Frantziako Gobernua Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egitera bultzatzeko helburuarekin, Parisen da goiz honetatik Ipar Euskal Herriko erakundeetako buruz, hautetsiz eta eragileetako ordezkariz osatutako ordezkaritza bat. Goizean, Alain Dru CNCDH Giza Eskubideen Frantziako Aholku Batzordeko presidenteordearekin batzartu dira, eta, eguerdian, Frantzia Intsumisoa talde parlamentarioko kideekin. Frantziako Asanbleako presidenteordearekin elkartu ondotik, prentsaurrekoa emanen dute asanblean bertan. Arratsalderako ere badituzte hitzorduak aurreikusita, hala nola arartekoarekin eta zenbait talde parlamentariorekin. 17:00etan, Justizia ministroaren kabineteburuarekin elkartuko dira.
Twitterren idatzitako mezu batean, Christiane Taubira Justizia ministro ohiak Euskal Herriak luzatzen dion eskua heltzera deitu du Frantziako Gobernua. "#EuskalHerria luzatua den esku horri heldu, oinazeak gutxietsi gabe, aukerak zabaltzen dituelako".
#Paysbasque, saisir cette large main tendue qui, sans rien négliger des souffrances, ouvre les possibles
— Christiane Taubira (@ChTaubira) 10 juillet 2017
ChT
Ostiralean iragarri zuten Parisera bidaia eginen zutela, Frantziako Gobernuari urratsak eskatzeko. "Seinale bat behar dugu, orain arte lortutakoa ontzat ematen dutela erakusteko", adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bidea-ko presidenteak. Helburu argia dute: euskal presoen gaian berehalako neurriak hartzea Parisek. Izen handiko ordezkaritza osatu dute horretarako: Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Michel Veunac presidenteordea, Vincent Bru, Florence Lasserre eta Jean Lassalle Ipar Euskal Herriko diputatuak, eta Jean Jacques Lasserre eta Frederique Espagnac senatariak. Horiekin batera, eragileen ordezkariak, juristak eta hautetsi gehiago ere izanen dira.
"Helburua da Euskal Herriko boz bateratu bat joatea Parisera, Aietetik abiatutako bide orriari segida emateko", adierazi du Funosasek. Apirilaren 8ko eguna "ezinbesteko" mugarria izan da hori lortzeko. "Armagabetzea osoa eta egiaztatua izan zen. Egiaztatzaile taldeak bere bidea bukatutzat emateak erakusten du hori", Mixel Berhokoirigoinen hitzetan. "Guk beti erran dugu: armagabetzeak bakea ahalbidetzen du, baina ez da bakea". Horregatik, "keinu argi bat" nahi dute.