bihurtuko da Donostia».

Ormazabalek esan du ez dela «nahikoa» mugatzea: «Leheneratze prozesu bat egin beharko litzateke. Etxe turistikoek Parte Zaharreko etxebizitza parkearen %35 hartzen dute. Hori ezinezkoa da, auzoak bizigarria izateari utzi dio eta. Esaterako, Parte Zaharrean hainbeste sukalde hain leku txikian egoteak beldur handia sortzen du bizilagunen artean; auzotarrek bolborategi bat dela diote, edonoiz erraustu daitekeela. Auzo saturatuez ari garenean, turismoari lotutako jarduerez ere ari gara; tartean, ostalaritza».

Sustapena ez da eten

Turismo Planak lehentasuna ematen dion arren ostatu turistikoen lizentziak arautzeari, era berean ematen dio turismoa sustatzeari ere. Esaterako, lehentasun oso handia eman diote Booking.com,Civitatis eta halako atariekin harremana edukitzeak izan dezakeen «interesa aztertzeari», «kalitate handiko» hedabideekin lankidetzan aritzeari, eta «hiria posizionatzen lagunduko duten influencer-ekin» kolaboratzeari .

«Nahiz eta promoziorik ez egin, hain da handia fluxuen indar hori, ezen turismoa etorri egingo baita. Guk kudeatu dezakegu zer turista mota bilatzen dugun geure hirirako. Uste dut hori diseinatu behar dugula, azpimarratu nahi ditugun balioetan interesa duten pertsonengana joan behar dugulako akaso», esan du Insaustik. Alde horretatik, «premium» turismoa sustatzea da udalaren lehentasun nagusia; Donostia Turismok turismo mota horri buruz duen webgunean, Maria Cristina hotela eta Akelarre eta Arzak jatetxeak iragartzen ditu, besteak beste.

Horrek hiria elitizatzen duela nabarmendu du Ormazabalek, eta eragin zuzenekoa duela prezioen igoeran. «Gainera, kontraesan handi bat dute. MICE turismoa [kongresuena] bultzatu nahi dute, baina gero eta kongresu gutxiago egiten dira Donostian, hotelak gero eta garestiagoak direlako».

Bide batez, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Basque Tour enpresa publikoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo Departamentuaren bidez ere sustatzen da Donostiako turismoa. Insaustik aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko: «Gure politikak mugatzaileak izan daitezke, baina horrek ez du mugatuko jende gehiago etortzea».

Nabarmendu du udalaren aliatu dela turismo sektorea, eta «hala izan behar» duela: «Hotelak aliatu izan behar ditugu, zeren ia-ia, udalak baino gehiago, haiek egiten baitute turismo politika: prezioekin edo promozioekin». Horren adibide da Donostia Turismo enpresa publikoaren administrazio kontseilua: hamabi kidetik zazpi udalbatzako ordezkariak dira, eta bost, Donostian interes komertzialak dituen turismo sektorekoak. Haiek onartu dute udalaren turismo plana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.