Zientzia

Parekide* bai, baina izartxoarekin

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur; genero berdintasuna bultzatzea eta emakumeak ahalduntzea du helburu. Argi dago berdintasun teorikoak ez duela bermatzen parekidetasun erreala, baina andreak aurrera doaz.

Emakumeak aborategi batean lanean. YOLANDA SALAZAR, EFE
Juanma Gallego.
2018ko otsailaren 11
11:20
Entzun

Naiara Barrado Izagirre. "Uste nuen berdintsuna bazegoela"

Eskola ematen ari da irakaslea, 6 urteko neska-mutilei munduko mirarien inguruko grina piztu nahian. Zientziari buruzko galdera azaldu da. Beste zenbaitetan egin duen bezalaxe, umeei proposamena egin die. "Ea, zientzialaria den nire lagunari galdetuko diogu; ados?". Mezularitza bitartez egin du galdera. Orain arte erantzuna testu bitartez jaso badute ere, oraingoan audio bitartez iritsi da azalpena. Ahotsa entzutean, umeak harritu dira. "Tira, neska da!", esan diote irakasleari. Lagun zientzialariari buruz pentsatzean, 6 urteko umeek gizonezko bat irudikatuta zuten buruan. Whatsapp bidezko laguntza informal horren atzean dagoen laguna Naiara Barrado Izagirre astrofisikaria da (Getxo, Bizkaia 1981). "Egia esanda, orain arte gutxitan konturatu naiz halako adibide txiki pila bat badirela", aitortu du. "Ez dakit helduagoa naizelako ote den, edo ama naizelako, baina lehen uste nuen genero berdintasun nahikotxo bazegoela, eta orain hasia naiz konturatzen gauzak ez direla uste nuen bezain politak". Marteri buruz eman duen azken hitzaldian, beste adibide bat. "Galderen txandan, denak mutilak izan dira. Hitzaldia amaitzean, berriz, neskak baino ez zaizkigu hurbildu mahaira". Halako eskemak apurtzeko egin diren ekimenetako batean parte hartu du Barradok. Espainiako Astronomia Elkarteak antolatutako emakume astrofisikariekin txatean aritzeko esperientzia batean, hain zuzen. 

Institutuko ikasketak bukatu baino pixka bat lehenago erabaki zuen fisika ikastea Barradok. Eta unibertsitatean hasita, konturatu zen klimari lotutako gaiak gustuko zituela. Hori jakinda, irakasle batek gomendatu zion EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko buru Agustin Sanchez-Lavega astrofisikariarekin biltzea. "Eraikin berean egonda ere, ez nuen haren lana ezagutzen. Baina harekin hitz egin eta gero, argi izan nuen horretan aritu nahi nuela". Zientzia planetarioen inguruan ikertzeak klima eta astrofisika uztartzeko aukera eman dio Barradori. Ordutik, batez ere Jupiterren atmosfera aztertzen dabil. Ikertzeaz eta eskolak emateaz gain, dibulgazioari tarte bat eskaintzen saiatzen da "Asko gustatu zait beti; orain espero dut asti gehiago horretarako". Diziplinari lotutako ametsei buruz galdetuta, Lurretik kanpoko bizia aipatu du. "Marten edo Jupiterreko ilargietako batean bizia topatzea izugarria litzateke; egiteko daukagun erronka da. Lurretik kanpo ura topatu dugun modu berean, orain bizia aurkitzea falta zaigu".

Jupiterreko atmosfera oso urrun badago ere, zientziaren jarduna oso gertukoa dela esan du astrofisikariak. Nahi duen ororen esku dago ezagutzaren abentura. Marta Macho matematikariak idatzitako testu batek zer pentsa eman zion. "Asko gustatu zaidan ideia izan da: ez duzu ezertan berezia izan behar zientzian aritzeko. Hau ez da 'jenioen' kontua, eta zientzialariak oso pertsona bereziak diren inguruko irudi horrek ez dio batere onik egiten zientziari. Beste ogibide askotan bezala, zientzian aritzeak esfortzu bat eskatzen du, noski, baina zientzialariok pertsona guztiz normalak gara".

 Inmaculada Delage. "Gauza txikietan nabaritzen da"

Txikia zenetik, arkeologoa izan nahi zuela kontatzen du Inmaculada Delage Gonzalezek (Jerez de la Frontera, Espainia, 1990). "Bokaziozkoa da nirea. Bereziki, Egipto izan da beti liluratu izan nauena; baina, oro har, Antzinaroa maite dut". Horregatik, Historia ikasi, eta arkeologiari buruzko masterra egin zuen ondoren. Orain, beka bati esker, Nafarroako Unibertsitatean dabil ikertzaile modura. Los Bañales aztarnategia (Aragoi, Espainia) ikertzen ari da.

Gauza asko onera aldatu badira ere, beste batzuek txarrera jo dutela dio, txantxetan. "Nire jaioterrira joateko, hamabi ordu behar ditut. Erroma garaian baino komunikazio txarragoa du gaur egungo Iruñeak". Inperio handien gorabeherak baino gehiago, jende xehearen eguneroko bizitza da batez ere interesatzen zaiona.

Denbora gehien, egunean eguneko martxan, liburutegian eta laborategian ematen duela esplikatu du. Arkeologoen filmetako irudia ez da usu agertzen ikertzaileen bizitzan. Bereziki, zeramika aztertzen egiten ditu ordu asko, Terra sigilata deritzona. "Aztarnategian topatutakoa goitik behera aztertzen dut, neurria hartu, argazkia egin, tipologia ikusi, eta beste piezekin alderatu". Halako prozesuei esker, posible du iraganaren berri izatea. Alexandro Handiaren hilobia ez bada, zer gustatuko litzaioke aurkitzea? "Orain domus edo etxe erromatar batean lanean ari gara. Tontakeria bat eman badezake ere, etxe horretan bizi zirenen izena jakitea gustatuko litzaidake".

2014. urtetik Egipton ere induskatzen ari da Delage, Myriam Seco egiptologoaren gidaritzapean. Miresmenez mintzo da haren inguruan: "Emakume adoretsu bati buruz idatzi nahi baduzu, hari buruz idatzi beharko zenuke". Tutmosis III.a faraoiaren tenplua arakatzen ari dira. Arkeologiaren ikuspuntutik, guztiz desberdinak dira Los Bañales eta Egipto. "Oso zaila egiten zait nire ikasleei azaltzea arkeologian ez dituzula etengabean gauza miresgarriak topatzen...". Egipton jardutea, hala ere, aparteko esperientzia dela uste du: "Esperientzia izugarria da".

Arkeologoaren honen ustetan, emakumezkoek zientziaren eta ikerkuntzaren alorreko goi mailako postuetara heltzea denbora kontua da, baina bidean oztopo ugari daudela ohartarazi du. "Gauza txikietan nabaritzen da hori; gugandik hasita. Adibidez, bibliografia bat irakurtzean, konturatu naiz nik neuk joera dudala pentsatzeko egileen siglen atzean gizonezkoak daudela, emakumeak egon beharrean".

Blanca Maria Martinez. "Mutilak lehenesten zituzten"

Bost urte zituela, haren gurasoek oparitutako mineralen eta fosilen bilduma batek piztu zion planetarekiko grina Blanca Maria Martinez (Santander, Espainia, 1983) geologoari. "Esku artean neukanarekin txundituta geratu nintzen. Objektu horiei buruz dena jakin nahi nuela konturatu nintzen". Hortaz, haurtzaroko nahiari eutsi, eta Euskal Herriko Unibertsitatera joan zen geologia ikastera. Gurasoek horretara animatu zutela gogoratu du. Lizentzia bukatu ondoren, ikasketak jarraitzea erabaki zuen, Estratigrafia eta Paleontologia sailean.

Doktore tesian, azken 60.000 urteetan Bizkaiko golkoko ur masetan izandako aldaketak ikertu zituen. "Denbora tarte horretan ur lasterrek izan zuten bilakaera eta itsasoaren mailaren gorabeherak aztertu nituen bereziki". Halakoak egiteko, funtsezkoa izan du foraminiferoen azterketa. Duela milaka urte izan ziren organismo ñimiñoen fosilak benetako altxorra dira geologoentzat.

Itsasoa aztertu ondoren, idorrera bueltatu zen doktoretza ondorengo lana egiteko. Orduan ere, iraganeko klima eta ingurumena berreraikitzea izan zuen helburu. Azterketa gunea, kasu honetan Nafarroako Bardea izan zen. "Azken 5.000 urteetako ingurumena zein izan zen argitzen saiatu naiz".

Ikertzeaz gain, Espainiako Geologia Elkarteko emakumeen batzordean parte hartzen du Martinezek, eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea ere bada. Izan ere, funtsezkotzat du geologiari buruzko dibulgazioan parte hartzea. Helburu argi bat du gogoan: inor ez hurbiltzea galdetzera ea geologiak zertarako balio duen. «EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko Arantxa Aranburu irakasleak bultzatu ninduen horretara. Esan zidan gure behar morala zela dibulgazioan parte hartzea, gure lana ezagutarazteko», gogora ekarri du.

Berdintasunaren inguruko kezka badu, eta asteon gaiari buruzko hitzaldi batean parte hartu du. "Ikastetxe batean nire lana azaldu dut, eta orain gauden emakumeei bidea ireki ziguten emakume aitzindariei buruz ere hitz egin dut". Besteak beste, Nieves Lopez Martinez paleontologoak utzitako uzta oparoa ekarri zuen gogora. "Gaur egun paleontologian dagoen irakaskuntzaren oinarriak finkatu zituen. Hura gabe, gu ez geundeke hemen". Garrantzitsua iruditzen zaio bidea ireki zutenei aitorpena egitea.

Pentsatzen du gaur egun geologiaren alorrean "mentalitate aldaketa bat" gertatzen ari dela. Eboluzioa ikusi du berak: agerikoa. "Unibertsitate ikasketak hasi nituenean, igartzen zen nagusiagoak ziren irakasleek pentsatzen zutela geologia mutilentzako lanbidea zela, eta mutilak lehenesten zituzten tesiak egiteko, edo ikerketa taldeetan aritzeko. Azken urteetan, jada generoa ez da horrenbeste aintzat hartzen, ezagutzak baizik. Belaunaldi berriok berdintasun bide horretan jarraitu behar dugu, noski".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.