AHTaren aurkako hautetsiak «pozik» agertu dira Thierry Mariani Frantziako Garraio ministroarekin egin bilkuraz. Hala nola, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiaren hitzetan «bazuen hiru urte lortu duguna eskatzen genuela». Agorrilaren 31n iragan zen bilkuran, ministroaz gain tartean Patrick Stefanini Akitaniako prefeta, Francois Xavier Ceccaldi Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Jean-Marc Delion RFF konpainiako arduraduna zeuden. Baita ere Errobi herri elkargoa, Errobi-Aturri eta Hego Lapurdiko herri elkargoen hautetsiak errezibituak izan ziren. Guztira 100.000 pertsona ordezkatzen dituzte.
Ministroarekin egindako bilkura horretan sorpresa «txar» bat izan zutela adierazi du Mugerreko auzapez Roland Hirigoienek. Izan ere, bileran Michel Alliot Marie Doninabe Lohizuneko auzapez ohi eta Frantziako ministro ohia zegoen. Bilkuraren hasieran «berak hitz egin du lehenik», jakiterat eman du Hirigoienek. Hitzartzean «AHTaren alde txarrak azpimarratu zituen», gehitu du, «baina gure ber iritzia duenez, ez da traba handia izan».
Bi puntu nagusitan bereizten dute hautetsiak «irabazitakoa». Lapurdiko atala egin edo ez deliberatzeko asmoz «tren garraioaren behatokia plantan jarriko dute», adierazi du Hirigoienek. Horretan izango dira estatuaren zerbitzuak, RFFko ordezkariak eta Herri Elkargoetako hautetsiak. Ez da oraindik ezagutzen behatoki horren konposizio osoa. Heldu den urteetan garraioak izango duen bilakaera neurtzea eta diagnostikoa partekatzea du helburu desmartxa horrek. Stefaninik erran zuen «bidaiariek bakarrik baliatuko balute, erokeria litzateke AHT bide berria egitea».
Baina elementu jakin batzuk sartzen dira jokoan buxaduraren parametroan. Hala nola Euskal Y-a, Espainiako garraioaren emendatzea eta hango trenbideak Europako neurrietara ezartzeko xedea. Kontuan izan behar da Frantziak behin baino gehiagotan atzeratu duela buxaduraren data, 2020an ezarriz lehenik eta 2035an ondoren. Bide horretatik, Hirigoienek dioen bezala, «hautetsiei adierazia izan zaie, Euskal Herrian trenbide linea berri bat egingo dela existitzen diren lineak butxatuak izanen direnean». Existitzen den lineari buruz ere hitz egin dute bilkura horretan. Hala nola, «engaiatu dira linearen modernizatzea eta intsonorizatzea».
Iriarten hitzetan «punturik garrantzitsuena da «egiazko kontzertazio eta negoziazio batean sartzen ari garela». Segitu du erranez Akitaniako prefetak eta ministroak erran dutela hautetsien galderak eta kezkak kontuan hartuak izan behar direla. «Behatokiak bere lehen bilanak egingo dituenean, gu zein RFF ber zenbakiekin arituko gara», azaldu du. Gaineratu du bi tresna horiek egiazko eztabaida eramateko erraztasunak ekarriko dituztela.
Erabateko jarrera aldaketa eramandako borrokaren fruitu dela diote hautetsiek. «Gorputz prefektoralarengandik jarrera aldaketa handia izan dela» gehitu du Mugerreko auzapezak. Are gehiago, «bilkuran zehar gure aurkarien aurpegiak ikusita, zerbait pasatu zela argi zegoen», aitortu du Paul Baudry Errobiko herri elkargoko lehendakariak. Baina zehaztapenak eskatzen dituzte oraindik interes publikodun aitortzaren inguruan egin behar diren azterketei buruz. «Guk bi inkesta bereizirentzat militatzen dugu, bata Bordeletik Baionara eta bestea Baionatik Espainiara», azaldu du Hirigoienek. Bukatzeko jakitera eman dutenez, «lanean segituko dugu. Demokraziak eskaintzen dizkigun aukera guztiak erabiliko ditugu».
AHT proiektuaren bukaera?
AHT linea berriaren marrazteko hainbat zundaketa egin dira Ipar Euskal Herrian azken hilabeteotan. Haiek bi urtez bertan behera utziko zirela jakin zuten hautetsiek joan den astean. Baina Stefaninik berehala ohartarazi zien teknikoki posible zela linea berriaren ibilbidea zehaztea zundaketarik egin gabe.
Ingurumenaren alde diharduen CADE taldearen hitzetan «Parisek hartu erabakia galga ukaldi bat da; ez da geldialdia». Eta hori «ez duelako eragitenAHTaren xedearen desagerpenean». CADEren iritziz, trenen kopuruak puztuak dira, AHTaren beharra artifizialki erdiesteko. «Argi jokatzen badute, eta datuak eskuan, behatokia sortzea garrantzitsua izan daiteke, orain artean RFFk zenbaki faltsuak erabiliz ito nahi izan gaituelako». Adi segituko du, beraz, AHT linea horren aurka den taldeak.
Horrez gain, ingurumenaren alde diharduen CADE taldeak RFF Frantziako Estatuan trenbideez arduratzen den konpainiari eskatu dio «gaurko bideetan dauden tren aterpeak kentzeari uzteko».
Parisek AHTari buruz negoziazio bide bat ireki duelako pozik dira hautetsiak
Marianirekin izandako bilkuretan aurrerapenak izan direla aitortu dute, eta Parisek jarrera aldatu duela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu