Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio Aratz-Aizkorri natur parkearen barruan meategirik ipintzea debekatzen duen atalari. Jarduneko Bioaniztasun zuzendari Josu Erkiagak aitortu du zenbait alegazio aurkeztu zitzaizkiola Natur Baliabideak Antolatzeko Planari, batzuek debekua kendu eta beste zenbaitek gogortu nahi zutelako: «Baina eutsi egin diogu lehengo erredakzioari, meategiekin zerikusi duten jarduerak debekatuz».
Planak gaia jaso du, iazko urte amaieran puri-purian izandako Lezeko egitasmoa gogoan. Enpresari batzuek Lezen parkearen erdiko naturgunea kaltzita erauzteko proiektua bultzatu zuten, baina atzera egin behar izan zuten, besteak beste, Ilarduiako (Araba) herritarrek ezezko biribila eman ziotelako bozketan ekimenari.Lakuak onartu du Arabako Diputazioak gaiaz aurkeztutako zuzenketa. Aldundiak Leze babes bereziko gune bihurtzeko eskatu zuen. Eusko Jaurlaritzak ontzat hartu du. «Debekuari eusteaz gain, aurrerantzean ahaleginduko gara bide horretan jarraitzen», argitu du Erkiagak. Izan ere, eskualdeko bizilagunek nahiz erakundeetako ordezkariek uste dute etorkizunean, abagunea badago, beste proiekturen bat aurkeztuko dela.
Erakundeen adostasuna gestioari buruz
Alegazio batzuk jaso zituen beste gai eztabaidagarria izan da Partzonerien partaidetzari buruzkoa. Erkiaga gustura geratu da atal horren emaitzarekin ere, «erakundeen arteko adostasuna» lortu delako parkearen kudeaketari dagokionez.
Partzoneriak Euskal Herriko historian errotutako entitateak dira, lursailen jabegoarekin lotuak. Nortasun geografiko propioa izan eta hainbat hektarearen kudeatu ohi dituzte. Aratz-Aizkorri natur parkea partzuergo batek kudeatuko du, baina, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiek zeresana izango dutenez, Partzoneriak beldur ziren ez ote ziren erabakietan baztertuta geratuko.Erkiagaren arabera, azkenean lortu da erakundeak ados jartzea eta Partzoneriei «tratamendu berezia» ematea, esate baterako, beraien lursailei dagokien zerbait erabaki behar izanez gero.
INGURUMENA
Parkean meategiak ipintzeko debekuari eutsi egin diote
Partzoneriek «trataera berezia» izango dute kudeaketari dagokionez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu