“Gaur hasi gara Pasaiarekin urteetan izan dugun zorra kitatzen, Pasaia biziberritzeko itzulerarik gabeko konpromisoa hartu baitugu”, adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur arratsaldean Madrilen, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren arteko protokoloaren sinadura ekitaldian. Pasaiako egungo portua eta badia ingurua eraberritzeko xedea dute erakunde haiek, baita kanpo kaia egiteko asmoa ere.
Pasaiako Udalak ez du parte hartu ekitaldian. Gaur egungo Udala ez dago kanpoko kaiaren alde.
Aldundiaren arabera, herri hura da Gipuzkoako eremurik kaltetuena. “Ondorioz, gaurko eguna zorion handikoa da, legealdi honen hasieran gure buruari ezarri genizkion erronketatik garrantzitsuenetako bat irabaztea lortu baitugu”, esan du Olanok.
Ahaldun nagusiak aitortu du erakundeek beste batzuetan ere egin izan dituztela planak, bete ez direnak. "Pasaiako eta inguruko auzoak nekatuta daude konpromisoak entzun eta entzun. Orain urratsak behar dira, eta benetako emaitzak lortu".
Kanpo portuak garrantzia berezia du Espainiako Gobernua, Jaurlaritza, Aldundia eta Pasaiako Portuko Agintaritzarentzat, "baina biziberritze lanak ez dira haren zain egongo", Olanok hitz eman duenez. "Denok badakigu badia bere osotasunean biziberritzeko ezinbestekoa izango dela kanpoko portua egitea, baina ezin gara portua egin zain gelditu biziberritze lan garrantzitsuenei ekiteko. Protokolo honek planteamendu hori jasotzen du eta erakundeak ekintza zehatzak egitera konprometitzen ditu”.