Isabel Jaurena.

Parez pare

2025eko maiatzaren 22a
20:50
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez dira zazpi, herri bat gara». Esaldi hori zabaldu da ezker-eskuin Aroztegiko auzia epaitegietara iritsi zenetik. Ez alferrik. Aroztegikoa mugarri izanen da Euskal Herri osoko herri mugimenduarendako: desobedientzia zibil baketsuagatik hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isuna galdegin dizkiete guztira, eta, gainera, 43 milioi euroko kalte ordaina eskatzeko aukera zabalik utzi du akusazioak. Protestarako eskubidea kriminalizatzeko enegarren saiakera, herritarrak beldurtuko dituen kontakizuna eraikitzeko enegarren pasartea.

Euskal Herriko militantzia esparruetan sorgin ehiza esaten zaion horrek badu izenik testuinguru juridikoan ere: chilling effect. Herritarrei zigor bat ezartzeko mehatxua egitean datza, eta, horrela, beldurtu egiten dira beren eskubideak defendatzeko —hala nola adierazpen askatasuna—. Are, badira chilling effect delako hori sortzeko helburuz propio abiatzen diren auzibideak: parte hartze publikoaren kontrako auzibide estrategikoak. Altsasukoa ahantzi gabe, Aroztegikoa bada horietako bat, lehenbiziko saiotik estrategia nabarmena erakutsi baitute: akusazioak eta fiskaltzak behin eta berriz nabarmendu zuten auzipetuek «talde antolatu bat» osatzen dutela, eta «indarkeria» erabili zutela lanak geldiarazteko.

Asteartetik aitzinera Poliziak eta auzipetuek berek egindako deklarazioek, baina, desmuntatu egin dute estrategia hori: guztiek baieztatu dute Aroztegiko protestak modu baketsuan egin zirela; auzipetuek, gainera, ukatu egin dute talde antolatu baten parte izatea eta inoren agindurik betetzea.

Are, uko egin diote beldurraren kontakizunari men egiteari. Badakitelako kontakizun horrek parez pare eginen duela topo asteon Iruñeko Justizia Jauregiaren aitzineko aldea hartu duen kolore horiarekin. Maialen Akizuk berripaper honetan erran moduan, Lekarozko Aroztegiaren kolore bihurtu baita horia: «Erokeria baten aurrean, tronpetak, gorputzak eta lurraren soinua». Egunez egun soinu horiek izan dira nagusi epaitegiaren aitzinean: bilgune feministak, sindikatuek, lurraren defentsan diharduten hainbat taldek, Euskal Herriko gazte mugimenduek eta pentsiodunek babesa eman diete auzipetuei; eta Joseba Tapiaren eta Porrotxen kantuek zazpien absoluzioa eskatu dute. 

Horiek guztiek ziurtatuko baitute, goizero-goizero auzipetuak txalo artean agurtzen dituztenekin batera, beldurrak parez pare izanen duela horia. Aroztegikoak ez baitira zazpi: herri bat baitira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.